Mahatma Gandhik euskaldunengan izan dezakeen esanahia eta garrantziari buruzko irakurketa baten hastapena egin du Pruden Gartziak. Hori da, esaterako, Jakin aldizkariaren aurtengo bigarren zenbakiaren gaietako bat—189.a da guztira—. Aldizkariak kasu honetan ez du gai nagusirik jorratu. Hartara, lau artikulurekin osatu dute Gaiak saila. Agosti Xaho eta Juan Goianarte idazleen bizitza aztertu dute beste bietan, eta laugarrengoan, berriz, postmodernitateak euskal literaturaren esparruan izan duen isla ikertu dute .
Gartziak Gandhiren ibilbidearen bi alderdi jorratu ditu bere lanean. Batetik, identitatearen auzia. Horretan, protagonistaren britainiar eta indiar identitatearen arteko gatazka aztertu du. Bestetik, hizkuntz arazoan ere arakatu du; izan ere, gujaratera bere ama hizkuntzaren alde egiten zuen Gandhik.
Bigarren artikulua da Gandhiri buruzkoa. Aurrenekoan Xaho (Atharratze, 1811-Baiona,1858) idazle eta politikariaren bizitzari eta ibilbide intelektualari gainbegiratua egin dio Xabier Zabaltzak. Hiru alderdik gorpuztu dute artikulua: historiari buruzko ikuspegiak, euskal kulturaren jatorriari eta izaerari buruzko ikusmoldeak, eta ideologia politikoak. Iraitz Urkulok osatu du hirugarren artikulua, postmodernitateak euskal literaturan izan duen islari buruzkoa. Hori egiteko, euskal narratibaren bi lan xehetu ditu: Gonzalo Etxagueren Ahots bilduma (2003), eta Jon Martinen Ero (2008).
Laugarren eta azken artikuluan Juan Ramon Zabala Juan Goianarte (Arrasate, 1900-Goyena, Argentina, 1967) idazle eta argitaratzaile arrasatearraz mintzo da; XX. mendeko euskal diasporaren protagonistetako baten bizitzaz eta obraz, hain zuzen ere. Goianartek Argentinan garatu zuen bere lana, eta haren biografia osatzen saiatu da Zabala.
Egunen gurpilean sailean, berriz, azken hilabeteetako berrien iruzkinak egin dituzte Haize Barcenillak (artea), Inaki Irazabalbeitiak (teknozientzia), Goizalde Landabasok (literatura), Lionel Jolyk (soziolinguistika) eta Josu Larrinagak (glokalia).
Gandhik euskaldunengan izan dezakeen esanahia aztertu du 'Jakin' aldizkariak
Agosti Xaho eta Juan Goianarte idazleen bizitza ere ikertu dute aurtengo bigarren zenbakian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu