Orain arte, hainbat dokumental eginak zituen Chema Rodriguez zuzendariak, eta Anochece en la India da haren lehenengo fikziozko lana. Hala ere, dokumentaletik asko duen pelikula bat da; izan ere, road movie baten itxurapean, benetako gertaera batean oinarri duen bidaia luze baterako gonbita egin nahi du.
Filmak kontatzen duena benetako pertsonaietan eta gertaeretan oinarrituta dago. Lorenzo del Amo izeneko pertsona dago protagonistaren atzean. Rodriguezek hura ezagutu zuen, eta haren bizipenen inguruko liburu bat argitaratu zuen 2003an: Anochece en Katmandu. Orain, berriz, izenburua zertxobait aldatu eta pelikula egitea erabaki du.
Lorenzo benetako protagonista Indian bizi izan zen iazko mendeko 1970eko hamarkadan. Han, orduko beste europar askoren moduan, hippy baten gisara bizi izan zen. Bertan ezagutu zuen Adinda, eta biek oso urte zoriontsuak izan zituzten. Egun batean, baina, Adindak batere hippya ez zen estatubatuar dirudun batekin joatea erabaki zuen.
Europara itzuli zen orduan Del Amo. Kamioi bat erosi, eta bidaiariak garraiatzen hasi zen: ekialdera hasieran, Afrika aldera ondoren. Egun batean, Niger ibaian bainatzen ari zenean, istripu bat izan zuen, eta tetraplegiko gelditu zen. Orduz geroztik, gurpildun aulki bati lotuta bizi da, eta haren betiko ametsa Indiara itzultzea izan da.
Rodriguezek Indiarako bidaia hori bera egin zuen 2000n, errepidez, pelikulan kontatzen den iguala. Mamu baten modukoa zen Adinda hori aurkitu nahi izan zuen, baina ez zuen helburua lortu. Horren ordez, itzulitakoan liburua idatzi zuen, eta orain, berriz, filma egin du.
Abiapuntu horretatik, istorioa zertxobait fikzionatu du Rodriguezek. Ricardo eta Dana dira pelikulako protagonistak. Garai batean joaten zen bezala, Ricardok Indiaraino joan nahiko du; baina ez hegazkinez, baizik eta lurrez, hippy garaiak berpiztuta. Horretarako, Europa, Turkia, Iran eta Pakistan zeharkatu behar ditu, eta gauzak ez daude garai batean bezain errazak bidaiatzeko.
Zoriontasunaren lurraldera
Izan ere, Ricardok azken hamar urteak gurpil aulki batean pasatu ditu, eta gaixotasun larria du; azken fasean sartzen ari dena, gainera. Hain zuzen ere horregatik, zoriontasuna ezagutu zuen leku horietara itzuli nahiko du.
Harekin batera, Dana haren laguntzaile errumaniarra joanen da bidaian. Biak ala biak pertsona bakartiak dira, eta bakoitzak bere istorio pertsonala dauka, gainera. Bizitzak haiekin zor bat du, eta hura kitatzeko garaia heldu dela uste dute. Bidaia hori horretarako aproposa izanen da.
Anochece en la India Malagako Zinemaldian aurkeztu zuten, eta bi sari eraman zituen. Batetik, Juan Diego aktore espainiar beteranoak aktore onenaren saria eskuratu zuen. Horrez gain, muntatze onenaren saria ere irabazi zuen filmak.
Rodriguez 2006an eman zen ezagutzera Estrellas de la línea dokumental gogor eta hunkigarriarekin. Guatemalako prostituta talde baten inguruko pelikula zen hura. Oso egoera gogorrean bizi ziren, eta, atentzioa emateko, futbol talde bat egitea erabaki zuten.
Horren ostean, beste bi dokumental gauzatu ditu Rodriguezek. Aurrenekoa, mugalari lana egiten dutenen ingurukoa: Coyote (2009). Azkeneko dokumentala orain dela hiru urtekoa da, El abrazo de los peces, kutsu autobiografikoa zuena, hain zuzen ere. Izan ere, 18 urteko alaba itsu eta gorrak egunerokoari nola aurre egiten dion kontatzen zuen film horretan.
'ANOCHECE EN LA INDIA'
Zuzendaria: Chema Rodriguez.
Aktoreak: Juan Diego, Clara Voda, Javier Pereira.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2014.
Iraupena: 94 minutu.
Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Zinema
Garai bateko paradisuaren bila
'Anochece en la India' da Chema Rodriguez zinemagile espainiarraren lehen fikziozko pelikula

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu