Hernaniko Zintzotasuna zinema aretoko proiektatzailea zen Gregorio Muroren (Hernani, 1954) aita. «Ordu asko sartu nituen han berarekin haurra nintzela». Hortaz, ilunpean zaletu zen «irudien bidezko narratibara». Arkatza eta paper zuria hartu, eta hasi zen bere istorioak asmatzen. «Beharra neukan». Hasieran, komikietan, marrazkiak eta istorioak argitaratu zizkioten, biak berak sortutakoak. Baina, «erdipurdiko» marrazkilaria zenez, istorioetan jarri zuen arreta. «Gidoilariaren bidea hartu nuen». Haren istorioak Europa osora zabaldu, eta saritu ere egin zuten. 1990eko hamarkadaren hasieran ikus-entzunezkoen munduan murgildu zen, eta 1992an La leyenda del viento norte animazioko film luzerako gidoia idatzi zuen. Geroztik animazioan dabil, zuzendari edo gidoilari.Berak zuzendu du Zeinek gehiago iraun animazioko film laburra. 2011ko Kimuak katalogoan sartu zuten, eta Goya saria irabazteko hautagaia da. Indianoa haren komiki liburu ezaguna berrargitaratu du orain dela gutxi, gainera, Galtzagorri elkarteak. Egitasmo sortzaileak garatzeaz arduratzen da Muro, Bainet ekoiztetxean. Han elkarrizketatu du BERRIAk.
Goya sarietarako izendatuta zaude. Zerbait berezia sentitzen al duzu horregatik?
Ez dakit… Ea, ez dut ezer berezirik sentitzen. Tira, berezia izan daiteke, mundu guztiak zoriontzen zaituelako, norberaren egoa dezente handitzen delako eta elkarrizketatzen zaituztelako. Orain hiruzpalau aste, inor ez zen nirekin akordatzen, eta orain, aldiz, bai. Hori da aldeetako bat.
Hortaz, zure lanari hedapena eman ahal diezaiokeen zerbait balitz bezala hartzen duzu Goya sarietarako izendatuta egotea.
Sarien bidez nire lana ikusgai jartzen baldin badute, eta nire hurrengo lanerako bidea errazten baldin badidate, bada, primeran. Sariak, egiaz, horretarako direla uste dut.
Zeinek gehiago iraun-en, haur batzuk trenaren etorreraren zain daude, eta elkarri desafioa botatzen diote: ea nork irauten duen gehiago trenbidean. Anderrek, baina, behar baino gehiago irauten du… Esan izan da istorio ederra bezain mingarria dela...
Bai, erabat ados. Istorioa oso mingarria zen, eta hori indargabetzearren edo, apur bat edertu nahi izan nuen.
Nola edertu?
Bisualki oso polita da. Hasieran, egiten hasi nintzenean, batek esan zidan zuri-beltzean egiteko, kontatzen den istoriorako egokiagoa zelakoan. Baina askoz ere ilunagoa izango zatekeen. Modu samurrean osatu nahi izan dut, kontatzen den istorioa oso gogorra den arren. Bukaera, esaterako, suntsigarria da.
Zuk zeuk esan izan duzu «drama gogorra» dela, eta horretan, ia beti bezala, amek sufritzen dutela gehien.
Bai, ia beti hala izaten da. Pertsona hori gehien maite duenak sufritzen du gehien.
Baina zuk, zehazki, zer kontatu nahi izan duzu? Amei egindako omenaldi bat al da?
Bai, alde batetik, argi dago amei omenaldi bat egin nahi izan diedala. Baina gauza gehiago kontatzen dira. Adibidez, norbaitek istripu bat duenean hark baino gehiago sufritzen duela inguruneak. Batez ere, luzerako ondorioak uzten baldin baditu istripu horrek. Bestetik, gehiegizko babesari buruz ere hitz egin nahi izan dut. Amek, normalean, eta are gehiago gaur egun, gehiegizko babesa ematera jotzen dute. Eta inor ezin duzu gauza guztietatik babestu.
Ibilbide luze eta laudatuko zuzendaria eta gidoilaria zara. Halere, zure lanak ez du oihartzun handirik komunikabideetan. Animazio filmak behar bezala baloratuta ez daudelako da, beharbada?
Esango nuke film laburrak baloratuta ez daudelako dela. Tira, horrela funtzionatzen dugu. Hemen, agian, ez; baina munduan zehar joera hori erabat aldatzen ari da. Zeinek gehiago iraun, esaterako, Amiens-eko (Frantzia) jaialdiko finalisten artean zegoen, eta beste finalista Guillermo Arriagak egindako film labur bat zen. Eta denok dakigu Alejandro Gonzalez-Iñarriturekin eta besterekin film luzeak egindakoa dela. Esan nahi dut film laburra formatu bat dela. Industriatik kanpo dago, eta beharbada gutxietsia. Tira…
Zergatik gutxiesten da?
Ez dakit. Hasteko, industriatik kanpo dago. Haien zirkuitua jaialdiena da.
Agian, zailagoa da istorio bat, edo istorio on bat, formatu laburrean kontatzea?
Ez dut uste. Formatu luzean kontatzea bezain erraza edo zaila iruditzen zait. Zailena istorio on bat kontatzea da. Gero, film laburrei balioa kendu zaie, askok uste zutelako hasiberriek egiten zituztela. Uste zen aurrena film labur bat egiten zutela gero film luze bat egiteko.
Ustea dago zinemagintzan hasiberriak direnek egiten dituztela film laburrak. Ados. Eta animazioaz zer pentsatzen da? Haurrentzako filmak direla, igual?
Pertzeptzio hori aldatzen ari da azken urteotan; nabarmen, gainera. Pixarrek umeentzat egiten dituen film luze komertzialak, esaterako, helduentzat ere badaude pentsatuta. Nik gehiago gozatzen dut familia osoaren- tzat direla esaten den film luze horiekin, superheroietan-eta oinarrituta dauden horiekin baino.
Zu, baina, komikigintzan hasi zinen. Zer-nolako komiki kultura daukagu Euskal Herrian?
Orain ez daukat lotura handirik komikigintzarekin. Aldaketa batzuk egon dira, hori bai. Orain ez zaio komikia deitzen, eleberri grafikoa baizik. Formatua ere aldatu da. Lehen, koaderno txikietan ateratzen ziren; gaur egun, aldiz, liburu txikietan, eleberri normalak bezala.
Marrazkilaria, zuzendaria eta gidoilaria zara. Horrela aurkezten zaituzte. Eremuren batean bestean baino erosoago sentitzen al zara?
Tira, marrazkilariarena kanpoan utziko nuke. Ni narratzaile sentitzen naiz; narratzailea irudiekin. Ez naiz sentitzen idazle. Pentsatzen dut gidoilaria baino zerbait gehiago naizela. Gidoilariak testuak idazten eta elkarrizketak lantzen ditu bakarrik. Gidoilari-zuzendari sentitzen naiz, baina zintzoa izanda, gidoilaria naiz zuzendari baino gehiago. Ez naiz irudiak bakarrik ikusten dituen zuzendari bat. Batzuek, diskurtsoa baino gehiago, forma kontrolatzen dute. Niri biak menperatzea gustatzen zait.
Esaten da zure istorioak konplexuak direla, koralak eta intrigazkoak. Eta, aldi berean, konpromisoa duzula benetako arazoekin. Ados al zaude esaten den horrekin?
Nork esan du hori [barrez]? Ados? Ez bereziki. Ea. Nik istorio konplexuak atsegin ditut. Gustatzen zait filmak jokoak edukitzea, biratzeak… Entretenituta eduki nazala, alegia. Idazterakoan, berriz, menperatzen dudanari buruz hitz egitea gogoko dut. Nigandik hurbil dagoenari buruz aritzea. Hortaz, gizarteko gaiez hitz egiten dut, gizarte batean bizi naizelako.
Ez dakizu euskaraz, baina Zeinek gehiago iraun euskaraz eginda dago, eta azpidatziekin aurkeztu duzu. Zergatik?
Oso istorio hunkigarria da gauza askorengatik. Batetik, istorioagatik beragatik. Baina euskaraz egin nahi nuen, eta behar horretan nire semeek lagundu didate.Gainera, eta bereziki, eman didan guztia itzuli nahi nion euskarari. Ni euskarari esker hasi nintzen komikiak kaleratzen. Nik espainolez idazten nuen, eta haiek euskarara itzuli. Fikzioan, euskarari esker egin dut bidea. Omenaldi bat egin nahi izan diet lagundu nindutenei, baita euskarari berari ere.
Gregorio Muro. Zinemagilea eta gidoilaria
«Film laburrei balioa kendu zaie, hasiberriek eginak direlakoan»
'Zeinek gehiago iraun' Muroren animazioko film laburra Goya sarietarako izendatuta dago. Istorio «gogorra» da, eta bai sufrimenduaz eta bai gehiegizko babesaz hitz egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu