Bitoriano Gandiagak duela ia 50 urte Oñatiko (Gipuzkoa) Araotz auzoan jasotako kantu, istorio eta bertsoak biltzen dituen liburua kaleratu du Arantzazu Frantziskotar Edizioak argitaletxeak, Paulo Agirrebaltzategik — Gandiaga zenaren idazkien arduradunak— apailatutako edizio kritikoan. Araozko kantuak eta kontuak Bitoriano Gandiagak araoztarren ahotatik batuak du izenburu osoa liburuak. Sarrerako testuez gain, bost kapitulu ditu liburuak, eta izenburuei erreparatuz gero haietako bakoitzak zer dakarren ederki antzematen da: Kantu-kantari, Kontu-kontari, Bertso-sortari, Araoztarren ohiturak eta sineskerak eta Araozko pandero-joleen zazpi kanta.
Araozko parroko-ordea izan zen Gandiaga hiru ustez, 1965eko irailetik 1968ko irailera arte, baina, apez lanetatik aparte, herritarrengandik kantuak, istorioak eta bertsoak jasotzen ere eman zuen denbora. Karpeta txiki batean jasota aurkitu zituen bilketa lan haren fruitu ziren orriak eta kaseteak Agirrebaltzategik; berak Araotz sorta izendatu duen karpetan.
Karpetatik liburura
Karpeta horretako testuak ahal zen neurrian osatu, txukundu, ordenatu eta sailkatzeaz gain —Pello Zabalaren laguntzaz, batez ere doinuen transkripzioak egiteko—, Gandiagak Araotzen bildutako kantak eta bertso sortak beste inon erekantatu izan diren egiaztatzen eta barianteak ezagutzen saiatu da Agirrebaltzategi, Gandiagak bildutako kantu, istorio eta bertsoen edizio kritikoa osatzeko. Kantu eta bertso sorta batzuk aski ezagunak dira Araoztik kanpo ere —Auspoa sailean daude haietako batzuk; eta bada, adibidez, Txirrita, Xenpelar eta Altzoko Imazen bertsorik—; kantu gehientsuenen arrastorik ez du ordea aurkitu Araoztik kanpo. «Horrek ez du esan nahi derrigorrean Araotzen bakarrik kantatuak izan zirenik», ohartarazi du.
«Ez da Araozkoa Gandiagak etnologian edo folklore bilketan egindako lan bakarra», ekarri du gogora Agirrebaltzategik. Euskaltzaindiak Arantzazun antolatutako Euskaltzaleen Biltzarrean, 1956an, Gandiagak hitzaldi luze bat eman zuen, Arantzazuko folklore-gaien biltzeaz izenburuarekin. «Horrek erakusten du gaztetatik hasi zela lan horretan, gaztetatik izan zuela herri literaturaren inguruko interesa. Eta folklore-gaiak biltzeko interesa izateaz gain, elementu horietako asko baliatu ere egin zituen bere lan literarioetan».
Folklore bilketa gisa duen balioaz gain, liburuak Gandiaga eta haren kezkak eta burubideak hobeto ezagutzeko aukera ematen du. Araozko kantuak eta kontuak ez da, Agirrebaltzategiren ustez, Gandiagaren alderdi ezezagun bat agerian uzten duen liburua, Gandiagaren alderdi ez oso ezagun bat —herri kantu, istorio eta bertsoen biltzailearena— «azpimarratzen» duena baizik.
Gandiagak Araotzen jaso zituen kantu, bertso eta ipuinak argitaratu dituzte
Paulo Agirrebaltzategik apailatu du poetak 1965 eta 1968 artean bildu zuen materialarekin osatutako liburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu