Galizia gordin baten idazlea

Xose Neira Vilas idazle galiziarra hil da, 'Mutiko baserritar baten oroitzapenak' eleberri arrakastatsuaren egilea.

Xose Neira Vilas, duela hilabete, Vila de Crucesen, Anisia Miranda zenaren omenezko ekitaldi batean. XOÁN REY / EFE.
Juan Luis Zabala
2015eko azaroaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Galizierazko literaturak inoiz izan duen nobelarik arrakastatsuena eta zabalduena da Memorias dun neno labrego, Xose Neira Vilasek aurrenekoz 1961ean argitaratua eta Labayru Ikastegiak Andres Urrutia egungo euskaltzainburuaren itzulpenean euskal irakurleari 1988an Mutiko baserritar baten oroitzapenak izenburuarekin emana. Neira Vilasen heriotzaren albisteak dolua ekarri du Galiziako literaturaren mundura herenegun goizaldeaz geroztik, oso idazle maitatua izan baita duela 87 urte Pontevedra probintziako Vila de Cruces kontzejuko Gres parrokian jaio eta atzo, herritarren eta letra-lagunen azken agurra jaso ostean, jaioterrian ehortzitakoa.

Hamabost hizkuntzatara itzulia dago Mutiko baserritar baten oroitzapenak, eta eleberriaren 600.000 ale baino gehiago saldu dira orotara. Egitura eta forma aldetik aparteko konplikazio gabeko nobela da. Balbino du protagonista, herri txiki batean bizi den familia laborari txiro bateko semea. Familiaren egoera ekonomikoak Galiziatik alde egitera behartuko du Balbino. 36ko gerraren osteko Galiziaren erretratu errealista bat da nobela, idazlearen bizi esperientzian oinarritua neurri handi batean, hark ere 1949an, 21 urterekin, Galizia utzi eta Buenos Airesera joan beharra izan baitzuen.

Buenos Airesen Anisia Miranda idazlea ezagutu zuen, eta harekin ezkondu eta gero Kubara aldatu zen. 31 urtez bizi izan ziren han biak, harik eta 1992an Neira Vilas jaioterrira itzuli zen arte, emaztearekin batera. Mirandak eta Neira Vilasek Galiziako kultura suspertzeko askotariko lanak egin eta bultzatu zituzten hala Buenos Airesen nola Kuban, eta Galiziara etorri eta gero zeregin horretan jarraitu zuten, Xose Neira Vilas fundazioaren bitartez. Anisia Miranda 2009ko urrian hil zen.

Alargundu eta gero ere lanean jarraitu zuen Neira Vilasek. Hil honen 15ean aurkeztu zuen bere azken eleberria, eta Querido Tomás nobelaren antzerkirako egokitzapen baterako lanean ari zen, Santiagon urtarrilaren 8an egingo den estreinaldiari begira.

Pobreziak banatuak

Neira Vilasen nobelarik esanguratsuenetako bat da Querido Tomás. 36ko gerraren osteko pobreziaren ondoriozko migrazioaren berri ematen du lan horrek ere —Mutiko baserritar baten oroitzapenak-ek bezala—, baina Sara izeneko berrogeitaka urteko maistra batek lehen pertsonan egindako kontaketaren bitartez. Sara Galiziako herri txiki batean gelditzen da lanean, baina Tomasek Ameriketara joan beharra dauka bizibide bila. Pobreziak eta iraganeko gertakari politikoek urratutako amodiozko istorio bat da Sara eta Tomasena.

Xente no rodicio liburuan (1965) Galiziako baserri giroko kontakizunak bildu zituen Neira Vilasek. Txirotasunak zapaldutako gizarte baten erretratuak dira, errealitatearen gordintasunari aurrez aurre erreparatzen diotenak. Camiño bretemoso nobelan (1967) txirotasunak behartuta Buenos Airesera eta Argentinako hegoaldera joandako gizon baten gorabeherak ditu kontagai. Lehen pertsonan dago kontatua, eta bakarrizketatzat jo ahal izango litzateke, kontalariak duen entzule baten tartekako agerpenengatik ez balitz. Remuiño de sombras nobelan (1973) collagearen teknika erabili zuen migrazioaren ikuspegi kaleidoskopiko bat emateko. Aqueles anos do Moncho-n (1977) 36ko gerraren garaian Galiziako herri txikietako izu giroa islatu zuen.

Haur eta gazte literaturako kontakizunak ere argitaratu zituen Neira Vilasek. Haietako bat Elkar argitaletxeak kaleratu zuen 2007an: Txorimalo kutuna. Pako Aristik egina da itzulpena, abiaburutzat jatorrizko bertsioa hartuta, Espantallo amigo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.