Trenbideak. Itsasargiak. Urtegiak. Zubiak. XIX. mendean garapenaren izenean obra zibilak izan zuen garai «loriatsuan» jarri du arreta Juan Ugaldek (Bilbo, 1958), Nafarroako Unibertsitateko museoan ikus daitekeen Obra publikoak erakusketan. 1867an, Parisen egin zen Erakusketa Unibertsalean, orduko Espainiako gobernuak «harrotasunez» erakutsi nahi zuen «garapenaren bidean» egiten ari zen eraldaketa. Hala, Charles Clifford, Jean Laurent, Jose Martinez eta Auguste Muriel ibili ziren argazkiak ateratzen, besteak beste, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian. Hain zuzen ere, argazkilari horien 27 argazki hautatu, eta berera ekarri ditu artista bilbotarrak, erakusketari performance izaera emanaz. Lanak apirilaren 2ra arte ikusi ahal izango dira.
Ezustean harrapatzen du bisitaria Ugaldek. Nafarroako Unibertsitateko museoko lehen solairuko aretora sartu orduko, garai batean zubiak egiteko erabiltzen ziren egitura horietako bat dirudien egurrezko eraikuntza batekin egiten baita ia-ia tupust. Hain zuzen ere, artistaren ezaugarrietako bat da sorkuntzetarako erabiltzen dituen baliabide heterogeneoak. Iruñeko erakusketan, esaterako, egurra, margoak, argazkiak eta poesia baliatzen ditu, hainbat baliabideren artean. Artista moduan duen estetikagatik pop mugimenduarekin lotzen dute zenbait arte kritikarik, eta lotura hori «gogoko» duela aitortu du Ugaldek.
Erakusketarako XX. mendeko argazkiek bere obrarekin «bete-betean» egiten dutela «bat» onartu du Ugaldek. «Beti egiten aritu naizena dira; auzuneetako argazkiak ateratzen, dokumentalista bat banintz bezala». Sarritan, azoka txikietara jotzen du artelan berriak eraikitzeko sorburu diren argazkien bila. Horregatik, Nafarroako Unibertsitateak duen argazki funtsarekin «topo» egitea «estasi totala» izan dela adierazi du.
Obra publikoak erakusketaren kasuan, XIX. mendean Charles Cliffordek, Jean Laurentek, Jose Martinez Sanchezek eta Auguste Murielek kolodioi hezearen teknikaren bitartez ateratako irudietan oinarritu da. Argazkiak teknika horren bidez egitea ez da «batere erraza», esposizio denbora oso luzea izaten delako, batzuetan ia 30 segundo. Gainera, argazkia ateratzen den une berean errebelatu behar izaten dira. Hala, argazkiok «aurrez oso ondo» pentsatuta egin zirelako goraipatu ditu artistak.
Tamaina txikiko argazki horiei azkar batean begiratuta, garapenaren adierazle hutsak zirela iritzi zion hasiera batean artistak. Baina, tamainaz handitu ondotik iritsi zirela «ezustekoak», dio. Argazkiei aurrez aurre begiratu eta aurkikuntza berriak egiteko metodoa garatu du, gainera. Hala, aurkikuntza horiek bisitariaren eskura jarri ditu bere sorkuntzen bitartez, ohartu daitezen, «garapenaren» izenean, XIX. mendean eraikitako azpiegituretan beharrean aritzen zirenen lan baldintza «eskasez», garaiko paisaia «atsekabegarriaz» edota «ezberdintasun sozialez».
Orotara, 27 argazki daude ikusgai erakusketan. Aurrez aipatutako argazki historikoetan esku-hartzen du artistak, ordenagailuaren, margoaren, irudiaren edota collagearen bitartez. «Argazki bakoitzak islatzen duen mundua bere tokitik ateratzen dut, eta errealitatea eraldatzen dut». Ponton de la Oliva, Guadalajara lana ikusi besterik ez dago horretaz ohartzeko. Erakusketa osatzen duten gainontzeko koadroak bezala, espresuki eraikitako egurrezko egitura batean kokatu ditu. Koadroa bi zatitan banatu du, baina, elkarren ondoan jarrita, lortzen du nahi duen hori adieraztea. «Garaiko ohiko irudi bat zela zirudien, baina handitu, eta ohartu nintzen beharrean ari zirenak ez zirela langile arruntak, presoak baizik», dio Ugaldek. Hala, orduko errealitate sozial eta politikoa nolakoa zen jabetzeko baliatu du lan hori, kolore iluneko pintzelkadekin osatuz, berez iluna zen irudia are gehiago ilunduz.
Baina, XIX. mendeko gizartearen argi eta ilunak azaleratu arren, Ugalde artista jostalaria da funtsean. Izaera hori behin eta berriz azaltzen du «lotsarik» gabe, bisitaria asaldatu nahian. Ez duela bisitariak «epel» uzteko inolako asmorik. El Escorial obra izan liteke horren adierazle. Hondoan Madrilgo monasterioa dago, baina, azalean, inolako «konplexurik» gabe esku hartu du artistak. Hala, haurren margotzeko modua imitatuz, eguzkitakoak ematen duen itzalpea dagoen mahai baten bueltan bi lagun margotu ditu, baita katu erraldoi bat ere, koadroaren oreka apurtuz.
Labirintoko poesia
Ugaldek diseinatutako erakusketak ia labirintoa dirudi. Bisitariari ia iradoki egiten dio egin beharreko ibilbidea, «berez ez duen logika» bilatu dezan. Logika eza «areagotzeko» xedez, aretoko hormetan Leopoldo Maria Panero (1948-2014) poeta madrildarraren Asi se fundó Carnaby Street (Horrela fundatu zen Carnaby Street) poesia liburuko hainbat esaldi jarri ditu. «Paneroren barneko paisaia interesatzen zait, haurtzarora itzultzea delako». Hala, erakusketarekin loturarik izan ez arren, barnean «astindu» nahi du, eta bisitariari pentsarazi nahi dio. «Inoiz ez, inoiz ez, inoiz ez, inoiz ez, amaiera» da, hormetan irakur daitekeen Paneroren poemetako bat.
Garapenari, begirada gaurkoa
Duela bi mendeko 27 irudi «eguneratu» ditu Juan Ugaldek 'Obra publikoak' erakusketan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu