Alsazia
Frantziako Estatuaren menpe diren hizkuntza gutxitu guztien artean, egoerarik latzena AlsaziakoRonald Euler idazlearen hizkuntzak du, Lorrenako alsazierak. «Haurren %5ek baino gutxiagok hitz egiten dute germaniar dialekto horretan», azpimarratu du Eulerek. «Frantses eta aleman eskola elebidunak eraiki dituzte, baina joera frantsesez bizitzea da, oraindik. Iduri luke hizkuntza kondenatu batean idazten dudala».
V. mendean hasi ziren, Alsaziako eskualdean, Lorrenako alsazieraz hitz egiten. «Idazle batzuek dialektoetan idatzi dute, baina frantsesezko eta alemanezko itzulpenek lagundurik». Andre Weckmann, Adrien Finck eta Conrad Winter izan ziren ezagunenak. «Baina alsazieraz soilik idatzi duen bakarra Claude Vigee izan da, Wenderowefîr olerki liburuarekin». Eulerek berak idatzi du olerki bilduma bat hizkuntza horretan, duela bi urte: Versesplittere, Lewessplittere. «Nire hizkuntza librea da, zuena bezala, gauzak diren bezala erraten baititu, haizea, sua, amodioa».
Bretainia
Pierrette Kermoal idazleak aurkeztu ditu Bretainiako historia eta aktualitatea, literatura eta hizkuntzaren egoerak azpimarratuz. Bretoiera indoeuropear hizkuntza da, «zelta-bretainiar uharte» adarreko partaide dena, galesa eta korsikar mintzairak bezala. «Gaur egun, ez da gehiago gizarteko hizkuntza. Azken urteetako joera berria: batua baztertzea, dialektoetan hitz egiteko. Gure indar bakarra gure literatura da, indartsua, zorrotza, irekia baldin bada, bederen. Hitz batez, sortzailea. Leku gorenera altxatzeko indar guziak egin behar ditugu».
Bretainiako literaturak oinarrizko bi gertakizun izan ditu: lehena, 1839an, La Villemarqueren eskutik, Barzharz Breizh argitaratzea izan zen. «Literaturan egiazko lehen urratsak egin genituen. Kantu bilduma bat eginez, Bretainiako historia poetikoa egin nahi izana goraipatu zuen idazleak. Baina, aldi bakoitzean, gertakari politiko bat aipatzen zuen, kantu bati lotuz. Garai haietako nazioarteko harreman politikoen barnean ematen zen Bretainia. Obraren itzulpen anitz izan zen, Europan zehar». Bigarren gertakaria,1925ean, Ropaz Hemonen Gwalarn aldizkaria izan zen. «Indarrak batu ziren; idazle gazte eta kementsu batzuen taldea osatu zen. Mota guzietako literaturak hurbildu zituzten, gai guziak hunkituz». 2000. urtean, ABER aldizkaria agertu zen, Gwalarnen bide beretik jarraitzeko asmoarekin. «Literaturak hizkuntzaren joerari segitzen dio, gaur egun: joera partikularistari».
Euskal Herria
Ramuntxo Etxeberrik Euskal Herriko historiaren laburpena egin du, idazle atzerritarrek ezagut dezaten. Euskararen arazoez ere aritu da, eta horiei irtenbidea emateko hainbat bide aipatu ditu.
Irakurle urritasunari eta «literatura elitistari» aipamen egin dio Etxeberrik: «Literatura herritarengana hurbiltzeko bideak jarri behar ditugu, eta Euskal Kultur Erakundea horretan ari da batez ere». Antolatuak diren irakurleen klubak eta idazteko tailerrak aipatu ditu.
Herri katalanak
Joan Daniel Bezsonoff Montalat idazleak, katalanaren eta bertako literaturaren «osasun ona» azpimarratu du: «Batez ere Generalitatearen politikak eraginik. Ikaskuntza, administrazioko kontu guztiak katalanez daude. Frantziaren menpe dagoen lurralde katalanean ere, literatura badago, nire belaunaldiko idazle eta poeta batzuei esker: Jordi Pere Cerda, Patrick Gifreu, Joan-Lluis Lluis. Baina Frantziak ez gaitu batere laguntzen. Bartzelonan argitaratzen ditugu gure obrak».
Ramon Llull izan da Erdi Aroko idazle nagusia. Lehen poeta, berriz, Ausias March, XV. mendean. XVI. mendetik goiti, ordea, beherakada luzea izanen da, Kataluniako literaturan. Horregatik, XIX. mendea Renaixença deitzen dute, idazle berri batzuen haize berria izan baitzen: Jacint Verdaguer, Narcis Oller, Joan Maragall, besteak beste. «XX. mendean, frankismoaren errepresioari aurre egin zion Kataluniako literaturak». Bezsonoffek, bestalde, «nortasunaren argitzen» lagundu dio Kataluniak, bere hizkuntzak, bere literaturak.
Korsika
Beste herriak bezala, Frantziako Iraultzak ahuldu du korsikera, bai eta Bigarren Mundu Gerrako ondorioek ere: frantsesa ez zena ukatua zen. «Gaur egun, korsikeraz baizik hitz egiten zuten azkenak hiltzen ari dira; frantsesa eguneroko bizian dago», jakinarazi du Francescu Michelli Durazzo idazleak. «Egun, Korsikaren egoera Alsaziakotik hurbil dago. Guk ez dugu, Euskal Herriak eta Kataluniak duten bezala, instituzioetako borere eta ahalik, hizkuntza arloan».
Korsikako literaturak, hala ere, 200 bat idazle dauzka, gaur egun. «Hamar batek mugak gainditzea lortu dute, itzuli egin baitizkiete lanak». Literatura franko gaztea da: XIX. mendean hasia. «Baina italieraren menpe segitzen zuen Korsikak, familia aberatsenek, jantziek ez baitzuten begi onez ikusten hizkuntzaren gorakada, hots, korsikeraren arrakasta». Estilo guztiak aurki daitezke, mende horretatik goiti, korsikar literaturan. Prentsaren eragina garrantzitsua izan zen, lehen literatura lerroak egunkari eta aldizkarietan argitaratu baitziren. Aipagarriena: A Tramuntana.
Okzitania
Okzitanierak hainbat eta hainbat izen jantzi ditu, mende askotan barrena. Katalunarekin nahasirik ere ibili da, XIV. mendean bereizkuntza zehatza egin arte. «Frantziako Iraultzaren garaian, patois deitzen hasi ziren:hizkuntza larria, frantsesaren aldeko politika», nabarmendu du Claude Labandesek, Per Noste literatura aldizkariaren arduradunak.«XIX. mendean, ikaragarrizko beherakada izan zuen okzitanierak».
Gaur egun, hobera egin du hizkuntzak. «Gazteak hasi dira, geroz eta gehiago, okzitanieraz hitz egiten, irakurtzen. Europako hizkuntza gutxitu zabalena da oraindik ere; Frantziako 32 departamendu eta Italiako 14 lurralde ukitzen ditu». Idazlerik ezagunenaBernard Manciet da; nazioarteko heineko idazle bakarra dela esan du.
«Nire hizkuntza librea da, zuena bezala, gauzak diren bezala erraten baititu, haizea, sua, amodioa»
ronald euler
alsaziako idazlea
«Literaturak hizkuntzaren joerari segitzen dio,gaur egun: joera partikularistari»
Pierrette Kermoal
bretainiako idazlea
«Literatura herritarrengana hurbiltzeko bidealantzen ari daEuskal Kultur Erakundea»
Ramuntxo etxeberri
Euskal Herriko idazlea
«Frantziak ez gaitu laguntzen. Gaur egun, Bartzelonan argitaratzen ditugu gure obrak»
joan daniel bezsonoff montalat
kataluniako idazlea
«Guk ez dugu, Euskal Herriak eta Kataluniak bezala, instituzioetako botere eta ahalik»
Francescu Michelli Durazzo
Korsikako idazlea
«Gazteak geroz eta gehiago hasi dira okzitanieraz hitz egiten, irakurtzen»
Claude Labandes
Okzitaniako 'per noste'-eko arduraduna
«Euskal idazleak profesionalizatzeko, itzulpengintza da aterabide bakarra»
Euskal literaturaren egoera aztertu du Itxaro Borda idazleak, eta beste herriei aurkeztu, BardozenX.A.
Bardoze
«Euskal irakurleek luzaz irakurri ahal izan dituzte euskarazko ekoizpenak. Gaur egun, Euskal Herriko irakurleak kontsumitzaile erneak bihurtu dira; obrak egunkarietan, irratietan edo telebistan argitaratu diren kritiken arabera aukeratzen dituzte». Euskal Herriko liburu merkatua aurkeztuz hasi zuen hitzaldia Itxaro Borda idazleak atzo Bardozen, eta euskal literaturaren egoera aztertu zuen. Merkatu horren osasunaz aritu zen Borda.
«Hizkuntza baten osasunaren erakusleiho da literatura. Baina, emaitzak ikusiz, ohartu gara euskara ez dela garai hoberenean». Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan euskararen erabilerak atzera egin duela ohartarazi du idazleak. «Ikastoletatik atera diren irakurle eta hiztunek ez dituzte, ordea, denetan adinetakoak ordezkatzen». Dena den, irakurle «amorratuak» aipatu zituen Bordak.
Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandiaren berri eman die Itxaro Bordak Bordazera etorritako idazleei. «Hiru bat mila ale argitaratzen dira, gehienez, idazle horiekin. Irakurleria finkoa badela azpimarratzen du horrek. Baina irakurle kopurua emendatu nahi baldin bada, itzulpena da aterabide bakarra». Ipar Euskal Herriko idazleen obrak «arrunt guti» itzuliak direla ohartarazi du Bordak. «Hegoaldean ala Iparraldean, idazleak profesionalizatzeko eta horiek euskaraz idazten jarraitzeko, itzulpengintza da aterabide bakarra».
Euskal idazlearen itxura aldatu da, azken urteetan, Bordaren iduriko, sariek eraginik. «XXI. mendeko euskal idazlea, azkenean, ez da gehiago militantea, salbuespenak izan arren. Hizkuntza zabaletan ekoizten duten europar idazleen obratik geroz eta hurbilago da euskal idazleen eleberri eta olerkien mamia».
Elkarlana nola osatu, zer tresnarekin?
Elkar ezagutu ondoan, bigarren helburuari lotu zaizkio Lihuriko Egunetako protagonistak: elkarren arteko sare bat, lan bat, nola osatu, tresnak baliatuz. Itzulpenaren bidetik hasi dira. Ez dira frantsesezko itzulpengintzari buruz itzuli. «Bretainiako obra gehienek frantsesezko itzulpen txarra izan dute», ohartarazi du Pierrette Kermoal idazleak. Herri hizkuntzen arteko itzulpenak izan behar dute. «Baina denbora, jendea eta dirua behar du», nabarmendu dute batek baino gehiagok.Beste hizkuntza zabal batzuk baliatzea ere aterabide bat litzateke. «Alemanak hobeki onartzen ditu hizkuntza gutxituetako lanak», Lucien Etxezaharretaren iduriko. Sarrionandiaren lan batzuk argitaratuak izan dira, Alemanian, duela gutxi. «Munduaren aurpegian argitaratuak izan behar dugu». Horretarako ere, hainbat tresna badaude: literatura aldizkariak, edo, hobeki, Internet. Webgune bat ikusi dute, orduan, aterabiderik eraginkorrena, nahiz etagarestia ateratzen den: 10.000 euro inguru.
Azkenean, harremanak atxikitzea eta sendotzea ere ez dela ahantzi behar ohartarazi dute batzuek, eta Lihuriko Egunak goraipatu. Gisa bereko ekitaldiak antolatu behar direla erran dute; beste mota bateko jaialdietan parte hartzeko ideia ere bota dute. Europako diru laguntzak lortzen ahal direla uste dute. Haur literatura sustatu behar dela adierazi du Therese Pambrun idazle okzitaniarrak, «ondoko belaunaldiek baitituzte salbatuko gure hizkuntzak».