FOKUEN AZPIAN. Dantza zirkuitua

Agus Perez.
2006ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Sareak antolatuta, bigarrenez abiatu da Dantza Garaikidearen Zirkuitua EAEn. Horri esker, azken hilabeteotan sortu diren dantza lan esanguratsu batzuk ari dira erakusten Barakaldo, Donostia, Elorrio, Gasteiz, Irun eta Leioako zenbait antzokitan. Aurtengo edizioan arlo profesionaleko sei pieza aukeratu dituzte, haietariko lau bertokoak eta beste biak kanpokoak izanik.

Euskal Herritik kanpo sortutakoak Teresa Nieto madrildarraren Consuelo eta Bartzelonan finkatutako Pepe Hevia kubatarraren Delicado abismo dira. Lehena Miarritzeko Maitaldian ezagutu genuen, eta, kalitate onekoa izan arren, ez zuen neure gogoa bete, dantza antzeztuaren aldeko apustu garbia zelako. Pepe Heviarena, ordea, gogo handiz ikusi nuen Leioan, oraindik gogoratzen nuelako duela urte batzuk ikusitako Delirium pieza zoragarria. Emaitza ordukoa bezain aratza izan zen, baina zirrara ez zen orduko bera, oraingo koreografia oso zatikatuta agertzen delako Montserrat Gudiolen margolanen artean.

Bertoko proposamenei begira, Asier Zabaletaren Babia-k dantza eta pasarte antzeztuak elkartzen ditu, baina dantza eta antzezpena guztiz bereizita doaz, elkar kutsatu gabe eta kontraste eder, burutsu eta dibertigarriak sortuz. Asteburuon eta maiatzean erakutsiko direnak hiru dira: Blanca Arrietaren Memoria, Matxalen Bilbaoren Capricho eta Steak Tartar konpainiaren No sabes cuánto esperamos de ti.

Capricho Donostiako Antzerki Ferian aurkeztu zen eta bertan Bermeoko koreografoak aspaldian jorratutako bideetatik segitzen du. Memoria aurtengo piezen arteko lanik aratzena da, Pepe Heviarenarekin batera, bere kutsu abstraktuegia gorabehera, eta aukera ona da bost dantzari interesgarriren jarduera preziatzeko. Azkenik, Steak Tartarrekin Jorge Lastra, Maria Ibarbe eta Izaskun Santamariaren estilo freskoa eta dantzarako gaitasun itzelaz gozatzeko parada izango dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.