Miren Arenzana. Artista

«Gaizki sentiarazten zidan galerien funtzionatzeko erak»

Hasieran soilik eskultorea zela dio Miren Arenzanak, baina jakin-minak eta bizirik irauteko beharrak bultzatu zuela lan esparrua zabaltzera. Bilboko Carreras Mugican dago ikusgai haren azken lana: 'Love 3'.

Inigo Astiz
Bilbo
2015eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Minimoa jarri, maximoa adierazi. Erronka hori jarri dio bere buruari Miren Arenzana artistak (Bilbo, 1965). Ahalik eta elementurik soil eta biluzienak baliatu ditu Bilboko Carreras Mugica galeriako aretoa hartzeko. Altzairuzko barra bertikal bat lehenik, altzairuzko barra horizontal bat ondoren, eta barra bertikal batekin bat egiten duen barra horizontal bat azkenik, eta hiru kolore baino ez: larruazal arrosa, gorria eta altzairuaren grisa. Kito instalazioa horrekin, eta piezaren izenburuan dator pista: Love 3. Maitasuna 3. Horra minimo horrekin adierazi nahi izan duen maximoa. «Sexuala, hunkigarria eta bortitza izan daitekeen horri buruz hitz egin nahi izan dut ahalik eta esku hartzerik txikienarekin. Kolorea eta formarekin soil-soilik». Arte ikasketak EHUn egin, Londresen Royal School of Art-en diseinua ikasi, eta Ingalaterran eta Frantzian urte sorta egin ostean, berriz Bilbon da orain. Joan zenean topatu ez zuen sortzaile sare batekin egin du topo itzuli denean.

Areto barrura sartu nahi badu, makurtzera behartuta dago bisitaria. Konstante bat da zure ia ibilbide guztian: parte hartzaile nahi duzu ikuslea.

Bai, baina oraingoan badaezpada kasik hobeki barrekin askorik jolasten ez badira. Sinbolikoagoa da oraingoan asmo hori. Nire esku hartzea ahalik eta adierazpenik txikienera mugatuta, ahalik eta bortitzen izatera heltzea izan da helburua. Oraingoan ahalegina da ikuslearengana bisualki heltzea. Espazioa hartzen duen zerbait sortu nahi izan dut, eta, aldi berean, kasik gardena dena. Espazioan marraztea nuen buruan.

Eskulturarekin hasi zinen, baina diziplinen arteko mugan aritu zara oso gaztetatik.

Oso errebeldea naiz, eta ez zait gustatzen leku itxi batean sailka nazaten; mugan egotea maite dut. Diziplinen arteko muga horretan aukera gehiago ditut kodeekin jolasteko, eta diziplinen arteko tentsioa bilatzeko. Hemen dagoen pieza hau ere hortik dator. Berria da lana, baina orain urte batzuk Tolosan [Gipuzkoa] egindako Eskultura Asterako gisako proposamen bat egin nuen. Hiriko kaleetan jartzeko zerbait egiteko eskatu zuten ordukoan, eta nik eskultura eta altzari hibrido bat proposatu nuen. Love deitu nuen, eta hemengo piezaren kolore berak zituen baranda batez osatutako banku moduko bat zen. Adibidez, bikoteak etzan ahal izateko moduko banku bat. [Isiltasuna eta irribarre zabala]. Hirian falta den altzari klasea.

Jolaserako gonbitak ere badira zure lanetariko asko. Ikusleak mugitu eta alda ditzake, aldatu, haien bidez komunika daiteke...

Hasieran, eskultorea nintzenean, hemen zeuden eskulturak oso gizonezkoen eskulturak ziren: burdina, egurra... Denok hasi gara Oteizarekin, eta denok edan dugu hortik, baita nik ere. Baina ohartu nintzen hori ez zela neuri propioa zitzaidan hizkuntza. Ni emakumezkoa naiz; emakumezko artista, emakumezko eskultorea. Horregatik nire garai industrialeko materialak erabiltzen hasi nintzen, adibidez, plastikoak eta gisakoak, eta horregatik baliatu ditut neure eguneroko bizitzaren parte diren elementuak ere, nolabait ere piezan generoa aldarrikatzeko.

Erantzun modura ere bai, beraz?

Bai, neu non nagoen aztertzeko. Eta baita ikuslearengana gerturatzeko ere, elementu horiek erabiliz errekonozitzen duten zerbaiti keinu egiten diozulako. Gero Londresera joan nintzenean askoz ere gauza hibridoagoak egiten hasi nintzen. Komunikaziorako artefaktuak ziren guztiak, haien bidez komunikatzeko edo haiekin jolastu ahal izateko mekanismoak zituzten piezek. Erabiltzailea are gehiago inplikatzen zuen horrek. Eta, gainera, beste kezka bat txertatzen zion lanari. Kezka jadanik ez da soilik formala, baizik eta baita funtzionala ere. Eta zergatik egin ditudan altzariak ere? Bada eskatu dizkidatelako!

«Eskultorea nintzenean», esan duzu.

Soilik eskultorea nintzenean. Hala hasi nintzen.

Beste diziplinetara zabalduz joatearena nola heldu zen?

Beti izan dut jakin-mina beste diziplinekiko, eta eskultura lanetan ere ikusten da hori. Baina bizirik irauteko kontu bategatik joan nintzen Londresera, eta horregatik eman nuen izena Royal College of Arten diseinu sailean ere. Ikusi nuen oso zail nuela eskultore gisa bizi ahal izatea, eta proba egin nuen diseinuarekin, azken batean kontzeptu paretsuak lantzen dituztelako. Jatekoarekin lotuta daude egiten ditugun mugimenduetariko asko. Baliabide asko dituen eskola da Londresko hori, ordea, eta horrek hainbat proiektu garatzeko aukera eskaini zidan. Gainera, inoiz ez dut soilik arte munduaren parte bilakatu nahi izan. Nola jango dugu horrekin soilik? Hor dago aipatzen nizun errebeldia hori. Ez nuen nahi nire proiektuak soilik galeria baten barruan egoterik. Gustatzen zait lanak jendeari eskurago jartzea eta jendeak erabili ahal izatea; artea egunerokotasunera gerturatze hori.

Kanpoan luze egon ostean, urte eta erdi da etorri zarenetik. Zer moduzkoa izan da buelta?

Benetan ona. Batzuoi ezinbestekoa egin zaigu kanpora joatea, baina asko itzuli egin gara orain, eta orain askoz ere testuinguru kohesionatuagoa dago. Belaunaldi askok osatzen dute sarea orain, eta denen artean badago zera, ez dut esango elkartasun bat, baina bai harreman handia. Oso momentu interesgarria da. Ez da oso ohikoa hainbeste belaunalditako jendeak bat egitea.

Joan zinenean zein zen egoera?

Joan nintzenean ez zegoen halakorik. Artista gutxi batzuk bakarrik zeuden, erdi-kontsakratuak guztiak, eta sortzaile gazteoi egiteko gutxi uzten zigun horrek. Hemen beti falta izan dira artea kanpora ateratzeko azpiegiturak, baita bertako hirien artean ere. Oso harreman gutxi dute Donostiak, Gasteizek eta Bilbok, esaterako. Hori oraindik falta da, baina orduan are handiagoa zen hutsunea. Kanpora joan ezean ez genuen lan egiterik.

Eremuak aldizkarirako elkarrizketan hau zenioen: «Garai batean, arte-aretoek deitzen zuten, baina bat-batean, lana baino garrantzitsuagoa zen arte-areto jakin batzuetan egotea».

Oso gaztea zarenean eta galerietatik deika hasten zaizkizunean, hori da arriskua. Bat-batean hasi zitzaizkidan galeria batetik eta bestetik deika eta arazoa da gaztea zarenean zure ekoizpenean eragin dezakeela horrek. Hauskorra da horrek sortzen duen presioa, eta 80ko hamarkada hartan ez zitzaidan gustatzen nola tratatzen gintuzten. Hori... Orain hiperkapitalista bada kontua, garai hartan are gehiago. Ni gaizki sentiarazten zidan horrek. Oso idealista nintzen, agian, oso kontzeptuala, eta oso gauzen zentzua bilatzekoa, eta ez nintzen eroso sentitzen.

Eta baketu zara galeriekin?

Urteak pasatu dira, eta orain, diplomatikoak gara. [Barreak]. Orain jada ibilbide bat badut, eta argiago ditut gauzak. Atera berritan arriskua da presio horrek aldatu egin zaitzakeela. Orain ez naiz hain hauskorra, hain zaurgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.