Garapen etengabean

Lou Topetek 'Esnatu dira' lehenengo diskoa aurkeztuko du gaur Donostian, Viktoria Eugeniako Klubean

Imanol Agirre, Garoa liburu dendakoa; eta Oier Aranzabal Lou Topeteko abeslari eta gitarrista. GORKA RUBIO / ARP.
mikel lizarralde
Donostia
2013ko urriaren 12a
00:00
Entzun
«Kritika txar bat noiz iritsiko zain gaude». Oier Aranzabal Lou Topet taldearen sortzailearen hitzek ondo adierazten dute Zarauzko laukoteak urtebete eskaseko tartean lortu duen oihartzuna. Komunikabideen eta hainbat kazetari espezializaturen arreta piztu du taldeak kontzertu gutxi batzuekin, eta, lehenengo diskoa atera aurretik ere, ahoz ahokoak «espektatiba handiak» piztu ditu. Hori dela eta, Esnatu dira estreinako lana kalean dagoela, «jendearen erantzunari» so daude taldekideak, haien inguruan sortu dena «gehiegizkoa ez ote den beldur».

Lou Topetek musika pausatua egiten du, kutsu amerikar handikoa, folkari lotua baina elektrizitateari irekia. Dotorea. Eta fintasun hori mamian ez ezik azalean ere transmititu nahi izan du taldeak. Disko bat baino «zerbait gehiago» baita Esnatu dira. Sei kantu biltzen ditu, bat instrumentala, eta haietako hiruren hitzak Jon Benitok idatzi ditu. Idazlearen beste lau poema —musikarik ez dutenak— ere biltzen ditu diskoko liburuxkak. Diseinua eta diskoaren azala, berriz, Alain Urrutiak egin ditu, eta artistaren margolan baten 100 aleko tirada bat ere egin dute kontzertuetan saltzeko. Baditu Esnatu dira-k bakan egiten duten bestelako ezaugarri batzuk ere: MP3 formatuan entzuteko gailu bat ere egin dute, esaterako. Biniloa Durangoko Azokarako izan nahi dute prest.

Taldeak ez du ohiko biderik segitu diskoa argitaratzeko. Ez diskoetxeren baten babesik, ez autoedizio hutsik; Zarauzko Garoa liburu dendaren babesean atera dute Esnatu dira.

Diskoa uztaileko bi astetan grabatu zuten Aranzabalek, Unai Martinezek (gitarra elektrikoa), Ander Zulaikak (perkusioa), eta Oihan Larrañagak (baxua) Andoaingo Garate estudioan, Martxel Arkarazorekin, eta «giro» jakin bat harrapatzeko gogoz, kantariak dioenez: «Zuzeneko emanaldietako giroa eraman nahi genuen diskora. Eta hori zen zailena». Modu analogikoan grabatu zituzten sei kantuak, «garai zaharretan bezala», eta emaitzarekin gustura gelditu dira. «Han bide ona urratzen ari ginela ikusi genuen, baina, orain, diskoa entzunda, lanak balio izan duela jabetu gara».

Diskoaren aurkezpen ofiziala gaur bertan egingo dute Donostian, Viktoria Eugeniako Klub aretoan, eta, Arantzabalek dioenez, «mimo handiz» landu dute. «Kontzertu berezia izango da, intimoa eta hurbila. Goxoa». Diskoko kantuak joko dituzte, bainabaita beste batzuk ere; orain arte zuzenean interpretatu dituztenak eta inoiz jo gabeko besteren bat. Aurretik, berriz, Moby Dick ariko da.

Etorkizunera begira ere badute beste disko bat miran. Hurrengo urtean grabatuko dute, eta «idatzi egiten duen» lagun baten testuak baliatu nahi dituzte. Partekatzen segitzeko. Aranzabalek dioen bezala, Lou Topet ez delako ohiko talde bat. «Hasieran ni nintzen, eta gero jende gehiago batuz joan da. Etenik gabeko garapenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.