Shellyk 30 urte daramatza Las Vegasko Le Razzle Dazzle izeneko showan dantzari lanean. Urte luze horietan, ikuskizuneko pertsonaia guztiak jokatu ditu, eta oraindik ere zaharkituta gelditu diren promozio posterren erdian azaltzen da. Hogei urteko dantzariekin egiten du lan gaur egun, eta, haientzat lan bat besterik ez bada ere, Shellyrentzat bere identitatearen parte bilakatu dira lumaz eta purpurinaz beteriko dantzak, eta lankideak familia dira harentzat.
Shellyk alaba bat du, Hannah. Gazteak aspaldi utzi zuen haurtzaroa atzean, baina ama ez zen garai haren parte izan. Shellyk ezin izan zuen dantzari lana eta amatasunaren arteko oreka topatu, eta lehena aukeratu zuen. Orain beren arteko harremana berreskuratu nahi du dantzariak, baina presente egon ez den amaren rola ez da erraza. Eddiek, Le Razzle Dazzle-ren ekoizleak, hainbat hamarkadaren ondoren ikuskizuna amaitutzat jo behar dutela adierazten dienean, hankaz gora jarriko da Shellyren mundua.
The Last Showgirl Gia Coppola zinemagilearen hirugarren film luzea da. Francis Ford Coppolaren bilobak Kate Gerstenen antzerki obra irakurri eta film bilakatu nahi izan zuen, eta hari eskatu zion gidoilari lanak egin zitzan. Protagonistaren azalean Pamela Anderson aktorea jarri da. Anderson 1990eko hamarkadan egin zen ospetsu Baywatch telesailean CJ soroslea antzeztean, eta Playboy aldizkariaren azal ugariren protagonista izan zen. Sinbolo sexual gisa definituta, Andersonek ez du karrera entzutetsurik izan ez telebistan, ez zineman. Kritikak goraipatu egin du Shellyren azalean jarri izana 1990eko hamarkadan ikur izan dena, oso eskuzabal aritu baita antzezteko garaian. Andersonek ausardiaz erakusten du bere zaurgarritasuna, baita dituen zauriak ere, eta, ezin saihestuzkoa denez Shellyren eta aktorearen bizitza eta karrera alderatzea, horrek egiazkotasun handia ematen dio Andersonen antzezpenari.
Coppolak adin batera iristean ikusezin (eta baliogabeak) bilakatzen diren emakumeen istorioa kontatu du bere azken filmean. Telebista, zinema eta orokorrean ikuskizun mundutik baztertzen diren emakumeak dira, eta behin amestutako bizitza horiek atzean utzi behar izaten dituzte. Coppolak eta Andersonek duin pantailaratu dute porrota, eta, filmari sakontasun falta kritikatu izan bazaio ere, bere burua eta bizitza erabakiak defendatzeaz nazkatu den emakumearen erretratu indartsua egin dute.
'THE LAST SHOWGIRL'
Beste estreinaldi batzuk:

'lo que quisimos ser'
Zinema batetik irtetean, gizon bat eta emakume bat hizketan hasiko dira inguruko kafetegi batean. Han fantasiazko mundu bat eraikiko dute, eta idazle bat eta astronauta bat bilakatuko dira: beti izan nahi izan duten hori. Ostegunero ordu eta leku berean geratzea erabakiko dute, eta pixkanaka maiteminduz joango dira, baina bizitza errealari aurre egin beharko diote, eta beren harremana babesteko borrokatu beharko dute.
'LA FURGO'
Oso, 45 urteko gizon dibortziatu bat, furgoneta batean bizi da 6 urteko alabarekin, Bartzelonan. Bizitza berreraiki nahian ari da, eta, pertsonaia talde bitxi baten laguntzarekin, egonkortasuna berreskuratzen saiatuko da. Bikotekide ohiaren ezkontzak kolokan jarriko du dena.
'Bagger drama'
Familia batek zailtasunak ditu sentimenduei, amodioari edota intimitateri buruz hitz egiteko. Familia negozioak beren arreta guztia eskatzen du. Alaba istripuz hiltzen denean, familia erabat hondoratuko da: semeak nahiago izango du Ameriketako Estatu Batuetara joan enpresaren ardura hartu baino, aita abesbatzako zuzendari berriaz maiteminduko da, eta ama, bat-batean, bakarrik geratuko da.