(Gain) Azalak (gain) azal

Angel Peris Cuestaren erakusketa
Angel Peris Cuestaren artelanetako batzuk, Kristinaenean. JON URBE / FOKU
Donostia
2023ko azaroaren 21a
05:00
Entzun

'NATURAREKIN ELKARRIZKETA'

Egilea: Angel Peris Cuesta.

 Non: Kristinaenean, Donostian.
Noiz arte: abenduaren 12ra arte.

Azkenaldian bisitatutako erakusketetatik sentsazio gazi-gozoarekin irten naiz, eta benetan disfrutatzeko erakusketa bat ikusteko gogoa nuen. Madriletik heldu zitzaizkidan lagunen hitzetan «bisitatu beharrezko» erakusketen inguruko notiziak, eta etsitzen ari nintzen: hara bertaratzeko modurik izan arte ez ote nuen hemen inguruan halako proposamen atseginik topatuko?

Argia-ko artikulu batean kasualitatez ikusitako argazki iradokitzaile batzuek tentatuta, nire etsipenari esperantzazko azken leihoa irekitzeko aukera eman nion: Angel Peris Cuestaren Naturarekin elkarrizketa erakusketarenak ziren, Kristinaenea lorategiko interpretazio zentroan dagoena.

Eguraldian aldaketa izan genuen: aurreko egunetako euriteek tregoa eman zuten, tenperaturak ere goxatu egin ziren, eta tarteka eguzki argiak eta zeru urdinak atzematen ziren geure gainean. Kristinaeneko udazkeneko orbelen koloreak eta itzalen dantzak inguruko jendetzaren gaineko protagonismoa hartzen zuten, eta parketik igarotzea beti atsegina bada ere, egun hartako paseoa luzatzeko gogoa ematen duten horietakoa izan zen.

Eguzki gozoa aurpegian sentituz sartu nintzen eraikinera. Sartu eta ezkerretara dagoen paretan daude erakusketako testu nagusiak, aretoetatik kanpo, espazio barneko horri molestatu nahi ez baliote bezala. Testu luzeak dira, eta, gainera, lau hizkuntzatan; euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, ingelesez eta txineraz ere. Nahiko egonarri irakurri nituen, erakusketara sartzeko gogoz.

Aretora sartu eta aurrez aurre, pareko hormaren eskuinaldean babesturik dagoen instalazioak txunditzen du bertaratzen dena. Airean esekitako oihalak izango balira bezala, beltzetik hasi eta horiraino doan sigi-saga kromatiko bat da; sigi-saga organiko bat. Arrozezko paperaren fintasunarekin bat egiten duten lerrotxo bertikalen akumulazioz sorturikoak dira, euri tantak balira bezala, zerutik lurrera doazenak, eguzki argien islen bidezko bideetan tonalitate ezberdinak jaso eta eskaintzen dituzte; orain gardenago, orain aseago.

Angel Peris Cuestaren erakusketa
Erakusketako obretako batzuk. JON URBE / FOKU

Artistak aurkeztutako beste lanak ere lerro, ingerada, trazu, keinu eta errepikapenen bidezko lanketak dira, bide ezberdinetatik guztiek ere naturara daramatenak: izan arrozezko paperez egindako gainazalak, belar arrastoak dituztenak; izan zenbait lanetan agertzen diren figuraziozko lore eta landaretzak, edota darabiltzan mineralezko pigmentuak, tinta txinatarrak. Ohikoa omen da han, tinta hauek egiteko erabiltzen diren pigmentu-hodietako bat jaioberriari oparitzea, hark ondoren bere bizitza guztian zehar berarekin gorde dezan. Pasadizo honek ezin hobeto erakusten du ekialdeko tradizioetatik jaso eta bere lan eta instalazioen bidez Peris Cuestak proposatzen dizkigun naturaren, artearen eta gizakien arteko harremantzeko modu berriak, errespetuan, baretasunean eta harmonian oinarrituak, elkar sostengatzen dutenak.

«Artistak aurkeztutako beste lanak ere lerro, ingerada, trazu, keinu eta errepikapenen bidezko lanketak dira».

Erakusketak goiko areto nagusietan du segida: bata beltza da, bestea zuria. Asiako pentsamendu taoistara daramate bi aretoek, osagarrietan egituratutako ideietara, yin eta yang kontzeptuetara. Iluntasuna argipean, eta argia iluntasunean. Bietan, gela iluna da, zalantzarik gabe, azpimarragarriena: argizko basoaren eta lorezko krisalidaren inguruan dantzatzen dira bisitariak; orain enborren artera sartu, orain atera. Murruetako proposamenek denboraren igarotzea islatzen duten azalak dirudite berriz: larruazalak; enbor-azalak; zuri-beltzezkoak; zauri eta orbainak diruditenez beteak, azalen gainjartzeak balira bezala, lotuak batzuk, josiak besteak, elkarren artean azal berri eta sendoagoa sortzen dutenak. Areto zuriko obra ilunen instalazioak, aldiz, eta penaz, espazio hura etxe izan zela gogorarazten duten elementuen artean nahasten dira, eta ez dute hain indartsu egiten diz-diz.

Erakusketak lurrazpian du amaiera, interpretazio zentroaren barneko eskailerak jaitsita aurkitzen den horretan, hainbat zeramika lan eta lekurako propio egindako esku hartzeekin. Bertan, sabai-leiho borobiletako hormez bestalde dagoen lurra gainazaleratu du Peris Cuestak, materia bera pigmentu gisara baliatuta. Badirudi, ibilbide organikoen bidez eta goitik jasotzen duen argitasunak indartuta, natura hormigoizko hormak iragaziz azalera industriala irensten ari dela.

Irudi haiek buruan, gorantz abiatu nintzen ni ere, argitara, eraikinetik irtetzeko. Kanpoan hodeiak bazeuden ere, eguzkiak oraindik aurpegian gozo ematen jarraitzen zidan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.