FIPA jaialdiak Israelgo lanei tarte berezia ematea salatu dute ehun zinemagilek

FIPA ikus-entzunezkoen jaialdia astearte honetan hasi da, Miarritzen, eta ehun bat sortzailek gutuna igorri diote festibaleko zuzendaritzari, Israelgo Gobernuarekin kolaboratzen ari dela ohartarazteko.

Festibalaren hasierako ekitaldia. FIPA
Ipar Euskal Herriko Hitza
2018ko urtarrilaren 23a
22:26
Entzun

Salaketa zabaltzeko asmoa dute, baina lehen ehun izenpetzaileetan zinema eta telebista munduko izen famatuak ageri dira, Ken Loach eta Aki Kaurismaki zinemagileak, besteak beste.

Haiekin batera, Mike Leigh, Rebecca O’Brien, Mai Masri, Elia Suleiman, Najwa Najjar, Avi Mograbi, Yousri Nasrallah, Anne-Marie Jacir eta nazioarteko beste izen ezagun anitz ikus daitezke publiko egin duten gutun irekian.

Astearte honetan hasi eta 28ra arte luzatuko den FIPA festibalak Israel hartu du ardatz aurtengoan, aitzineko urteetan Australia, Espainia eta Kanadarekin egin zuen bezala.

Sortzaileek, gutun irekian, "okupazioa, kolonizazioa eta palestinar herriaren garbiketa etnikoa indartzen ari den israeldar gobernuarekin" bat egin izana kritikatzen diote festibaleko zuzendaritzari. "Palestinar herria bere lurretatik kanporatu zutenetik 70 urte beteko dira", oroitarazten dute.

Doinu gogorra eman diote gutunari, FIPAren erabakia "kolaborazio" gisa ikusten baitute izenpetzaileek, oraingoa, haien ustez, "Israelgo historian izan den gobernu arrazistena eta eskuin-muturrekoena" delako. Gehitzen dute "Israelgo sorkuntzaren promozioa", hain zuzen festibalak agerian utzi nahi duena aurtengo edizioan, "gobernuaren politikaren propagandarako tresna zentrala" dela.

Festibaleko antolatzaileei eskatu diete "Israelgo Gobernuarekin duten harremana berriz aztertzeko", eta bertako "Atzerri Gaietarako Ministeritzarekin eta Frantziako israeldar enbaxadarekin duten hitzarmena hausteko". Israelen arreta jartzea, "halako gobernu batekin kolaboratuz", gutunaren egileen arabera, "ezin da posizio neutro" bat izan, baizik eta "sostengu bat, baita laguntza bat ere".

Azpimarratzen dute, gainera, israeldar film egileak lagundu daitezkeela "nazioarteko hitzarmenetatik eta zuzenbidetik kanpo kokatzen den estatu batekin traturik egin gabe ere". Eskaera, azkenik militar israeldarren erasoetan bizia galdu duten film egile palestinarren "begirunez" egiten dutela diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.