Karameluak ahoan pixkanaka desagertzen diren bezala desagertu zen Euskal Herrian filmatutako fikziozko lehen lan luzea. Karameluak bezala, literalki. 1924an filmatu zuen Telesforo Gil del Espinar zuzendariak Edurne, modista bilbaina, Bizkaiko hiriburuan. Aurrekontu murrizketa guztien aurka aritu ziren lanean, baina lortu zuten ordubete pasatxoko melodrama bukatu eta estreinatzea. Proiekzio horrek abiatu zuen fikzio zinemagintza gurean, baina desagertuta dago betiko. Filmaketaren diru kontuak berdintzeko, karamelu enpresa bati saldu zion ekoizpen etxeak pelikula; zatitu zuten fotogramaz fotograma, eta, hala, goxokiz goxoki desagertu zen betiko. Haren minutu batzuk baino ezin izan dituzte berregin adituek gidoiarekin eta pelikulatik kanpo gelditutako txatalekin, eta hori da hartaz geratzen den bakarra. Halere, adibide bat baino ez da Edurne, modista bilbaina-rena: desagerpenez beteta dago Euskal Herriko zinemagintzaren historia.
«Ezer ez da galdutzat eman behar». Peio Aldazabalen hitzak dira. Zinema ikertzailea da, eta Euskal Filmategiko zuzendari ohia, eta, dioenez, beti dago esperantzarako tartea. «Baserriren bateko armairuan egon daitezke filmak, edo baita proiekzio kabinaren batean ere, ahaztuta». Ezagutu ditu halako kasuak, eta mirakulu bat bizi izan duenaren pasioz kontatzen ditu orain. «Metalezko kutxa bat ekartzen dizutenean, barruan bobina zahar batekin, eta eskutan hartzen duzunean, usaindu egiten duzu kutxa; usaindu».
Euskal Herriko kasua ez da berezia, dioenez: ohikoak dira desagerpenak zinemaren historia orokorrean. Zinemagintza guztietan falta dira piezak, eta bereziki handia izaten da kopurua zinemagintzaren hasierako filmen kasuan. AEBetan ere, esaterako, hasierako zinemagintzaren %15 edo %20 inguru falta dela dio Aldazabalek. Eta antzera Frantzian, Ingalaterran eta beste askotan ere.
Baina badu berezitasunik Euskal Herriak. Film gutxi egin izan dira euskal lurretan, eta, egin ziren film gutxi horien kasuan ere, oso kopia gutxi egin ziren. Diruagatik. Diru faltagatik, alegia. Eta ale gutxi zeudenez, gutxi galduta ere, asko galdu dela dio ikertzaileak. «Konturatu behar dugu hasieran zinema ez zela industria bat; entretenimendu hutsezko bitxikeria moduko bat zen».
Faktore ekonomikoa
Erabakigarria da faktore ekonomikoa. Izan ere, pisutsuak, handiak eta hauskorrak ziren pelikulen bobinak, eta kostua zekarren haiek mantentzeak ekoizpen etxeentzat. Horregatik, suntsitze sasoiak ere izan dira, eta 1920ko hamarkadakoa nabarmendu du Aldazabalek. Orduan eman zen zinema mututik zinema soinudunerako jauzia. «Handik aurrera, proiekzio eta ekoizpen enpresek uko egin zieten film mutuei automatikoki. Ez zuten film soinudunek beste publiko erakartzen, eta, beraz, lan mutu asko suntsitu egin zituzten».
Halaxe oro har, eta halaxe Euskal Herrian ere.
Baina ez zen suntsipen sasoi bakarra izan. 1950eko hamarkadan ere, esaterako, debekatu egin zituzten ordura arte filmak egiteko erabiltzen ziren materialak, eta hor ere izan zen beste desagertze kopuru handi bat. «Ekoizpen etxeek suntsitu egin zituzten gordeta zeuzkaten lan guztiak. Erraz hartzen zuten su; ezin ziren erakutsi, eta, beraz... ba, horixe».
Desagertu denari bilatu ez dena gehitu behar zaiola uste du Josu Martinez zinemagile eta ikerlariak. «Nire ustez, oso gauza gutxi bilatu dira». Eta badaki zerbait berreskurapenez.
Orain lau urte berreskuratu zuen, esaterako, Andre Madre jeneralak 1956. urtean filmaturiko Gure Sor Lekua: euskaraz onduriko lehen film luzea. Desagertutzat jotzen zen, baina, bila hasi, eta Parisen topatu zuen Martinezek haren kopia bat, soinurik gabea. Eta hor dator paradoxa, hotsik gabekoa baita berreskuratutako bobina, eta, beraz, euskarazko hitzik gabekoa euskarazko lehen filmaz aurkitu den lekukotza ere.
Baina jarraitzen du Martinezen curriculumak, Euskal Herrian eginiko hiru dimentsioko lehen dokumentalaren kopia bat ere topatu baitzuen iaz: Euskadi, 1936an filmatutakoa. Baina, haren ustez, aurkikuntza horiek gehiago mintzo dira orain arteko ikerketa faltaz, bere meritu pertsonalez baino. «Ez dut bilaketarako kualitate berezirik; ez naiz halako Sherlock Holmes moduko bat, baina, logikari jarraituz, beste edozeinek joko lituzkeen ateak jo nituen».
Mugaren opakotasuna
Mugak izan dira arazoaren parte, dioenez. «Gure kasuan, zinemaren historia oso Hego Euskal Herriko ikuspegitik egin da, eta oso gazteleraren ikuspegitik». Horregatik ez da lehenago agertu Gure Sor Lekua filma. «Haren bila abiatu nintzenean, lehen gakoetako bat izan zen Ipar Euskal Herriko euskarazko prentsa begiratzea, eta hori egitea aski izan zen jakiteko euskarazko pelikula bat izan zela hura, baina inork ez zuen halakorik egin. Oso oinarrizko gauzak dira: filma Hazparnen egin zela jakinik, Herria aldizkaria kontsultatzea, edo garai hartan bizirik zen Piarres Xarritoni galdetzea, adibidez. Baina orain arte gure historialari izan direnek ez zekiten Xarriton nor zen, eta ez zekiten Herria aldizkaria bazela ere».
Ekonomia da giltza Martinezen hitzetan ere. Industriarik gabe, zailagoa izaten da kontserbazioa, eta, hain zuzen ere, nabarmena da industria falta hori Euskal Herriko zinemagintzaren historian. Koldo Izagirre idazleak ere ez zuen alferrik hautatu zinemagintzaren historiari buruzko bere liburuaren izenburua: Gure zinemagintzaren historia petrala.
Martinezek eman du azalpena: «Euskal zinemagileak kixoteak izan dira beti. Gizartean toki sozial pribilegiatu bat zeukaten materiala erosteko, eta bakarrik ibili dira, idealismo karga handi batekin, aberriagatik, edo gustatzen zitzaielako, edo dena delakoagatik. Eta zinema egin zutenean ere, artisauki egin zuten, eta horrek zaildu egin du kontserbazioa. Eta kasu gehienetan hori gertatu da: semeak edo alabak izan dezake, baina akabo, eta alderdi politikoek ere ez dute interes handirik izan halakoetan».
Bada muturreko adibide bat: Gernika bonbardaturik erakusten duten irudiak. Eraikinei kea zeriela filmatu zituen hiriaren hondakinak Agustin Ugartetxeak, hiria suntsitu eta bi egun eskasera, zehazki. 1937ko apirilaren 28an. Dokumentu garrantzitsua. Baina luzaro desagertuta egon ziren irudi haietariko asko. Kamera profesionalik ez zen orduan Bizkaian, eta Ugartetxea bidali zuten hirira, bere 16 eta 9,5 milimetroko kamera amateurrarekin. Gudariak eta gerrako beste hainbat eszena ere filmatu zituen frontean egindako joan-etorrietan, eta, maiatzean, hemezortzi bobina bete irudi bidali zizkion Parisko Eusko Jaurlaritzari, han haiek errebelatu zitzaten. Eta hor egon zen okerra. Jatorri alemaniarreko Agfa etxearen Frantziako filialera bidali zituzten bobina haiek, eta «galdu» egin ziren han Gernikari buruzkoak. Kasualitaterako tarte txikia geratzen da, gainera, Gernika hitza idatzita zeraman bobina izan baitzen zehazki desagertu zena.
Hildako mojak
Gobernua, saiatu, saiatu zen beste etxe batzuetara bidaltzen, baina ezetz esan zieten denek, eta, azkenean, Agfara eraman behar izan zituzten. Arrisku guztiekin. Eta hantxe galdu zen.
Garai hartako lekukotzei esker dakigu zer galdu zen zehazki: suntsitutako komentuak, milizianoak moja batzuen gorpuak biltzen, klinikaren hondakin artean operazioak egiteko material bila zebilen medikua, bonba zuloak, eta metrailak desegindako zaldien gorpuak. Izan ziren epaiketak materiala berreskuratzen saiatzeko, baina ez zen askorik lortu. Eta, beraz, suntsitu egin ziren Gernika suntsituari buruzko irudiak.
Zorionez, baziren Gernikari buruzko irudi gutxi batzuk gehiago Ugartetxearen beste bobinetan ere, eta horiek txertatu zituen, hain zuzen ere, Nemesio Sobrevila zinemagileak 1937ko Guernika filmean. Osorik mantentzen da lan hori, gainera, eta gaur egun oso-osorik ikus daiteke Euskadiko Filmategiaren webgunean. Baina, kasu horretan, ikusi ezin denaz ere mintzo da ikus daitekeena.
Ez dira pelikulak soilik galdu, ordea. Zinema egiteko modu bat ere galdu da desagetutako bonbina meta horrekin batera. Hori da Martinezen iritzia, behintzat. Eta, hain justu ere, goxoki artean galdutako Edurne, modista bilbaina filma jarri du galera horren adibidetzat. «Euskal Herriari buruz egin diren pelikula gehienek baserritar estereotipo bat eratu dute. Eta zinemaren hasieran, zinema mutuaren garai hartan, egiten diren lehen bi pelikula luzeak oso esanguratsuak dira. Bata Edurne, modista bilbaina da, eta bestea, El mayorazgo de Basterretxe. Eta pixka bat ematen du bi bide horiek zabalik daudela orduan, bata Bilbon kokatuta dagoelako, eta melodrama urbano bat delako, langile jendearekin egina; eta bestea, berriz, baserri giro horretan kokatuta dagoelako. Eta, hain justu, Edurne dago galduta, eta ez du jarraipenik izan. Bigarren bide hori hor moztuko balitz bezala da».
Fotogramarik gabeko historia
Hutsunez beteta dago Euskal Herriko zinemagintzaren historia. Desagertuta daude, esaterako, Euskal Herrian filmatutako lehen dokumental politikoa, fikziozko lehen lan luzea eta euskarazko lehen film luzearen soinua ere. Baina zergatik hainbeste desagertze?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu