Xabier Gantzarainek (Azkoitia,1975) irabazi du Tene Mujika VII. Beka, eta arte garaikidea eta historia lotzen dituen ikerlan bat egingo du datozen hilabeteotan. Idazleak berak azaldu duenez, bere asmoa da «historiari artearen aldetik heltzea, eta arteari historiaren aldetik, eta Euskal Herriaren azken hirurogei urteetako historia arte plastikoetan nola jaso den aztertzea». Lorea Agirrek, Alberto Barandiaranek eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak hartu du erabakia.
Gantzarainek hainbat euskal artista garaikideren lana aztertuko du, eta beren garaiarekin lotuko ditu. Berak azaldu duenez, artistak aukeratzeko irizpide nagusia artelanetan «gure inguruko kontuak azaltzea eta lantzea» izan du. Adierazi duenez, irizpide subjektiboago bat ere izan du; «azkenean gustatzen zaizkidan lanak dira, niri onak edo interesgarriak iruditzen zaizkidanak, eta horiek beste sakontasun batekin aztertzeko gogoa neukan», azaldu du Gantzarainek. Beste askoren artean, Ibon Aranberri, Asier Mendizabal, Saioa Olmo, Juan Perez Agirregoikoa, Maider Lopez, Itziar Okariz, Txomin Badiola eta Iñaki Garmendiaren lanak aukeratu ditu.
Ikono bihurtzeko gaitasuna
Gaia aukeratzeko garaian, bereziki motibatu du artelanek sinbolo bihurtzeko eta ikono gisa funtzionatzeko duten gaitasunak. «Proiektu hau egin behar nuela erabakitzeko, inportantea izan zen ETAk borroka armatua utzi zuela esateko Gara egunkariak atera zuen azala, non erdia edo, Zumetaren Gernika lanak hartzen zuen. Noski, momentu hartan inportanteena ez zen zer portada atera zuten esatea, baizik eta albistea. Baina denborarekin konturatu nintzen eta, gainera, ikusita inork ez zuela ezer aipatzen, nola hartu dugun, gauza normal-normala bezala, azalean koadro bat agertzea, eta zein eta Zumetaren Gernika, horrek dakartzan irakurketa eta konnotazio guztiekin. Picassoren Gernika ere hor dugu, baina ez, guk Zumetarena aukeratu dugu. Zergatik? Pixka bat galdera horiek ibili nituen buruan eta, aurretik ere asmoa banekarren , hori izan zen bideratu ninduena».
Gantzarainek azaldu duenez, gure artistek asko landu dute euskaldunon gatazkak, ohiturak, gizarteak eta paisaiak azken hamarkadetan izandako aldaketak. Izan ere, artistak, beste guztiok bezala, beren garai historikoari lotuta daude. «Arlo guztietan gertatzen da hori, literaturan berdina gertatzen da, musikan ere bai, baita jantzietan ere, denok gara gure garaiaren seme-alabak, eta egiten ditugun gauza guztiak daude lotuta bizi garen munduarekin. Batzuetan nabarmenago ikusten da, besteetan ezkutuago dago». Bere ikerlanean topatu du lan askotan hori zentrala dela, artistak bizi diren momentua hartu eta aztertzen dutela hainbat ikuspegitatik, baina oraindik ez daki oso ondo artelan horiek zer presentzia duten gure iruditerian.
Artea, bazterreko kontu
Artea bazterreko kontua dela pentsatzen du Gantzarainek, eguneroko bizitzan leku gutxi izaten duena. «Beste diziplinekin alderatuta, askoz urrunago dago. Jendeak, oro har, arte garaikideari beldurra dio, edo hasieratik baztertzen du atzeraka botatzen duelako, eta hor badago nolabaiteko urruntze bat, seguruenik normala dena». Hori da, haren ustez, euskal artista garaikide gehienek etxean izen handirik ez izateko arrazoietako bat; «hori betikoa da, baina artistekin, nire ustez, nabarmenagoa da, artista asko daude oso onak, kanpoan errekonozimendua jaso dutenak eta Euskal Herrian apenas ezagutzen ditugunak». Azaldu duenez, hori ere bazegoen liburua egiteko asmo horretan. Baina argi utzi nahi izan du ez duela arte hiztegi bat egingo, baizik eta artea historia berrikusteko aitzakia dela.
Xabier Gantzarain idazle eta arte kritikaria da, eta Arte Ederretan lizentziaduna EHUn. Arte Garaikidearen Historian eta Ikusizko Kulturan masterra du Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Horretaz gain, Artelekuko Zehar aldizkariaren editorea izandakoa da, eta Lisboa min; Van Gogh, bihotzean eguzkia eta Epelde, mende baten soinua liburuen egilea da. Hainbat hedabidetako kolaboratzailea ere bada, baita BERRIAKOA ERE.
Historia hurbila berreskuratuz
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten Tene Mujika beka, 2005. urtean, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko asmoz. Aurretik honako hauek irabazi dute beka: Ramon Olasagastik, Alberto Barandiaranek, Imanol Murua Uriak, Mikel Garziak, Mikel Markezek, Pako Aristik eta Ainara Gorostitzuk.
Gantzarainek euskal arte garaikidearen eta historiaren inguruko ikerlan bat egingo du
Tene Mujika beka irabazi du; euskal historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko helburua du bekak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu