Nahiko lanpetuta dabil Paddy Keenan (Trim, Irlanda, 1950), eta«laster batean» erantzun ditu galderak, posta elektroniko bidez. Barkamena eskatu du horregatik. New Hamphsire estatuan, AEBen ipar-ekialdean bizi da 90eko hamarkadatik, baina denbora dezente igarotzen du Europan kontzertuak ematen. Iruñeko Baluarten joko du gaur, Pat Kilbride gitarra jotzaile eta abeslariarekin batera, eta igandean, berriz, Bilboko BBK aretoan (20:00). 50 urte daramatza gaita irlandarraren soinua munduan zehar barreiatzen. Bai bakarka, bai binaka eta taldean ere aritu da, eta The Bothy Bandekin, esaterako, arrakastaren gozoa ezagutu zuen 70eko hamarraldian.
Kritikariek esaten dute munduko gaita jotzaile onena zarela. Gaiten Jimi Hendrix esaten dizute batzuek. Horrelakoak aditzean presioa sentitzen al duzu?
Ez dut presiorik sentitzen. Dena den, dudak dauzkat onena hitzaren esanahiari buruz. Iruditzen zait bai nire estiloa baita neure burua aurkezteko modua ere diferenteak direla. Horrek zerikusi zuzena dauka nire background-arekin. Pentsatzen dut nire gaur egungo bizimodua eta nire hazkunde urteak adierazten ditudala jotzen dudanean, eta horregatik eusten dietela abestiek freskotasunari.
Zuzenekoak ematen dituzu, baina ez duzu diskorik grabatu 2001az geroztik —The Long Grazing Acre, Tommy O'Sullivanekin batera—. Zergatik?
Lagun batzuekin hiruko bat martxan jartzeko ahaleginean nabil. Eamon Debarra izango litzateke kideetako bat. Oraintxe bertan eman diote Irlandako txirula jotzaile onenaren saria. Bestea gitarra jotzaile eta abeslari bikain bat izango litzateke. Udaberrirako grabatu nahi dugu disko bat. Gainera, garai bertsuan beste disko bat egiteko asmoa daukat.
Nolakoak izango dira Euskal Herrian eskainiko dituzun zuzenekoak?
Batez ere abesti tradizionalak joko ditugu, nik neuk egindako bakan batzuekin tartekatuz. Eta noski, Patek [Kilbridek] ere bere kantu propio batzuk joko ditu, baita Battlefield Banden sorrerako batzuk ere.
Zeltiar musika sasoiko al dago?
Denbora asko pasatzen dut AEBetan musika zeltiarra jotzen, —batez ere Irlandako abesti tradizionalak eta folka—, eta bizi-bizirik eta osasuntsu dagoela esango nuke. Hori nabaritu ahal izan dut... Musika bakoitzak bere garaia dauka, eta folk tradizionalak bere gorabeherak eduki ditzake, baina ez da inoiz hilko.
The Bothy Bandekin egindako urteak oso arrakastatsuak izan ziren. Halere, taldekideak hasi zineten eramaten rock-and-roll izarren bizitza, eta hura ez zen erraza izan zuretzat.
Harrituta nago taldeak izan zuen eta daukan oihartzunarekin; bai nire belaunaldikoengan, baita gaur egungo musikari gazteengan ere.
Musikari bizitza alboratu, eta denda bat ere ireki zenuen 80ko hamarkadan, bizimoduz aldatzea deliberatu zenuelako. Halere, zuk zeuk esana da dena galdu zenuela orduan...
Dendarena ideia ona izan zela uste dut. Bueltatu nintzen musikari bizitzara, baina orduan oso zurrunbilotsua zen nire bizitza. Jendea leundu egiten da urteekin... Eskerrak!
«90eko hamarkadan bihurtu nintzen egun naizen pertsona». Zeuk esana da. Zer-nolako pertsona zara? Zer aldatu da zugan?
Nire alderdi eroena alboratu nuen, eta lasaitzen hasi nintzen.
Orain 50 urte hasi zinen zuzenekoak ematen aitarekin batera. Nola gogoratzen dituzu bai garai horiek bai eta zure aita ere?
Talentu handiko pertsona zen nire aita. Instrumentu asko jotzen zituen, eta zuzenean edo zeharka, orduan sortutako musikari dezente zuzendu zituen.
Irlandar nomaden (Irish Travellers edo Pavees) ondorengoa izateak nola eragiten du musika sentitzeko orduan?
Eragiten du, bai. Pavees-ek edukiko dute ijito edo pavee-n bizitzari buruz min, tristura eta samina ugari adierazteko.
Ijitoen musika gogoko al duzu? Musika zingaroa, adibidez?
Maite dut! Hori jotzen zuen familia bat ezagutu nuen Suitzan 70eko hamarkadan. Musikari bikainak ziren. Orain ez dut haien izena gogoratzen...
Paddy Keenan. Gaita jotzailea
«Folk tradizionalak gorabeherak eduki ditzake, baina ez da inoiz hilko»
Munduko onena dela esaten dute, eta gaitaren Jimi Hendrix deitzen diote. Iruñeko Baluarten joko du gaur, eta Bilboko BBK aretoan igandean, Pat Kilbride gitarra jotzaile eta abeslariarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu