Edo! argitaletxearen estreineko lana da Zu ikusteko bidean argazki liburua eta, era berean, Irunen bizi den Gari Garaialde argazkilari hondarribiarraren lehenengoa ere bada. 2005 eta 2009. urteen artean Herrera de la Manchako (Espainia) kartzelara Mirentxin furgonetan egindako bidaietan ateratako argazkiak bildu ditu. Presoen senideak eramateko boluntario talde batek furgoneta erosi zuen eta Mirentxin izena jarri zioten. Garaialde gidari bezala aritu zen, eta atsedenaldietan argazkiak ateratzen zituen, “sentsazioak jasotzeko”. Sentsasio horiek liburu bihurtu dira orain.
Lehenengo liburua duzu. Prozesu osoa zure eskuetan izan duzu: Ideia zurea zen, argazkien aukeraketa ere… Nolako esperientzia izan da?
Polita. Batez ere, prentsarako lan egiten dudanez [Argazki Press-eko argazkilaria da], orain arte nire lana izan da argazkiak atera eta sailkapen bat egitea, baina azken erabakia beti beste baten esku zegoen. Libururako goitik behera, neurria, azala, titulua, hitzak… nik erabaki ditut. Lana izan da, baina oso interesgarria.
Zer da liburuan azaldu nahi izan duzuna?
Berez bilatu nuena, egindako lanak liburuan bukatuko zuela jakin aurretik, jendea ezagutzea zen, beren sentsazioak ezagutzea. Bidaiak egiten hasi nintzen eta kuriositateak bultzatuta hasi nintzen argazkiak ateratzen. Bidaia zer zen, monotonia… hori jaso nahi nuen, eta libururako hori izan da trasmititzen saiatu naizena, sentsazio horiek.
Eta lortu duzu? Esan nahi dut, argazkilaria zarela, eta itzalak, koloreak, tonoak… inprentako paperera hori pasatzea ez dela erraza.
Betiko kezka da. Gainera, ni ohituta nago nire argazkiak egunkarian ikusten, eta ezin duzu kontralatu nola argitaratuko diren. Horregatik, kezka nuen. Gainera, inpresioa zuri-beltzean nahi nuen egin, argazki batzuk zikinak direlako, granodunak, baina koloretan egin behar izan dugu. Beldurra nuen, baina nahiko ondo geratu da.
Hori izan da zuk kontrolatu ez duzun prozesuko atal bakarra, inpresioa.
Egia. Egun batean inprentara joan nintzen proba bat ikustera. Gutxi gorabehera ondo zegoen, baina tonoak ez guztiz ondo, eta "nahiago pixka bat horrela" esan nien, beraiek "ideia hartu dugu" esan zidaten, eta horretan gelditzen zara. Zuri-beltzeko argazkiak koloretan botata kezka duzu, sekula ez dakizulako tono neutro hori aterako den edo koloreren batera ihes egingo duen, baina orokorrean oso gustura geratu naiz.
Non eros daiteke liburua?
Edo!-k ez du standik Durangoko Azokan, baina aurkezpenean liburuak salgai izan dira. Irunen Moskun, Hazia tabernan eta Kabigorrin eros daitele. Eskualdetik kanpora, Donostian Kaxildan, Bilbon Anti liburudendan, Gasteizen Zuloan eta Iruñean La Hormiga Atomican. Eta badakit beste lauzpabost herrietan badagoela.