KRITIKA. Musika

Gardena bata, kilikatzailea bestea

Marta Garcia
2025eko maiatzaren 9a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

ORCHESTRE DES CHAMPS-ÉLYSÉES

Zuzendaria: Philippe Herreweghe. Egitaraua: L. V. Beethovenen 4. eta 7. sinfoniak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Maiatzak 7.

Duela bi urte Kursaalera egin zuten bisitan, Herreweghek eta Champs-Elysees Orkestrak indarrez eta heroismo puntu batez jantzitako programa eskaini ziguten Mozarten eta Beethovenen sinfonietan bi adoretsuenetakoak eskainiz —41. eta 3. sinfoniak, hurrenez hurren—. Oraingoan, Bonneko jenioaren ekoizpenari mugatuz, denboraren kariaz haren errepertorio sinfoniko zirraragarrian topatu daitezkeen maisulan betierekoen aldean toki apalagoa hartu duten bi sinfonia eskaini dituzte.

1806koa da laugarrena, eta denbora-tarte laburrean idatzi zuen (bi hilabete, besterik ez), Lichnowsky printze eta mezenasaren eskariz. Hirugarrenaren monumentaltasunaren eta bosgarrenaren intentsitate dramatikoaren artean kokatuta, beraz, Beethovenen sinfonia ezezagunenetakotzat jotzen da askotan, baina oreka, argitasun eta baikortasun handiko maisulana da. Hori da, funtsean, interpretazio on batean espero daitekeena; eta hori izan zen, hain zuzen, Kursaalean jaso genuena: organiko ezin hobean, lerro melodiko garbiak marraztu zituen orkestrak, ehunduran zama gehiegi jarri gabe, pasarte azkarretan arintasuna mantenduz. Harien eta haizeen artean, oro har, oreka izan zen nagusi, bereziki nabarmena Adagio-an. Eta Herreweghek, 78 urterekin mugimenduan apur bat mugatuta, jakin zuen dinamika eta kontrasteekin jolasten.

Lehen zatian nagusitu zen baretasun gardenaren ondoren, bigarren zatiari energia eta bizitasuna zeriola esan daiteke. Beethovenek errekuperazio fisiko eta emozionalak markatutako une batean osatu zuen, 1811. eta 1812. urteen bitartean. Denera, erritmoa bihurtzen du elementu nagusiena, eta badirudi oparotasun baikorra agintzen digula. Gauzak horrela, hariak pultsu konstanteari tinko eutsiz, erritmoa bera izan zen garaile, motibo ia obsesiboak nabarmenduz, zurruntasunean erori gabe. Esango nuke Allegretto-a bolumen handiegiarekin hasi zela, baina ez zuen Presto-aren izaera lausotu. Eta azken mugimenduaren crescendo-a progresiboki eraiki zuen batutak. Dena zegoen bere tokian, baita desordena ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.