Filmazpit, filmak euskarazko azpidatziekin ikusteko programa

Pelikulen katalogo bat eta azpidatzien datu base bat bildu ditu Eusko Jaurlaritzak webgune batean

Infestation euskarazko azpidatzien filmen katalogoan jarri dute. FILMAZPIT.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Filmak euskaraz ikusi ahal izateko egitasmoa martxan jarri du Eusko Jaurlaritzak, Filmazpit programaren bitartez. Jatorrizko bertsioan dauden pelikulak euskaraz proiektatzeko aukera eskaintzen die programatzaileei, azpidatzitako filmen bitartez. Horrez gain, hainbat filmetako euskarazko azpidatzien datu basea osatzen hasi da www.filmazpit.eu webgunean.

Dagoeneko katalogoan eskuragarri dauden sei film aurkeztu zituzten atzo: Janus Metzen Armadillo (Danimarka, 2010), Kim Longinottoren Pink Saris (Erresuma Batua-India, 2010), Kyle Rankinen Infestation (AEB, 2009), Anne Aghionen My Neighbor, My Killer (AEB, 2009), Jim Mickleren Stake Land (AEB, 2010), eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Asteko film laburren bilduma. Horiekin batera, badira beste zenbait ere, eta zerrenda zabalduz joango dira itzulpenak egin eta eskubideak lortu ahala. Jon Muñoz arduratuko da itzulpenak egiteaz.

Katalogoaren eskaintza baliatuta, filmak euskaraz proiektatu nahi dituen edozein kultura erakunde, udal, euskaltegi, zineklub edo irakaskuntza zentrok aukera du film horiek eskatu, eskuratu, eta eskaintzeko. Bada, ordea, ezinbestean bete beharreko baldintza bat: «Programatzaileek irabazi asmorik gabeko proiekzioak eskaini behar dituzte; hortaz, emanaldi horietako sarrera doakoa izango da, programaren asmoa batez ere kulturala delako». Hala azaldu du Josemi Beltran Donostia Kulturako Zinema unitateko arduradunak. Urtean hamar film inguru gehitzea aurreikusi dute, eta webgunearen edo telefonoaren bidez egin daitezke eskaerak, aukerako hiru moldetan: Betacam digitala, Blu-ray edo DVD formatuan. Prezioari dagokionez, eskuratutako filmaren kopia itzultzeko garraio gastuak ordaindu beharko ditu programatzaileak.

«Helburua euskaraz dauden filmen eskaintza handitzea da, eta haurrentzako filmen edo film komertzialen zerrendatik harago, beste ikus-entzuleei zabaltzea», Beltranen arabera. Horretarako, inguruko zinemaldiei begira jarri dira, eta haien laguntza jaso dute katalogoa osatzeko. Tartean dira Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Giza Eskubideen Zinemaldia etaFantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea; Animabasauri jaialdia (Basauri, Bizkaia), Zinebi (Bilbo) eta Mendi Film Festival (Gasteiz). «Kalitatezko zinemaren aldeko apustua da gurea, beti jatorrizko bertsioan». Katalogoa osatzen duten filmen kopiak Euskadiko Filmategiaren bilduman gordeko dira, banaketa epea amaitutakoan.

Filmen zerrendarekin batera, azpidatzien datu base bat ere martxan dago. Azken urteetako zinemaldietan azpidatzita emandako filmen azpidatziak bilduko dituzte zerrenda horretan, eta edonork har ditzake, doan. Beltranek ohartarazi duenez, «horiek ez dira lehenengo katalogoaren zati bat; beraz, norbaitek hartutako azpidatzi horiei dagokien filmaren bat proiektatu nahi badu, eskubideak banatzaileari eskatu beharko dizkio».

Egitasmoaren jarraipena

123.357 euroko aurrekontua izango du aurten egitasmoak; horietatik 95.800 Jaurlaritzak jarriko ditu. Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Tabakalera eta Donostia Kultura ere egitasmoaren parte dira.

Hurrengo urteko aurrekontuak onartuta ez badaude ere, egitasmoak jarraipena izango duela jakinarazi du Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Jaurlaritza 2009an hasi zen ikus-entzunezko materialetan euskara sustatzeko egitasmoarekin, eta bide horretatik jarraituko duela nabarmendu du Auzmendik: «Euskararen erabilera indartzea da gure egiteko nagusietako bat, eta horrekin batera, euskararen irudiari prestigioa ematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.