Gailurreko literatura

Shisha Pangma mendira 2011n egindako espedizioa hartu du oinarri Juanra Madariaga idazleak 'eSPedizioa' liburua idazteko

Juanra Madariaga idazlea, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Desagertu zenean, Virginia Woolfen Bidaiaren amaiera zeraman George Mallory mendizaleak 1924an Everesta hirugarrenez igotzen saiatu zenean. Soinean zeraman jakaren barruko poltsikoan topatu zioten liburua gorpuari handik denbora batera. Fritz Luchinger alemanak Rainer Maria Rilke poetaren Duiniar elegiak zeramatzan berarekin 1983an Shisha Pangman hil zenean. Stuart Alexander Lowe, James M. Caanen Postariak bi aldiz deitzen du beti irakurtzen zebilen elur-jausi batek irentsi zuenean. Juanra Madariagak, berriz, Shisha Pangmaren gailurreraino eraman zuen Unai Elorriaga idazlearen SPrako tranbia, eta espedizio hari buruzko bizipenak, han idatzitako poemak eta literatur gogoetak uztartzen dituen liburua kaleratu du orain Txalaparta argitaletxearekin: eSPedizioa. Mendi ororen pisua. Azken orrietan deskribatzen du gailurrean gertatutakoa. «Ez dakit alpinista askok gailurretara liburuak eraman ote dituzten, baina nik Shisha Pangmako tontorreraino SPrako tranbia izeneko liburua eraman nuen. Han, baraila eta ezpainak erabat izoztuta, liburua zabaldu, eta azken kapitulua irakurri nuen. Gero liburua itxi nuen, burua makurtu, eta negar egin nuen berriz». Hotz eta gazi malkoak, itsasotik 8.027 metro gora.

Ez da bidaia kronika hutsa, baina 2011n egindako espedizioa du oinarri nagusi liburuak. Azaldu du bere asmoa idazleak. «Beti pentsatu dut euskal literaturara ez dugula ekarri mendizaletasunaren gaia, eta, Euskal Herrian zer edo zer baldin badago, mendizaleak dira, eta maila handikoak gainera. Nire ideia hori izan zen horregatik. Mendia ekarri nahi nuen, baina ez mendia telebistan ezagutzen dugun bezala, baizik eta barnetik benetan bizi den bezala. Saiatu naiz islatzen mendi altu eta gogor batean, oxigenorik gabe ibiltzen zaren horietariko batean zelakoak sentitzen eta zelakoak bizitzen dituzun». Nagusiki Shisha Pangman zela idatzitako egunerokoa baliatu du horretarako liburuan, baina handik bueltatzean idatzitakoak ere badaude liburuan, egileak dioenez, testu haietan igarritako hariei tiraka aritu baita geroztik.

«Boligrafoa ere izoztu egiten da». Baditu bere zailtasunak mendian idazteak, Madariagak dioenez, baina berezia ere bada han idatzitakoa. Giroa da ezberdina, dioenez. «Etxera heltzean, ni neu ere harritu naiz han idatzi nituen batzuekin». Fidel eman nahi izan ditu horregatik. Azken batean, mendia da liburuko protagonista nagusia, eta pisu berezia dute horregatik han bizitakoek: mendian galdutako lagunek, mendian sentitutakoek eta baita mendian idatzitakoek ere. Baina horrez gainera, badira poemak, badira mendi espedizioei buruzko literaturari buruzko testuak, bakardadeari buruzkoak, eta horretan jarri nahi izan du arreta egileak.

Zuzeneko irakurraldia

Zortzi poema liburu kaleratu ditu aurrez Madariagak, eta igarri egiten da hori testuetan, Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editorearen hitzetan. Idazlearen prosaren poetikotasuna nabarmendu du horregatik.

Gaur jendaurreko irakurraldia egingo du Madariagak BilbokoBidebarrieta liburutegian. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta Unai Elorriaga idazleak eta Juanjo San Sebastian mendizaleak ere hartuko dute parte. Espedizioko bideoak ere eskainiko dituzte, tartean, Shisha Pangmako gailurrean egindako irakurketarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.