Galdutako intimitatea edertuz

'Ostutako' argazki batzuk kolore gutxiko marrazki bihurtu, eta lekuz kanpo sentitzeaz mintzo den kutsu zinematografikoko erakusketa zabaldu du Gorka Larrañagak Arteztu galerian

Gorka Larrañaga, erakusketan zintzilikatu dituen artelanetako batzuk atzean dituela. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2015eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Estetikoki edertasuna adieraztea kostatzen zaiola dio Gorka Larrañaga artistak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1974). «Kitsch-agoa naiz. Komikiaren mundutik natorrelako, agian». Quentin Tarantinoren eta besteren zinematik edan duelako sortzerakoan, Jean Giraud Moebius marrazkilaria maite duelako, eta, era berean, badirelako jada hamar urte Mexiko Hirian bizi dela. «Puntu bizarro bat eman dit».

Baina horrek ez du esan nahi edertasunaren kontzeptua atsegin ez duenik. Adibidez, Maria Jesus Perez Miren artista bilbotar lagunak Facebookeko bere horman zintzilikatzen dituen argazkiak—leku eta pertsonenak batik bat—, berak egindakoak, gustatzen zaizkio Larrañagari. «Oso fina da». Beraz, horietako batzuk lapurtu, ordenagailuan manipulatu, eta kolore gutxiko marrazki malenkoniatsu bihurtu ditu Larrañagak, arkatza eta pintura erabiliz. «Bestearen iruditeria hartu eta nire barne munduarekin pixka bat nahastea izan da jokoa», azaldu du. «Intimitatea galtzekotan gauden garaiotan, hori agerian uzteko ariketa bat da Nemours erakusketa». Tamaina ertaineko hamabost marrazkirekin, bi margolanekin, beste bi objekturekin eta urtinta batekin ondu du, eta abuztuaren 8ra arte egongo da ikusgai Donostiako Antigua auzoko Arteztu galerian.

Perezek berak proposatu zionelkarrekin zerbait lantzea. 16 urte zituenean Bilbotik erbesteratu zen, eta gaztetan aktore eta antzerki zuzendari gisa aritu zen. Venezuelako telebistan ere lan egin zuen, eta badira urteak Mexiko Hirian bizi dela. Larrañagak eskolak eman zizkion hango Iberoamerikako Unibertsitatean.

Gauzatu dute ideia, eta emaitza ez da «konbentzionala», Larrañagaren iritziz. «Lanak ez daude ipinita begien parean, trantsizio eta sekuentzialitate baten barruan baizik». Eta elementuak dira Perez bera, Nemours gizon «seduktorea» —La Belle Personne pelikulako (Christophe Honore, 2008) protagonista—, ur tantak putzuan, eta Azkoitiko Plaza Berri kaleko platanondo hostorik gabekoak udazkenean—Perez urtero etorri ohi da Azkoitira, «gustatzen zaiolako euskara-eta entzutea», Larrañagaren hitzetan—. «Hortik egiten dute pasiera biek, eta maitasun istorio bat da, bere gauza on eta txarrekin». Elementuak, «poetikoak» direnak, dena den, airean utzi ditu, «ikusle bakoitzak bere istorio propioa sor dezan».

Osagai poetikoak, eta baita malenkoniatsuak ere, neurri berean. «Biok gara oso malenkoniatsuak». Arteztun ikusgai dagoen erakusketa mintzo baita, halaber, lekuz kanpo sentitzeaz. «Adierazi nahi genuen biok atzerritar sentitzen garela bai herrian eta baita Mexikon ere». Udazkenean, «urtarorik malenkoniatsuenean» kokatu dute Nemours, eta udan erakutsi. «Jendeak ere senti dezan lekuz kanpo egotearena, tokatzen ez dena ikustearena».

Helburu intelektualik gabe

Baliabide batetik bestera, argazkitik marrazkira igaro, eta iruditeria propioa sortzerakoan, Gerhard Richter artistarekin gogoratu da. Beti, gaztetatik izan da haren oso zalea. «Pintura eta argazkigintza aurrez aurre jartzen ditu. Erakutsi nahi izaten du pintura ez dela inoiz argazkia izango, argazkia errealitatearekin lotuta dagoela, eta pintura dela materia, kolorea...». Larrañaga saiatu da baliabide batetik besterako tartea ibiltzen, baina ez, horrenbeste, helburu intelektual batekin.

Oinarri narratibo bat badauka, halere, erakusketak, eta baita estetika zinematografikoa ere. «Beharbada beste garai bateko zinemarena, zuri-beltzezkoa...». Larrañagak bazeukan bere lanei kolore gutxiago emateko asmoa, kolorearekin «aseta» zebilelako. «Eta Mirenen irudiak oso aproposak dira horretarako. Edertasunaren militantea da».

Edertasuna bilatzeko ahaleginean berak sortu ez dituen elementuak eskura edukitzeak «askatasun handia» eman dio. «Lana asko erraztu dit, ez baitut eduki esperimentatzeko eta gauzak bilatzeko beharra. Gozatu egin dut». Haurra zenean bezala sentitu da atzera, marraztea baita bere umetako senarekin bat egitea. «Pintura da gatazkatsuagoa, esperimentala, ustekabe gehiago eragiten dituena... Marrazkia gehiago kontrolatzen duzu».

Marrazkiak, komunikatzeko

Bere burua artista bisualtzat dauka Larrañagak, eta beti oso voyeurra izan dela deritzo. «Nire prozesuak ez dira hainbeste prozesu mentalak, intelektualak, askoz ere senari jarraitutakoak baizik». Lanean hasteko behar ditu aitzakia bisualak. «Kasu honetan, Mirenek eman dizkit».

Hamar urte daramatza Mexiko Hirian, eta, besteak beste, Casa Galeria kultur espazioa kudeatzen du han. Etorkizunera begira, bere asmoa da sortzen duenari narratibitatea kentzea: «Azken hamabost urteotan egin ditudan irudiak hartu, eta diskurtso eta konnotaziorik gabe uztea, hustea, joko bisual berriak sortuz». Pentsatzen du pintura eta marrazkiak direla komunikatzeko modu sotilak. «Sor ditzaketen emozio eta sentsazioetan oinarrituta daude, ez, ordea, definitu dezakezun zerbaitetan». Horren harira, arte garaikidearen mesedetan bi diziplinak «oso debaluatuta» daudelakoan dago. «Artisautza gisa hartzen dira, egun bizi dugulako artearen desmaterializazioa. Inportantea zer da egun? Ideia, kontzeptua, artxiboa, nola jarri harremanetan artea jakintzaren beste aspektu batzuekin». Eta hori esperientziagatik esaten duela dio: «Hemen oso zaila da beken zirkuituan sartzea pintura eginez». Halere, pinturak oraindik ere «publiko zabalarekin» harreman zuzena duela eta publiko horrek artea «horrelakoan» topatzen duela irizten dio.

Nemours-eko pare bat marrazkiren iturburua Jon Andoni Martin argazkilari azkoitiarraren argazki batzuk dira, eta erakusketaren arteaz eta diseinuaz Daniel Benitez mexikarra arduratu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.