Gabriel Arestiren (1933-1975) Harrizko herri hau poema liburuaren lehen argitalpena 1970ekoa da. Donostiako Lur argitaletxeak plazaratu zuen. Jatorrizko testua, autoreak berak eskuz idatzia, Arantzazuko artxiboan egon da azken 40 urteotan, Enrike Villar editoreak orduko artxibozain Kandido Zubizarretaren eskuetan utzi zuenetik. Arantzazuko fraideek eskuizkribua familiari itzuli zioten atzo; Meli Esteban Arestiren alargunari eskutik eskura emanda, hain zuzen ere. Arantzazun bertan egin zuten eskuizkribua jabez aldatzearen eszenaratzea, Gandiaga Topagunea eraikinean, atzo goizean.
«Bere artxiboko altxor preziatutzat eduki du eta dauka eskuizkribua Arantzazuko liburutegiak. Arestiren familiak, Gabriel Aresti Kultur Elkartearen laguntzaz, poetaren obra oso eta bateratua gizarteari eskaintzeko asmoa duela agertu du, eta guk, batetik penaz baina bestetik gogo onez, erabaki dugu familiaren eskuetan ipintzea obra ospetsuaren eskuizkribua, berari dagokion jabetza errespetatuz eta bere borondatea aintzat hartuz. Pozik ikusiko du Arantzazuk Gabriel Arestiren obra osoa euskal literaturaren ikertzaileen eskura ipinita», esan zuen Iñaki Beristain Arantzazuko fraideak.
Hain zuzen ere, Mikel Aierbe literatur ikerlari eta EHUko irakaslea ohartu zen Harrizko herri hau liburuaren eskuizkribua Arantzazuko liburutegian zegoela. Beste kontu batean lanean ari zela, Enrike Villar Lur argitaletxeko zuzendariarekin harremanetan jarri, eta hark esan zion eskuizkribua Arantzazun zegoela. Villarrek berak eraman zuen eskuizkribua Arantzazura. Eskuizkribua «letra oso txukunez» eta koloreetako orrialde laukidunetan idatzia dago. «Alde bakarretik idatzita daude poemok, orrialde bakoitzak bere poema du, eta oso aurkezpen ederra du; gainera, azala larruzkoa da», zehaztu zuen Beristainek. Aierberen hitzetan,«mekanografiatu aurreko bertsioa dirudi; eskuz garbira pasatutako azkena, alegia». Harri eta herri-rekin (1964), eta Euskal harria-rekin (1968)batera Harriaizeneko poema liburu saila osatu zuen Arestik, bere ibilbideko esanguratsuena. Errealismo sozialari atxikitako poesia landu zuen horietan. Iruditeria pertsonal eta kolektibo bat batu zituen; besteak beste, zuhaitza, etxea eta harria kontzeptuak sinbolo modura erabiliz eta Jorge Oteizaren ikusmoldearekin bat eginez, neurri batean.
Meli Estebanek esker oneko hitzak egin zituen Jose Mari Arregi Arantzazuko frantziskotarren zaintzailearen eskutik jaso zuenean eskuizkribua. «Eskerrik asko urteotan guztiotan hain ondo zaintzeagatik eskuizkribua». Eta Arestik Arantzazu «oso maitea» zuela nabarmendu zuen.
Aresti eta Arantzazu
Gabriel Arestik, Euskaltzaindiko kide modura, euskara batuaren aldeko jarrera izan zuen, argi eta garbi, eta 1968an Arantzazun egindako biltzarrean hitzaldi suharra egin zuen batuaren alde, sektore tradizionalista eta itxiagoaren aurrean. Arantzazurekiko estimu eta harremana lehenagotik zetorkion, ordea. «Maite zuen Arestik Arantzazu, eta harreman estua izan zuen, bereziki orduko bertako fraide eta idazle Joxe Azurmendi, Kepa Enbeita eta Jose Goitiarekin», Paulo Agirrebalzategi frantziskotarrak azaldu zuenez. 1960tik1964ra bitartean izan zuen fraide eta idazleekin harreman estuena. Joxe Azurmendi «adiskide handia» zuen. Harri eta herri liburuan hiru poema eskaini zizkion Arestik. «Harri eta herri ez dago Arantzazun kokatua, baina erreferentzia nagusienetako bat da. Oteizari eskaintzen dio liburuko poema nagusia, eta Arantzazun ikusitako harrietatik abiaturiko erreferentziak daude. Arantzazuren bidez ezagutu zuen Oteiza, aurrez aurre ez baitzuen ezagutzen».
Harago joan zen Arestiren eta Arantzazuren arteko literatur harremana. Poeta modura nabarmendu zen Aresti, baina antzerkia ere idatzi zuen, eta haren lehen antzerki obra, Mugaldeko herrian eginikako tobera, Arantzazun antzeztu zuten bertako ikasleek, 1962ko Gabonetan. Gainera, Jose Goitiak eskatu zion propio Arantzazurako antzezlan bat idatz zezala, Aste Santuetan emateko: «Garai hartan Iratzederren Pasionea ematen zuten Arantzazun, eta horren antzeko zerbait idazteko eskatu zion. Idatzi ere idatzi zuen Arestik, baina, nonbait, ez zuten eman ondoren».
Bitoriano Gandiagarekin ere izan zuen harremana Arestik, baina ez zen hain estua izan: «Biak poetak ziren, eta biak historia berdintsua izan zuten», Agirrebalzategik atzo zehaztu zuenez. «Poesia sinbolista idazten hasi ziren biak. Biek esperientzia txar bat izan zuten kritikarekin lehen obraren ondotik. Hutsune bat egin zuten, eta bata eta bestea poesia sozialago batera pasatu zen. Aresti lehenago Gandiaga baino. Gandiagak Arestirengandik asko ikasi zuen, berak aitortu zuenez. Kidetasun poetiko bat izan zuten, adiskidetasuna baino gehiago, eta elkarrekiko miresmena ere bai. Arestik poeta handitzat dauka Gandiaga, eta alderantziz zer esanik ez».
Gandiaga Topagunean bildurik, eta Gandiagaren eta Arestiren arteko harremana gogoan, Pello Zabala frantziskotarrak eman zion amaiera atzoko ekitaldiari, Bitoriano Gandiagak berak idatzitako Gabriel Arestiren aitormenetan poema errezitatuz: «'Nire aitaren etxea defendatuko dut', dio / Harri eta herri-tatik ahots gorenak. / 'Nire aitaren etxeak iraunen du zutik', darantzuio/ Harrizko herri hau beteko erantzunak/».
Gabriel Arestiren 'Harrizko herri hau' familiari itzuli dio Arantzazuk
Familiak eta poetaren izena duen kultur elkarteak Arestiren obra osoa bateratu eta «gizarteari eskaintzeko» asmoa duteEskuizkribuak 40 urte egin ditu Arantzazun, Enrike Villar editoreak eraman zuenetik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu