Hiltzailea nor den aurkitzea izaten da nobela beltzen amua, hori izaten da interesgarriena. Ohikoena da hori. Baina ez beti. Iñaki Irasizabalek Elkarrekin argitaratu berri duen eleberrian (Igelak benetan hiltzen dira), polizia ikerketak baino garrantzi handiagoa du herriko «jende arruntaren egunerokotasunak». «Nobela honetan delitu larriak daude, baina garrantzia gizartearen azterketan dago. Delituek nolako eragina duten gizatalde batean», dio Irasizabalek berak.
Kostako herri batean, zoritxar batek hautsi du ohiko patxada: neska gazte bat desagertu da. Susmoak eta errezeloak pizten dira alde guztietan, eta ez dago arrasto garbirik. Poliziak emaitzarik lortzen ez duela ikusita, neskaren aita, udaltzaina bera, bere kasa hasiko da ikertzen, baita susmagarritzat jotzen dituenak xaxatzen ere. Bazterrak nahaste horretatik, baina, ustekabeko ondorioak etorriko dira.
Aurreko nobelak bezala—Burua txoriz beterik (Augustin Zubikarai nobela laburren saria), Mendaroko txokolatea, Gu bezelako heroiak—, Euskal Herrian kokatu du liburu berria Irasizabalek. Baina, aurrekoetan ez bezala, kostako herri batera eraman du istorioa. «Buruan, behintzat, Sopela eta haren inguruan dauden herrietako batean kokatu nuen. Oso herri turistikoak dira udan, baina udazkenean, turistek alde egiten dutenean, oso literarioak iruditzen zaizkit».
Iñaki Irasizabal Durangon jaio zen, 1969an, eta Zornotzan (Bizkaia) bizi da gaur egun. Kazetaritza eta soziologia ikasketak hasi zituen, baina industrian lan egin izan du. Irakurzale amorratutzat dauka bere burua; nobela beltza irakurtzen du oroz gain, eta, besteak beste, John Connolly, Walter Mosley eta Daniel Pennac ditu gustukoak.
Funts nagusia ikerketa ez duen polizia nobela bat idatzi du Iñaki Irasizabalek
Jende arruntaren egunerokotasuna erretratatzen du 'Igelak benetan hiltzen dira' nobela laburrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu