Donostia sariaren aurtengo irabazlea da Errautsak antzezlana. Ausardia aitortu behar zaio epaimahaiari, saria irabazteko aukera zutenen artean proposamen abangoardistena, zailena eta, agian, deserosoena aukeratu duelako. Ausardia oroz gain akuilu hartuta, bi antzerki molde batu dituzte Manex eta Ximun Fuchs anaiek eta Ander Lipusek antzezlan horretan. Bi moldeek antzekotasunik badute horixe da, ausardiaz jarduten dutela, eta baita antzezpena berarekiko halako egiatasun kasik fisiko bat isurtzen dutela ere. Barrenetik pasako balitzaie bezala, hitzetik adina, gorpuztu beharreko pertsonaia. Pertsonaiari eta jokalariari pertsona berak bizia ematen dien heinean bereizi ezinezko balira legez. Zintzotasun batetik, esango balute legez, pertsonaia hori ez da pertsonaia bat, pertsonaia hori ni naiz. Norberetik sortua eta osatua, elikatua, kutsatua eta pozoitua.
Berrogei urteren bueltan dauden sei lagun dira protagonista, adiskide baten hiletanaspaldiko partez elkartzen direnak. Eta hor agertzen dute euren gurasoek eurentzat nahi izan zuten mundu libre baten ameskerien errautsak baino ez direla, nor bere miseriekin, nor bere frakasoen zakuari ezin eutsi eta ezin iskin egin. Zeinen zoriontsu izan behar ginen eta zeinen ez-gauza garen. Gutxi egindako gizon-emakumeak, mundua aldatuko zutela uste zutenen kumeak. Beldurraren semeak. Inoiz izan omen zen suaren errautsak.
Ez eszenaratzeak ez mezuak ez interpretazioak ez elkarrizketek ez euskalkien ugaritasunak ematen dute arnasbiderik. Ez dago ihesbiderik, ez dago kontzesiorik. Gordina baino gordinago. Guztia ganberrokeria basati baten forman emana da Kortatu, Itoiz, La Polla eta besteren musikarekin zartatua, drogez lausotua, eta okaka kritika sozial latza dariona. Diruaren erregetza, bakardadea sari, sentimenduen ezin adierazia, bizialdiaren alferrik galtzea. Erraustegi bat martxan. Eta harrigarri badirudi ere, giro ganberro, irreberenteak eta neurriz paseak egiten du irensgarriago mezua. Zakartasunak gozatu egiten du. Lagunak esango lukeen bezala, hori oso euskaldunona baita.
Belaunaldi baten erretratua bederen bada. Eta hori baino zabalago ere jotzen du seguruenik. Gure gaur egungo mundutxo globalizatuaren argazkia.
Denak ez dira galtzaile halere mundu globalizatu honetan. Mila milioi dolarretik gora dituztenak 1.210 dira mundu osoan, inoiz baino gehiago. Hala dio Forbes aldizkariaren aberatsenen zerrendak, jakinda benetako dirudunenak ez direla zerrenda horretan agertuko. «Gure zerrendan aberatsen kopuru horren handitzeak erakusten du zer ari den gertatzen munduko ekonomian: enpresari sentimendua handitzen ari da, planeta osoan aberastasuna handitzen ari da». Gainontzekoen errautsen bizkar pilatutako aberastasunak. Beste erraustegi bat martxan.
Katuajeak
Forbesen errautsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu