Garikoitz Mendizabal (Zestoa, 1973) txistularia Hego Koreara gonbidatu dute datorren astean, bertako Chu Cheon eta Gyongbook orkestra filarmonikoekin itzulia egiteko. Tolosako Udal Txistulari Bandako kide Iñaki Letamendia eta Jesus Mari Garmendiarekin bidaiatuko da Mendizabal, eta Txistu Symphonic proiekturako sortutako piezak interpretatuko dituzte. Aurretik Bratislavako orkestrarekin landu zituen Mendizabalek Txistu Symphonic proiektuko piezak, baina atzerriko herrialde batean kontzertuan interpretatuko dituen lehen aldia dela adierazi du. “Ez dakigu zer topatuko dugun bertan, baina argi daukagu txistua mundura ezagutzera emateko aukera paregabea dela”.
Astebeteko itzulian bost kontzertu eskainiko dituzte txistulariek. Datorren ostiralean, Seulen, Chun Cheon orkestrarekin bakarlari moduan izango da Mendizabal, eta ondorengo egunetan bandarekin ariko da Dokdo uhartean, Busan hirian eta Espainiako enbaxadan. Euskal Herriko kultura embaxadore lana egiteko asmoa du txistulariak: “Txistua jotzearekin batera, gure kultura ezagutzera ematea da gure helburua, bertakoei Euskal Herrira etortzeko gogoa pizteko”. Mendizabalek Letamendia eta Garmendia aukeratu ditu bidailagun, haien arteko harremana “etxekoa bezala” delako: “Lagunminak gara, eta ziur nago haiekin kontzertuak primeran aterako direla”.
Herrialdeen arteko harremanak sendotzeko aukera ikusita, kulturaren ordezkariei babes ekonomikoa eman diete Tolosako eta Zestoako udalek. Bi herrietako ondarea erakusteko aukera dela aipatu du Tolosako alkate Ibai Iriartek. “Mendizabalen apustua ausarta da, eta asko eskertzen dugu Tolosako txistulari bandari eskainitako uste ona. Tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu txistuak, eta beraz, euskal kultura musikaren bidez ezagutzera emateko aukera paregabea da”. Hala, kontzertuetan bi herrietako gastronomia eta turismoa sustatuko dituzte.