Filosofiari zor zaionaren defentsa irmoa

Ikasketa plan berrien mehatxuak ikusirik, filosofiaren garrantzia aldarrikatu dute hainbatek 'Filosofiaren defentsak' liburuan

Filosofiaren defentsak liburua osatzen duten testuen egileetako bost, atzo, liburuaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Julen Aperribai.
Donostia
2017ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nork bere diziplinatik, eta euren arteko adostasunak nahiz desadostasunak agerian uzteko beldurrik gabe, filosofiaren aldeko aldarriak elkartu ditu hamar lagun, Filosofiaren defentsak (Erein) liburuan. Iazko irailean aldarri berak elkartu zituen egileak, eta, tertulia filosofiko moduan, hainbat hizketaldi egin zituzten Bilbon, Gasteizen eta Donostian, Agora filosofia elkarteak antolatuta. Filosofiaren Historia derrigorrezko ikasgaia zen batxilergo guztietan lehen, eta hautazko ikasgai bilakatu da batxilergo modalitate bakarrean orain. Ez diote irakasgaiari etorkizun oparorik iragartzen, LOMCE hezkuntza plana, eta plan horri Eusko Jaurlaritzak EAEn egin dion berregokitzapena (Heziberri 2020) direla medio. Arrazoi horrek elkartu zituen irailean, eta elkartu ditu orain ere, orduan defendatu zuten berbera paperera eramateko.

Filosofia «ikasgelatik kalera» atera nahi izan dutela azaldu zuen Iñigo Martinezek, atzo, Donostiako Kaxilda liburu dendan eginiko aurkezpenean. Alboan zituen liburuari ekarpena egin dietenetako lau: Teresa Maldonado irakaslea, Pedro Miguel Etxenike fisikaria, Pako Aristi idazlea, Xabier Galardi filosofoa eta Agustin Arrieta Urtizberea unibertsitate irakaslea. Guztiek nabarmendu dute filosofiak errealitatea interpretatzeko eta horren gainean galderak egiteko duen gaitasuna. «Ikuspuntu kritikoa garatzeko» beharrezkoa da, Maldonadoren esanetan. Gizakia «bere baitatik atera, eta kontu publikoetan aritzea» garrantzitsua da beretzat. Filosofiaren eta politikaren arteko lotura egin du, eta biak garai berean, antzinako Grezian, jaio zirela adierazi.

Gai hori izan du heldulekuetako bat Pako Aristik, bere testua garatzeko orduan. Azpimarratu du egungo praktika politikoen atzean filosofia dagoela. «Filosofia baino gauza politikoagorik ez dago». Horregatik, filosofia desberdinen arteko bereizketa egiteaz mintzatu da, «ezagutu baititugu inperialismoa, kolonialismoa, genozidioa eta abar babestu dituzten filosofiak ere».

Filosofia bestelako diziplina batzuen artean kokatu izan da eredu klasikoan, Arrieta Urtizbereakdioenez. Diziplina orokor gisa hartua izateak, hala ere, aurkako argudioak ere sorrarazi omen ditu; bat, nagusiki: «Jendeak uste du hain orokorra den diziplina batek ez duela balio sozialik, ez duela eraginik gizartean». Kontraargudio gisa, Arrietak zehaztu du filosofiak balio sozialen gaineko gogoeta bultzatzen duela, eta, are, eragin sozial «ikaragarria» duten gertakariak pentsamendu filosofikotik eratorriak direla; Frantziako Iraultza, kasurako.

Feminismoan, gabezia

Ikuspuntu feminista filosofian txertatzeaz ere jardun dira hizlariak. Gabezia nagusia horixe du Rousseauren filosofiak, hain zuzen ere, Arrietaren esanetan; «ez duela kontuan hartzen emakumezkoa. Baina garai hartako emakumezko filosofo batzuek gogor kritikatu zuten gabezia hori
». Galardik ere hala uste du. Bere garaian, Ilustrazioak askatasuna lehenetsi zuen, berdintasunaren aldean, baina, orain, feminismoak beste kode batzuk filosofian txertatzeko aukera ematen duelakoan dago.

Horren harira, filosofia modu zabalean ulertzeko beharraz aritu da Maldonado. «Filosofia bukatu gabeko lana da», hark dioenez, eta «filosofia ikasgaiak eman behar dizkigu tresnak filosofia itxi horiek ere zalantzan jartzeko». Hor kokatu du feminismoa: «Nola da posible berdintasunaren defentsan aritu direnek albo batera utzi izana emakumezkoa? Horrelako gauzak ezagutu behar dira, mahai gainean jarri behar dira; eta hori guztia filosofia ikasi gabe ezin izango dugu egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.