Zinema

Filmategiak 36ko gerrari buruzko zikloa antolatu du

Hamar saiotan 17 film emango ditu Donostia, Gasteiz eta Bilbon, 1937koak zaharrenak eta 2012koa berriena

Marc Lavoine eta Jean-Louis Trintignant, Fiesta filmean. EUSKADIKO FILMATEGIA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratuz, Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian zikloa eskainiko du Euskadiko Filmategiak Donostia, Bilbo eta Gasteizen, 2012 Fundazioarekin lankidetzan, 2012 Euskadi, Bake eta Askatasunen aldeko Kulturen Urtearen barruan. 36ko gerrarekin eta Euskal Herriarekin zerikusia duten 17 film batzen ditu zikloak, hamar saiotan; zikloko filmik zaharrenak, 1937koak, gerra garaian egindakoak dira; berriena, Pedro Olearen La conspiración, aurten estreinatutakoa.

Zikloko aurreneko saioak gerra garaian egindako propagandako film laburrak ikusteko aukera eskainiko du, gerrako bi bandoetakoak, denak 1937koak: Euzko Jaurlaritzaren Propaganda Zerbitzuen Entierro del benemérito sacerdote vasco Jose María de Korta y Uribarren, muerto en el Frente de Asturias eta Semana Santa en Bilbao, Nemesio Sobrevillaren Guernika, Miguel Pereyraren Frente de Vizcaya y 18 de julio eta Fernando Delgadoren Bilbao para España.

Bigarren saioan bi film ikusteko aukera izango da, Gernikaren ingurukoak eta Francoren aurkakoak biak: Alain Resnais eta Robert Hessens-en Guernica (1950) eta Fernando Arrabalen El árbol de Guernica (1975). Hirugarren saioko film bakarrak ere, Pedro Lazagaren El otro árbol de Guernica-k, Gernika du ardatz, baina oso bestelako ikuspegi batetik.

Ikuska saileko bi lanez gain, Laurence Boulting-en Gernika, el espíritu del árbol (1987) eskainiko du laugarren saioak; bosgarrenak, Jose Antonio Zorrillaren Lauaxeta. A los cuatro vientos (1987); seigarrenak, Julio Medemen Vacas (1992); zazpigarrenak, Pierre Boutronen Fiesta (1995); zortzigarrenak, Jaime Caminoren Los niños de Rusia (2001); bederatzigarrenak, Helena Tabernaren La buena nueva (2008); eta hamargarren eta azkenak Pedro Olearen La conspiración.

Donostiako emanaldiak Antzoki Zaharrean izango dira, gaurtik abenduaren 19ra bitarte; Gasteizkoak, Vital Kutxaren aretoan, bihartik abenduaren 27ra arte; Bilbokoak, Golem Alondegian, hilaren 15etik abenduaren 17ra bitarte. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira hiru hiriburuetan. Helena Taberna, Pedro Olea eta Fernando Arrabal beren filmen emanaldietako batzuetan izango dira, saioak aurkezten.

Nosferatu bildumako liburua

Zikloarekin bat eginez, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak Nosferatu bildumako 8. liburua eman dute argitara, Santiago de Pablok eta Joxean Fernandezek koordinatua, zikloaren izenburu berarekin: Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian (gaztelaniaz eta euskaraz, Jon Muñozek eta Bitez enpresak egindako itzulpenekin).

Bi koordinatzaileenez gain, liburuak Vicente Sanchez Biosca, Izaskun Indakoetxea, Esteve Riambau, Casilda de Miguel, Pilar Rodriguez, Zigor Etxebeste, Carlos Roldan Larreta, Igor Barrenetxea Marañon, Mikel Rueda, Helena Taberna, Josu Martinez eta Pedro Oleak idatzitako testuak biltzen ditu. Indakoetxea eta Martinezen testuak dira jatorriz euskaraz idatzitako bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.