Ezleku batean dute entsegu lekua, Irungo industrialde galdu aparteko batean. Leku iluna da. Areago gauez joanez gero. Azken asteetan gauetan jo dute bertara Lisaboko taldekideek. Orduan izaten dute lanaren atzaparretatik atera eta elkartzeko abagunea. Hain da iluna lekua ezen behin afaritako gosea asetu ezinda geratu baitziren pizza bat eskatu eta hura eraman behar zien mezulariak «beldurtuta» buelta erdia hartu zuenean.
Algara artean kontatzen dute anekdota. Pizza eta pizza artean, lanak eta nekeak utzitako tarteak baliatuz, ezarian-ezarian, disko berria grabatzen ari baitira. Azken fasean daude. Ahotsak sartzea baino ez zaie falta. Jabi Manterolak (gitarra eta ahotsa) grabatu ditu grabatu beharreko gehienak, eta Karlos Osinaga Txap-i (gitarra, ahotsa eta grabaketaren soinu teknikaria) geratzen zaizkio gutxi batzuk sartzea. Grabazioaren unerik intimoetakoena da Osinagaren iritzian: «Lehen askoz ere okerrago pasatzen nuen, orain lasaiago hartzen dut, baina, hala ere, une berezia izaten da». Berezia, erraiak ahalegin horretan uzten dituelako. Eta une horretarako nahiago izaten du ia bakardadea, apenas jenderik egotea. Barreneko erraiak ateratzen laguntzen diote Osinagari Martxel Mariskalek sorturiko letrek. Aurreko lan gehienetan bezala bereak izango dira Animalia lotsatuen putzua diskoko sei kantuetako hitzak. Mariskalek ez du kontzeptu baten inguruan idazteko eskakizunik izan, baina kantu guztiek badute ildo jakin bat. Izenburuan ageri den esaldia ez da kantu baten izenburua, baina behin baino gehiagotan azaltzen da diskoan.
Hurrengo egunetan amaitu nahi luke grabaketa Osinagak. Edo hori espero du behintzat, Durango azokarako diskoa prest izatea baitute helburu.Bidehutsek kaleratuko du Lisaboren iraupen luzeko laugarren lana. Eta garai horretarako ez dute soilik diskoa prest izan behar; zuzenekoa ere prestaturik izan behar dute abenduaren 7rako. Egun horretan hitzordua baitute Plateruena aretoan. Duela urte eta erdi pasatxo lotu zuten kontzertu hori, hain zuzen ere: «Pentsatu genuen 2011ko abendurako kontzertua lortuz gero bultzada emango zigula kantu berriak sortzeko orduan», dio Osinagak.
Aurreko asteko ostegunean egin zuten lehen kontzertua, nahiz eta grabaketa bera eta zenbait kantu erabat bukaturik gabe egon. Ezustekoa hartu zuten taldekideek. Eta onerako. «Ez genuen deus prestaturik, eta normalean horrelako aurrekariekin oso gauza kaxkarrak atera izan zaizkigu... Baina, oraingoan pare bat kantu berri jo genituen eta oso sentsazio ona izan genuen, eta beste kantu batzuk jotzeko gogoa ere piztu zitzaigun».
Zuzenekoetako animalia eta arnas luze eta mantsokoa da Lisabo. Oraingo honetan ere kostatu egin zaio nagiak kentzea, ez ditu kantuak izkiriaturik topatu supituki. Kosta egin zaio makineria funtzionamenduan jartzea. Kosta egin zaio diskotik diskora ohikoa duen metamorfosia gauzatzea.
Berandu baina lasai
2008ko abenduan eman zuten Ezlekuak aurreko diskoari lotutako azken kontzertua. Ondoren, ia inork uste ez zuela, Ionyu baxu jotzaileak taldea uztea erabaki zuen.Lehen ere aldaketa ugari egindako taldea izanik, lasaitasunez hartu zuten erabakia gainontzeko taldekideek. Eta ohiko dutenez, denborarekin, lortu zuten bosgarren taldekidea aurkitzea (Ivan Zabalegi eta Eneko Aranzasti bateria jotzaileak dira beste biak). Duela urte eta erdi inguru, 2010eko maiatzean egin zuten lehen entsegua Xabi Zabala kide berria baxuan zela. «Abesti zaharrak jo genituen,eta oso ondo joan zen dena. Sekzio erritmiko modura oso ondo hartu dugu elkar», zehaztu du Aranzastik.
Orain Xabi Zabala da taldeko kide gazteena. Sacco taldean jo izan du orain artean. Hark ere ez du arazorik izan gainontzekoen musika eta lan moldeetara egokitzeko: «Aspalditxotik ezagutzen nituen. Lagunak gara, eta beraien musika beti jarraitu izan dut; beraz, prozesua oso naturala izan da, eta oso eroso sentitzen naiz».
Lehen harreman eta entsegu hura primeran joan zitzaien, baina kantuak sortzeko elkartu ziren aurreneko aldietan nekezagoa izan zen dena. «Ez zitzaigun ezer ateratzen, eta ateratzen zenak ez zuela balio jabetzen ginen. Baina egun batean klik egin, eta konturatu ginen kantuak sortzeko moduan ginela». Eta jarraian dator galdera. Noiz nabaritzen da kantuak balio duela eta aurrera egin litekeela? «Erreakzio fisiko moduko bat da. Barrenean sentitzen duzu kantua entzun orduko. 'Bai, honek balio du, hau bai da nahi duguna'», zehaztu du Aranzastik.
Erreakzio fisiko horrek bultzaturik aurrera segi, eta kantuak osatu dituzte, nahiz eta epe guztiak agortzen ari diren. «Berandu gabiltza betiko moduan, baina inoiz baino lasaiago ari gara lan egiten. Lehen ez iristeak ito egiten gintuen, orain ez gara hainbeste estutzen. Egiten ari garenarekin disfrutatzen ari gara». Diskoa sortzeko akuilu izan zuten lehen bulkada fisiko hori oholtza gainera eraman nahi dute orain, behin grabaketa amaitu ostean. Orain arte grabaturikoa euren kabuz entzuten dutenean, hazkura fisiko hori sentitzen dute. Esperientzia fisikoa da azken finean Lisaboren musika entzutea, eta geroz eta gutxiago falta da esperientzia hori berriro bizitzeko.
Fisikoak agintzen duenean
Lan berriaren grabaketa amaitzen ari da Lisabo; Durangoko azokarako prest izango du 'Animalia lotsatuen putzua'Erritmo tribal ziklikoak eta intentsitatea izango dituzte ikurtzat sei abesti berriek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu