Literatura. Hirudia

Franco hiltzea, ala ez

Iban Zaldua.
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Franco hiltzea gure literaturaren historiaren erdipurdikotasunerako erremedio bezala, beraz: onartu behar da Lander Garroren proposamenak hipotesi zientifiko eraginkorrenenen tasunak biltzen dituela, hau da, sinplea eta aldi berean dotorea dela. Nik nire zalantzak ditudan arren, are gehiago kontuan hartuta, Garrok iradokitzen duenaren arabera, halako zerbaitek frankismoko gau luzea (1936-1975) ezabatu eta, akaso, Estatu Batuetako garai bereko literaturaren loraldiaren antzeko zerbait ekar ziezaiokeela gure literaturari, hots, «Faulkner, Hemingway, Steinbeck edo pixka bat aurrerago, Capote edo Kerouac»-en pareko zerbait: «garaiko kezka» eta zalantzak izan zituzten idazleak, historiako une ilun horretako eta «aitakeria autonomistako» (sic) hurrengo gureen oso ezberdinak alegia.

Lehenik eta behin, susmagarria iruditzen zaidalako Estatu Batuetako literatura erabiltzea erreferentzia bakar bezala. Galdera baita ea zergatik egile horiek horren ereduzko, eta ez, demagun, garai bereko Txinako, Errusiako, edo Commonwealtheko beste batzuk —populazio handiko eskualdeak hizpidera ekartzearren, konparaketarako: zerrenda erraz luza zitekeen—. Ez dut ukatzen Garrok aldarrikatutako egileak onak zirenik, inondik ere, are gutxiago kontuan hartuta hala E. Hemingway nola T. Capote oso ipuingile onak zirela —nire genero kutuna, badakizue—, nobelagile baino hobeak ziurrenik. Kontua da —eta nago hemendik aurrera botako dudana osatzeko edo zuzentzeko Iratxe Retolazaren falta sumatuko dudala, datorren igandetik hasita—, kontua da, diot, egile horiek direla erreferentzial, hein batean, Estatu Batuak bihurtu zirelako, garai hartan, eta XIX. mendearen amaieratik martxan zegoen prozesu konplexu baten ondorioz, mundu mailako lider ekonomiko eta politiko: Inperioa alegia. Hau da, XIX. mendean literatura britainiarrari eta frantsesari gertatu zitzaien antzeko zerbait: ez da kasualitatea, esaterako, B. Pérez Galdós edo L. Alas Clarínen presentzia, literatura unibertsaleko zerrenda gorenetan, txikiagoa izatea beren mailara iristen ez ziren nobelagile ingeles eta frantses askorena baino. Ez dut nire materialismo historikoa urrunegi eraman nahi, ondo baitakit gauzak, gainegitura literarioari dagokionean, dezente konplikatuagoak direla, baina kontuan hartzeko argudioa dela iruditzen zait.

Bestalde, ez nago seguru ea Francoren heriotza gure literatura hobetzeko horren eraginkorra izango zenik. Alde batetik, susmoa daukat Garrok neurriz kanpo balioesten duela Euskal Pizkundearen balizko etorkizun literarioa, argudiatzea luze egingo litzaizkidakeen arrazoiengatik. Baina, bestetik, eta nagusiki, agian frankismorik gabe gure letrak ez zirelako horren bizkor eta osoki modernizatuko: Pizkundea, baiki, urrats bat aurrera izan zen euskal literaturaren eguneratze prozesuan, baina nekez esan daiteke bere inguruko literaturak harrapatzen lagundu zuenik. 1960ko eta 70ko hamarraldietako jauzia, G. Aresti eta R. Saizarbitoriarekin, hasiera batean, eta —besteak beste— A. Lertxundi, A. Urretabizkaia, B. Atxaga edo K. Izagirrerekin, gero, ezin da ulertu frankismorik gabe. Eta hor engantxatu zen euskal literatura, ez lehenago, literatura unibertsalaren trenera. Harri eta herri, Egunero hasten delako, 100 metro, Ziutateaz… ezin dira ulertu frankismorik gabe, hots, frankismoaren kontra garatu zen euskararen eta abertzaletasunaren berpizkunde eta eraberritzerik gabe. Franco gabe, agian, akaso, apika, Xabier Kintanak Ukronia ipuin gogoangarrian (1972) zirriborratzen zuen Euzkadiren egoera izango litzateke nagusi, egun: herrialde eta kultura —are— jeltzaleago, —are— folklorikoago, —are— atzerakoiago, eta, gehitzen dut nik,—are— erdaldunago bat, alegia.

Kontua sufrimendu historikoa aurreztea balitz —sufrimendu historiko batzuk, bederen—, orduan Garrorekin nago: Franco garaiz hiltzea —edo haren jaiotza profilaktikoki eragoztea, behin horretara jarrita— ideia bikaina irudituko litzaidake. Helburua euskal literatura salbatzea balitz, ordea… ez nago horren seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.