Kultura

Gabriel Arestiren izenak 75 urte bete ditu

'Harri eta Herri' poema liburuaren egilea duela 75 urte jaio zela oroituko dute gaur. Besteak beste, omenaldia egin diote Bilbo sorterrian, Iñaki Azkuna alkatea buru dela. Arrasto sakona utzi du Arestik, eta bere ondorengo idazleen laudorioak jaso ditu.

2008ko urriaren 14a
16:55
Entzun
Juan Luis Zabala

Hil zenetik urte asko pasatu diren arren -33 zehazki-, bizi balitz 75 urte baino ez zituzkeen Gabriel Arestik, gaur beteak hain zuzen ere. Gazte hil baitzen, 42 urte egin aurretik. Ez arrastorik utzi gabe ordea. «Pentsatzen dut nire izena / nire izana dela, / eta ez naizela ezer ezpada / nire izena», idatzi zuen Arestik, Nire izena poeman. Gabriel Aresti hil zen, eta haren jaiotzaren 75. urteurrena ekarriko dute gogora gaur hainbat lekutan. Gabriel Arestiren izena ez da hil, eta 75 urte beteko ditu gaur.

Ezin ukatuzkoa baita Arestik arrasto sakona utzi duela. Nekez aurki daiteke, adibidez, euskal idazle ezagunenetako batzuengandik -Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria eta Koldo Izagirrerengandik batez ere- Arestik adinako laudoriorik jaso duen idazlerik.

Jon Juaristi Pott Bandako kide ohiak ere -euskal literatura eta euskal idazleak goresteko joera handirik ez izan arren-, beti laudatu izan du suharki Aresti, Angel Zelaietak, Gabriel Aresti. Biografia (Susa, 2000) liburuaren egileak, gogora ekarri duenez: «Jon Juaristik esaten zuen Aresti bere denboran benetako digantea zela, eta gu, besteok, tximinotxo batzuk baino ez ginela haren lepo gainera igota. Orain beste bide batzuetatik dabil, baina Aresti beti, baita orain ere, horrela gogoratzen du Jon Juaristik, digante gisa». Horretaz gain, ondorengo belaunaldietako idazleen artean ere gutxik adinako itzala du Arestik.

Kale askoren izena

«Bere garaian hainbat sektoretatik eraso asko jaso bazituen ere, badirudi hil eta gero Aresti santu bihurtu dela», dio Zelaietak. «Adibidez, orain dela hilabete batzuk Iruñeko Biurdana institutuan Gabriel Aresti Eguna egin dute. Izena behintzat handi egin da. Berak ironiaz esaten bazuen ere ez zuela bere izeneko kalerik nahi, orain bere izeneko kale asko daude».

Bere garaiko eta bere aurreko poetak baino «humanoagoa» edo «gutarragoa» izatearen ondorio izan daiteke hori, neurri handi batean, Zelaietaren ustez. «Gaurko jendearentzat oso hurbilekoa dela uste dut; asko irakurtzeko ohiturarik ez dutenentzat ere bai».

Arestiren biografia braillez

Arestiren jaiotzaren 75. urteurrenarekin bat eginez, Zelaietak idatzitako Arestiren biografia itsuek irakurtzeko moduan eman dute argitara, braille sisteman. Imma Arrieta ONCE erakundeko kidea arduratu da transkripzioaz. Aurrerago Arestiren Harri eta Herri brailleratzeko asmoa du.

Hainbat ekitaldi egingo dira gaur Arestik duela 75 urte jaio zela gogoratuz hura omendu eta haren lana zabaltzeko.

Bilboko Poesia Astearen barruan, Iñaki Azkuna alkateak Arestiren omenezko plaka aurkeztu du, eguerdian, Barroeta Aldamar kaleko 2. zenbakian, Aresti jaio zen etxean. Arratsean, Arestiren bertsoak kantatuko dituzte Erika Lagomak eta Uxue Alberdik, eta haren poemak errezitatuko Igor Estankonak eta Hodei Etxartek, Bidebarrieta liburutegian, Edorta Jimenezek aurkeztutako saioan.

Bilboko Poesia Astetik landa, Literaturaz Berbetan 08/09 zikloa Gabriel Aresti oroituz eta omenduz jarriko dute abian Koldo Izagirrek eta Joseba Tapiak, gaur, Larrabetzuko (Bizkaia) Hori Bai gaztetxean. Arestik Larrabetzuko Hori Bai elkartean eman zuen hitzaldia oroituko dute ekitaldi horretan.

--

Betiko Aresti kritikoa, erdaraz, egunkari falangista batean

J.L.Z.

Gabriel Arestik Bilboko Hierro egunkarian 1962 eta 1967. urteetan argitaratutako artikuluak batu eta liburu gisa batuta kaleratzeko atondu ditu Angel Zelaietak, bi ikasleren laguntzarekin. Liburua argitaratzeko prest du Zelaietak, baina ez daki noiz argitaratuko den, aurretik Arestiren familiakoei liburuari beren ekarpena egin dezaten utzi nahi baitie.

«Falangeak 36ko gerraren ostean kaleratutako egunkaria zen Hierro, eta 60ko hamarraldian jende berria sartu zen egunkarian, Bilboko kulturaren mundukoa jendea», Zelaietak dioenez. Horiekin batera sartu zen Aresti ere. Bere herrikideen «pentsamendu meharra zabaltzeko asmoarekin» hasi zen Aresti «falanjista eguneroko batean» idazten, Arestik berak Norbert Tauerri 1962an idatzitako gutun batean azaldu zuenez.

Gaztelaniaz beti, euskal kulturari buruz idatzi zuen Arestik Hierro-n: bertsolaritzaz -Bizkaiko bertsolari txapelketako saioen kronikak eginez, epaimahaikide zela baliatuz-, euskarazko liburu eta argitalpen berriez, antzerkiaz, dantzaz, zinemaz, hizkuntzalaritzaz, historiako kontuez...

Oso modu «arestiarrean» idatziak dira Arestiren Hierro-ko artikuluak, Zelaietaren ustez. «Oso boz bakarra da Arestirena, partikularra. Uste dut bera kontziente zela horretaz, eta erabili egiten zuela hori, ondorio guztiekin». Umorearekin batera, ikuspegi kritikoa osagai ezinbestekoa da boz partikular horretan.

Garai hartan aurrerapauso handitzat jotzen zen bertsolaritza sagardotegiko girotik atera izana, baina Aresti aldaketa horrekin ere kritiko agertu zen Hierro-n: «Bertsolariak beren oinarrizko izaera galtzen ari dira; oinarrizko izaera hori ez da inprobisazioa (...), poeta sozial izaera baizik, gizartearen kritiko eta bizio zein ustelkerien saltzaile izaera. (...) Bertsolariak sagardotegia utzi eta komentura hurbildu direnetik, ez dut uste bere zereginaz jabetzen den bertsolaririk dagoenik, zergatik eta zertarako sortzen eta kantatzen duen dakienik».

Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukert-en Pelotari film labur laudatua ere aho-bizarrik gabe kritikatu zuen Hierro-n, aurretik Jorge Oteiza kritikatua zuen ildo beretik. Arestirentzat ez zen inondik ere sinesgarria «Pelotari-ren inguruan dabilen mistika literarioa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.