"Ez dakit zer pasa den. Sekulako jarioa etorri da eskean, eta amaitu egin dira", esan du Muruak Euskadi Irratian. Abenduaren 15ean jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, eta oraindik lau finalaurreko jokatzea falta bada ere, ez dago jada sarrerarik salgai. Amets Arzallus eta Igor Elortza dira lehen bi finalaurrekoetarako garaileak, eta hurrengoetan aritzeko txartela eskuratu dute.
Tabernetan jartzen diren sarrerengatik galdetuta, Muruak azaldu du zer zetorren ikusita aurreko astean zenbatu zituztela, eta hor salgai jarritako sarrerak ere agortu direla jakinarazi du. "Nire adinekoentzat, Interneten ibiltzen ez garenontzat, pena izango da, baina albistea pozgarria da. Etorkizuna badugula esan nahi du horrek, jendea erakartzen dugula, gazteek jarraitzen gaituztela, eta horrekin oinarri sendoa dugu aurrera begira".
Saioak zuzenean BERRIA.INFOn, 'Bertsoa.com'-en bidez
Tabernetan ez ezik, txapelketako saioetarako sarrerak Bertsosarrerak.eu webgunean daude salgai. Hurrengo finalaurrekoa larunbatean jokatuko da, Oiartzunen (Gipuzkoa), eta astelehenean soilik zutikako sarrerak geratzen ziren salgai. Antolatzaileek jakinarazi zuten segurtasun arrazoiengatik ezin zituztela aulki gehiago jarri. Gaur webgunean ageri denez, ordea, salmenta eten egin dute "aforoa berrikusi arte".
Laugarren finalaurrekoa igandean jokatuko da, Murgian (Araba), eta saio horretarako sarrerak ere agortu direla diote. BERRIA.INFOn, baina, aurreko kanporaketa eta finalaurrekoak bezala, hurrengoak ere zuzenean ikusteko aukera egongo da, Bertsoa.com-en zuzeneko emankizunari esker. Horrekin batera, Beñat Zamalloa BERRIAko adituaren kontakizuna ere jarraitu ahal izango da.