Naia Del Castillo. Artista

«Garrantzirik gabeko gauzak engainagarriak dira: eztena dute»

Egunerokoek ezkutatzen duten itzala erakusten dute maiz Naia del Castillo artistaren lanek: gertuko zaigunaren arroztasuna. Ura eta folioak baliatu ditu azken urtebetean horretarako, eta egindako lanaren emaitza erakutsiko du bihartik aurrera Bilbon.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Ezinezko bat da, baina hori da sorkuntzaren gakoa, Naia del Castillo artistaren hitzetan (Bilbo, 1975): «Kontrolaezina kontrolatzea». Eskutan duenari ihes egiten utzi, eta, halere, gidari sentitzea. Gertuko zaizkigun objektuen itzala erakusten dute maiz bere lanek, eta antzera aritu da oraingoan ere. Beka batekin urtebete eman du BilboArten lanean, eta bertan egindako lana biltzen duen erakusketa zabalduko du bihar Bilboko Marzana galerian. Urpean erretratatutako emakumeak dira bildumaren oinarria, baina ezinegona sortzen dute irudiek artistaren eskuetatik pasatu ostean. Argazkiak inprimatu, eta orriak busti, urratu eta josiz aritu da oraingoan kontrolaezina kontrolatu nahian. Flujos deitu du bilduma (Jarioak) eta otsailaren 28ra arte izango da aretoan.

Zenbait iruditako neskak urpean erretratatu dituzu. Argazki horiek inprimatu, eraldatu, maskara moduko bat egin eta hura jantzita erretratatu duzu berriz hasierako neska. Bere irudiaren maskara jantzi diozu.

Bai, baina ez dut berdin jokatu irudi guztietan. Erakusketako hiru argazkirekin egin dut maskararena. Maskara argi ikusten da kasu horietan. Besteetan ere badaude elkarri gainjartzen zaizkion geruzak, baina ez dira hain argi bereizten. Eta hori da gakoa: zein da jatorrizkoa eta zein da kopia? [Jaques] Lacan psikoanalistaren dizipulu den Jean Lois Gault-ek arteari buruz egindako galdera bat du oinarrian erakusketak: «Zer nahi duzu nigandik». Esan daiteke erakusketaren arima dela galdera hori. Zer nahi duzu nigandik? Desira horrek erantzun behar bat sortzen du, eta horrek ezinegona dakar, eta nik uste ezinegon hori ikusten dela irudietako emakumeengan. Badirudi zulotxo batzuen barrutik atera, eta beren burua hautsi nahian dabiltzala.

Emakumeak, eta erdi atsegin eta erdi artegagarri diren irudiak. Zure bi konstante dira bi elementu horiek.

Gustatzen zaizkit gauza anbibalenteak, eta gauzen dualtasun hori. Interesatzen zait bi aurpegiko piezak egitea. Nire lana bizitzaren gaineko behaketa bat da, eta nire ustez denak du bere alde beltza eta bere alde zuria. Gauzarik ohikoenen perbertsio puntu hori interesatzen zait.

Oso ohikoak eta eskuragarriak diren objektuak erabiltzen dituzu zure lanetan. Ura da oraingoan, altzariak izan dira inoiz, ezpainetakoak...

Inguruan ditugun gauzak erabiltzen ditut maiz. Inoiz harribitxiekin ere egin izan dut lan, baina ordukoan zekenkeriari buruz aritu nahi nuelako izan zen. Oraingoan, halere, ura baino gehiago, uste dut orria dela piezetako elementurik ohikoena. Folioa. Collage teknika batetik gertukoa da lana. Eta pieza hauekin orriaren ertza erakusten nabilen sentsazioa dut. Moztuta bezala daude irudiak, eta zu zeu ere moztu zaitzaketela ematen du. Urratutako pertsonaiak dira irudikoak eta ez da zaila orriaren ertza imajinatzea. Paperak bere horretan utzi ditut. Asko landu ditut, baina ez naiz saiatu beste zerbaiten itxura har zezaten.

Beti egin izan duzu lan material mota horrekin?

Bai, unibertsitatetik beti aritu naiz gertuko objektuekin. Bizitzaren gaineko behaketa bat dira nire lanak, eta horregatik lantzen ditut ohiko objektuak. Nire ustez, oso garrantzitsuak dira detaileak. Adibide tonto bat jarriko dizut: agian ezin zara oporretan joan etxeko landareak hil egingo zaizkizulako. [Barre egin du]. Gauza txikiei lotuta egote hori da nire lanaren oinarria. Bizitzaren distopia hori. Gauza txiki horiek engainagarriak dira: beren eztena izaten dute. Modu batera edo bestera jokatzera behartzen gaituzte. Tira. Behartzen gaituzten edo ez da kontua. Nork eramaten duen nor. Hori da nire lanaren planteamendu orokorra.

Aulki bati lotuta dagoen soinekoa janzten duen emakume bat. Oheak irentsita dirudien beste bat... Zure lanetan bada surrealismoaren oihartzunik. Victoria Combaliah kritikariak «post-surrealista» deitu zintuen, adibidez.

Ikaragarri gustatzen zaizkit surrealistak. Beste gauza asko ere interesatzen zaizkit, baina oso hurbileko sentitzen ditut. Subkontzientearen arroztasuna, zitaltasunaren kontzeptua... Egia da maiz saiatzen naizela pieza ez oso erreferentzialak egiten. Beste leku batekoak balira bezala dira batzuetan.

Zure web orrialdean hala aurkezten duzu zeure burua: «Errealitatea esploratzen dut, baina ez hura irudikatzeko, baizik eta hari erantzuteko».

Ez da irudikapen bat, egunerokotasuna ikusteko dudan modua da hau. Ezten hori.

Bilboko erakusketan, badirudi ia istripuz abiatu zenituela piezak. Paper gainera ura bota, eta ea zer gertatzen zen ikusteko gogoa piztu balitzaizu bezala. Halakoa da zure sorkuntza prozesua?

Lan eginez eta lanari neure burua eraman dezan utziz heltzen naiz horra. Orduan funtzionatzen du denak. Artista guztiek bat egingo dute agian hor. Aritu ahala ikasten da, ikasi ahala aritu. Eta hor sortzen dira piezak. Lan pila bat botatzen dut zaborretara. Baina hori da lan egiteko modurik onena: kontrolagaitza dena kontrolatzea. Ez dakizu norantz zoazen, ez dakizu zertan zabiltzan, baina badakizu bide onean zaudela.

Haizeak itsasontzia irlara eramango duela sentitzearen moduko zerbait?

Bai, hori da. Halakoetan ez duzu pieza zuk mugatzen. Ez daude zure aurrejuzku eta aurreiritzien menpe. Libre uzten dituzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.