Zinema

Gametxo, Gurrea, Lertxundi eta Olaizola, Kimuak programaren katalogoan

Zortzi film labur hautatu dituzte aurtengo sortarako. Hiru euskara hutsezkoak dira: Gametxoren Berak baleki, Gurrearen Heltzear eta Maguregiren Trumoiak.

Lur Olaizolaren 'Zerua blu' filmeko irudi bat. KIMUAK
Andoni Imaz.
2021eko ekainaren 7a
20:07
Entzun

Kimuak programaren 24. aldiaren deialdira aurkeztutako 47 film laburrak aztertu eta gero, honako zortzi hauek hautatu dituzte aurtengo katalogoa osatzeko: Azaletik azalera (Mel Arranz), Berak baleki (Aitor Gametxo), Heltzear (Mikel Gurrea), Inner Outer Space (Laida Lertxundi), Resonancias (Iñigo Aranburu), Trumoiak (Iker Maguregi), Ur azpian lore (Aitor Oñederra) eta Zerua blu (Lur Olaizola). Eusko Jaurlaritzak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez sustatzen du programa, Euskadiko Filmategiaren eta Zineuskadiren laguntzarekin, filmak nazioartean zabaltzeko asmoz.

Hautaketa batzordean aritu dira Vanesa Fernandez Zinebiko zuzendaria, Ainhoa Fernandez de Arroiabe EHUko irakaslea, Victor Lamadrid Spain Film Commissioneko presidenteordea, Alfonso Lopez Donostia Kulturako Zinema arloko teknikaria eta Ane Esperanza Donostiako Zinemaldiko Dokumentazio arloko eta hautespen batzordeko kidea.

Film labur gehienak fikziozko lanak dira; horietatik bi, animaziozkoak. Euskara hutsezkoak dira Berak baleki, Heltzear eta Trumoiak; euskarazkoa eta ingelesezkoa da Inner Outer Space; euskarazkoa, frantsesezkoa eta ingelesezkoa Zerua blu; gaztelaniazkoa Resonancias; eta gaztelaniazkoa eta txinerazkoa Ur azpian lore. Azaletik azalera-k ez du elkarrizketarik.

'Azaletik azalera'

Mel Arranzen (Gasteiz, 1998) lehen filma da. Animazio lan bat da: lerro eta formen artean, eskuak elkar ukitu, ezagutu eta esperimentatzen dute, azalen arteko mugak hautsi nahian.

Arranz Arte Ederretan graduatu zen EHUn. Zenbait arte erakusketatan parte hartu du, eta bere lan artistikoa sormen lantegien irakaskuntzarekin uztartzen du.

'Berak baleki'

Martinek ilusioz betetzen du egunero lan egiten duen platoa. Bere bizitza pertsonalean, berriz, hutsune handi bat sentitzen du. Iñigo Aranburuk gorpuzten du istorio horretako protagonista, eta Eneritz Artetxek, Koldo Olabarrik eta Jokin Uribelarreak osatzen dute aktore taldea.

Aitor Gametxo (Lekeitio, Bizkaia, 1989) zinemagileak narratiba tradizionalak eta esperimentazio formala uztartu ohi ditu. Lan ugari sortu ditu azken urteetan: besteak beste, Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2013), Maria Elorzarekin eta Maider Fernandezekin batera; Bere bizitzetako bat (2014); Cicha Symfonia (2017); eta Hemen. Gaur. Berriz (2020).

[vimeo]https://vimeo.com/88522506[/vimeo]

'Heltzear'

Haizea Oses, Mikel Arruti eta Oier de Santiago dira Heltzear filmeko protagonistak. Mende aldaketako Donostian girotutako fikzioa da, eta euskal gatazkaren ingurukoa da. Sara, 15 urteko eskalatzailea, kanpoan den bere anaiari gutuna idazten ari zaiola, gogor entrenatzen ari da bere bizitzako igoerarik zailenerako.

Mikel Gurreak (Donostia, 1985) bigarren film laburra du Kimuaken; 2015ean Foxes-ekin hartu zuen parte. Bartzelonan eta Londresen egin zituen zinema ikasketak, eta bere film laburrak zenbait zinemalditan eman dituzte. Udan da lehen luzea filmatzekoa: Suro. Lehenagokoak dira Txoria (2013), Rojo en el agua (2010), Los gatos del tejado (2009) eta Primo (2008).

'Inner Outer Space'

Laida Lertxundi zinemagile entzutetsuaren pieza esperimental bat da Inner Outer Space. Barnekotasunaren eta ekologiaren gaineko gogoeta bat egin du, indibidualaren eta komunitarioaren ideiak lantzen. Aktore ez-profesionalekin zentzumen ariketak egin dituzte —elkarrizketa telepatikoak, paseoak begiak estalita...—, eta konfinamendu osteko errealitateaz jardun dute horrela.

Laida Lertxundi (Bilbo, 1981) AEBetan bizi izan da hemezortzi urtez, New Yorken lehenengo eta Los Angelesen ondoren. Arte Ederretan lizentziatu zen, eta Maya Deren saria eman zioten graduatu zenean. Kaliforniako Arteen Institutuan ere ikasi zuen. Irakasle ere aritu izan da; Elias Kerejeta Zine Eskolaren sorreran parte hartu zuen, eta hor ari da lanean oraindik ere. Dozena bat film sortu ditu azken hamar urtean, hamasei milimetrotakoak gehienak, eta mundu osoko zinemaldietan eta arte zentroetan erakutsi izan dituzte. Lan horietako batzuk dira Footnotes to a House of Love (2007), Cry When It Happens (2010), 025 Sunset Red (2016) eta Words, Planets (2018).

'Resonancias'

Iñigo Aranburu da fikziozko film honetako zuzendaria eta protagonista. Atzo grabatutako soinuak eta ahotsak gaur erreproduzitzen dira, erresonantzia kaxa handi batean.

Aranburu (Donostia, 1971) aktorearen lehen lana da zuzendari gisa. Aktore aritu da, besteak beste, Handia (Aitor Arregi eta Jon Garaño, 2017), Diecisiete (Daniel Sanchez Arevalo, 2019) eta Hil kanpaiak (Imanol Rayo, 2020) filmetan.

'Trumoiak'

Jolasean ari diren bi anaiek autokarabana bat aurkitzen dute. Jaberik ez da ageri inguruan, eta barrualdea aztertzen dute, arriskuak erakarrita. Aktoreak Peio Bilbao, Tasio Bilbao eta Daniel Gomara dira.

Iker Maguregi (Getxo, Bizkaia, 1996) Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatu zen, eta zuzendaritza ikasketak ere egin ditu, Bartzelonako ESCAC zinema eskolan. Azken otsoa (2018) gradu amaierako lana Zinebin hautatu zuten, besteak beste. Trumoiak zuzendaritza masterreko lana du.

'Ur azpian lore'

«Ezin nion inori ezer kontatu. Bakarrik nengoen». Animazio horren protagonista bakarrik dago, eta inori kontatu ezin dion sekretu bat dauka.

Aitor Oñederrak (Deba, Gipuzkoa, 1983) bigarren aldiz hartu du parte Kimuaken bakarka: I Said I Would Never Talk About Politics aurkeztu zuen 2015ean. Gainera, Beti bezperako koplak (2016) eta Areka (2017) film kolektiboetan lan egin izan du. Arte Ederretan lizentziaduna da, eta bideogile eta ilustratzaile gisa aritzen da lanean. 2008an, Animadeba animazio zinemaldia sortu zuen.

[youtube]https://youtu.be/Xk8LambazFM[/youtube]

'Zerua blu'

1954ko urtarrilaren 24ean, 22 urteko Mamaddik itsasontzi bat hartu zuen Le Havretik New Yorkera. Baina bere bidaia lehenago hasi zen herriko zineman, pantailatik atera eta inoiz desagertzen ez diren irudiekin: Cadillac ederra, neska gaztea, zerua blu.

Lur Olaizola (Donostia, 1988) zinemagile eta programatzailearen bigarren filma da Zerua blu. Joan den urtean estreinatu zuen, Zinebin, eta Espainiako film laburrik onenaren saria eman zioten. Aurretik, Xulia egin zuen (2019); pertsona baten memorian arakatu zuen dokumental hartan, eta bide horretatik jarraitu du lan berrian ere. Olaizola Tabakalerako zinema arloko arduraduna da, baita Elias Kerejeta Zine Eskolako irakaslea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.