«Garaipen bat da 20 urteren ostean agertokietan egon ahal izatea»

Hainbat musikarik abestu dute 'Zorion argiak' Betagarriren lan bikoitzean; Francis Diezek, Garik eta bestek

Betagarri taldeko musikariak, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ibilian-ibilian, 20 urte egingo ditu Betagarrik musikaren munduan. 1993an, taldea osatu zutenean, ez zuten espero horren bide luzea egingo zutenik. «Guretzat garaipen bat da oraindik agertokietan egotea, baita gure bizitzaren erdia musikari emateko aukera eduki izana ere», adierazi du Iñaki Ortiz de Villalva abeslariak. Ospatzeko eta ibilbidean urrats bat aurrera egiteko xedez, Zorion argiak disko bikoitza atera du Gasteizko taldeak, Elkar diskoetxearekin.

Ez da disko arrunta. «Lagun» dauzkaten musikariak gonbidatu dituzte: 11, denera. Honako hauek parte hartu dute: Virginia de la Casak (Zenbatetan abestian), Enrique Villareal El Drogas-ek (La sombra), Pirritx eta Porrotxek (Lagunak), Mikel Urdangarinek (Atzoko egunak), Tonino Carotonek (Igande goiza beti), Xavi Sarriak (Jaio nintzen), Iñigo Muguruzak (Nire bihotza), Garik (Koloreen jabe), Mareako Kutxik (Presaka), Francis Diezek (Egun alaiak) eta Soziedad Alkoholikako Juan Aceñak (Musika bizi).

Ortiz de Villalvak azaldu duenez, kantu horiek ez zituzten espresuki gonbidatuentzat prestatu. Sortu ahala konturatu ziren ematen zituzten aukerez. Izan ere, Betagarrikoek hiru urte igaro dituzte diskoa prestatzen. Bizitzari txistuka azken diskoa (Elkar) atera zutenetik, hain justu. Eta, alde horretatik, abestiak «oso Betagarrirenak eta berri-berriak» direla azaldu du Ortiz de Villalvak. Nolanahi den, musikari bakoitzak bere estilora eraman ditu, horrelakoetan ohikoa denez. «Eta oso pozik gaude emaitzekin», nabarmendu du. Abesti batzuk «goitik behera» aldatu direla diote. «Garik beste melodia batekin kantatu du, eta, abestia entzunda, badirudi Gari dela, edo Hertzainak».

Gainerako abestietan betiko Betagarri sumatuko du entzuleak, hasieratik bertatik. «Badaude erritmo biziagoak eta motelagoak, gure zigilua daraman kutsu alai horrekin denak ere». Esan duenez, «ska, reggae eta rock doinuak dauzkate abesti guztiek. Eta, gonbidatuen arabera, alde batera edo bestera egiten dute kantuek».

Gonbidatuen kantuen letra gehienak Unai Loborenak dira, eta maitasuna, egunerokotasuna eta bizitza ikusteko modu desberdinak dituzte ardatz. Betagarrik jo dituen kantuak, ordea, politika eta giza arazoez ere mintzo direla esan du Ortiz de Villalvak.

Estudioko lanak luze jo du. Taldeak Gasteizen duen lokalean eta Elkarren Donostiako estudioan grabatu dituzte Zorion argiak diskoko 23 abestiak, Jean Phocas teknikariarekin. Eta orain, zuzenean emateko irrikan dira.

Kontzertua, Internet bidez

Azaroan ekingo diete aurkezpen kontzertuei. Ahetzeko plazan (Lapurdi) egingo dute lehena, azaroaren 10ean. Azaroaren 16an joko dute Andoaingo gaztetxean (Gipuzkoa); azaroaren 22an, Bilboko Kafe Antzokian; abenduaren 8an, Durangoko Plateruenan (Bizkaia); abenduaren 28an, Donostiako Dokan; eta urtarrilaren 4an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. «Oso zail» ikusten dute diskoan bildu dituzten musikariek kontzertuetan parte hartzea, baina ez dute baztertzen taldearen 20. urtemuga ospatzeko zuzeneko emanaldi handi batean denak batzeko aukera. «Zoragarria izango litzateke».

«Izugarri» gustatuko litzaieke, halaber,Euskal Herritik kanpoko bira bat egitea. Baina esan dute gaur-gaurkoz ez dutela ezer lotuta, eta gainera «ia ezinezkoa» dela. «Birak defizitarioak dira. Bederatzi gara taldean. Norbaitek esango baligu gastuak ordainduta dauzkagula, animatuko ginateke, ezer irabazi gabe ere. Baina gauzak nola dauden ikusita...».

Nolanahi ere, munduaren luze-zabalean ikusi ahalko den kontzertu bat emango dute abenduaren 14an, Gasteizko entsegu lokalean bertan. Interneten ikusteko aukera izango da, streaming bidez emango baitute. Azaldu dutenez, tarteka geldialdiak egingo dituzte, Twitterreko kontuaren bidez iristen zaizkien mezuei erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.