Alain Sancho. EIJOko zuzendaria eta koordinatzailea

«Gasteizko Jazz Jaialdiaren parte izatea gauza handia da»

Sanchok zuzendutako Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra kontzentrazio bat egiten ari da Azkoitian, datozen kontzertuak prestatzeko. Alboka eta trikitia fusionatu dituzte bandarekin, besteak beste.

Alain Sancho (eskuinean behean) Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrako ikasleekin. EUSKADIKO IKASLEEN JAZZ ORKESTRA.
Leire Perlines Apalategi.
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra da EIJO. 2014. urtean sortu zen, eta gaur egun 30 musikarik eta zazpi irakaslek osatzen dute banda. Gainera, munduko beste orkestretatik ezberdintzen duen ezaugarri bat dauka: Big Banden errepertorio tradizionala Euskal Herriko musika tresnekin fusionatzen duela.

Alain Sanchoren (Bilbo, 1981) zuzendaritzapeko taldeak kontzertu batzuk emango ditu asteburu honetan Eibarren (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa) eta Arrasaten (Gipuzkoa) eta, uztailaren 12an Gasteizen joko dute Gasteizko Jazz Jaialdiaren egitarauren barruan.

Zenbat pertsonak osatzen duzue EIJO?

Bandan, guztira, 30 musikari ditugu, eta, horietaz gain, zazpi irakasle arduratzen gara klaseez: Noa Lur, Carlos Sagi, Iban Gurrutxaga, Iker Marañon, Ruben Salvador eta ni neu.

Zer lan egiten duzue orkestrarekin?

Orain, Azkoitiko Abaraxka aterpetxean gaude kontzentratuta guztiok. Goizean eta arratsaldean, gazteek entseatu egiten dute, eta gauean ere musika jotzen geratzen dira. Egia esan, ez genekien seguru instrumentu guztiak aterpetxeko geletan sartukozirenik, baina bai, ez daukagu arazorik. Gainera, inguruan daukagun jendea oso gustura dago jazz musika jotzen dugun bitartean sortzen den giro atseginarekin.

Alboka, trikitia, txalaparta eta txistua ere erabiltzen dituzue, besteak beste. Zer dela-eta erabaki duzue instrumentu horiek orkestrarekin fusionatzea?

Gure orkestran apurka-apurka instrumentu horiek erabiltzen hasi ginen, lehenengo abesti batean sartuz, gero beste batean txertatuz... eta horrela. Gainerako orkestretan ez ziren instrumentu horiek erabiltzen; kontserbatorioetan, berriz, bai.

Joan den urtetik, gainera, errepertorio guztian sartu genituen Euskal Herriko instrumentu horiek, Big Band eta Euskal Herriko instrumentuak fusionatuz.

Zenbat pertsonak jotzen dute instrumentu bakoitza, gutxi gorabehera?

Ez dago kopuru zehatzik; instrumentuaren araberakoa izaten da. Instrumentu batzuk pertsona batek jotzen ditu, eta beste batzuk, berriz, batek baino gehiagok.

Nolakoa izaten da orkestran sartzeko proba?

Ez da beti berdina izaten, instrumentuaren araberakoa baizik. Batzuetan, kanta bat jotzea izan daiteke, edo solo bat egitea, esaterako. Azken hautaproba joan den abenduan egin genuen, eta instrumentu bakoitzerako egokienak ziren pertsonak hautatu genituen; Euskadiko onenak, alegia.

Nor aurkeztu daiteke EIJOn sartzeko hautaprobara?

Euskal Herriko musika eskoletan eta kontserbatorioetan aritzen den 14 eta 20 urte bitarteko edozein gazte aurkeztu daiteke.

Datozen egunetarako kontzertu sorta bat iragarri duzue.

Bai, lau zehazki: Eibar, Azkoitia, Arrasate eta Gasteiz. Lehenengoa Eibarren izango da, uztailaren 8an, Errabal plazan. Bigarrena uztailaren 9an izango da, Azkoitiko Abaraxka aterpetxean. Hurrengo egunean, berriz, Arrasaten izango gara, Herriko Plazan, eta, azkenik, uztailaren 12an Gasteizko Principal antzokian izango gara.

Gasteizko kontzertua Gasteizko Jazz Jaialdiaren egitarauaren parte da. Nola sentitzen zarete horren inguruan?

Harro, noski. Gasteizko Jazz Jaialdiaren parte izatea gauza handia da.

Joko dituzuen abesti batzuk konpositore ezagunek eginak dira. Miguel Blancok, esaterako, Grammy bat lortu zuen. Nola sentitzen zarete?

Begira, uste dut haientzat ere erronka handia izaten dela. Miguel Blanco aipatu duzu, baina Iñaki Askunze, Carlos Sagi, Alex Davies eta Sergi Vegesen gisako artista handiak ere baditugu guretzat konposatu duten pertsona handien zerrendan.

Iaz grabatu zenuten dokumentalaren harira, zer konta dezakezu?

Oso polita izan zela. Iazko udako kontzertuen bira grabatu genuen, eta sekulako esperientzia izan zen.

Beste zerbait esan nahi duzu?

Kontzertuekin segituan hasiko garela, eta, beraz, jendea gonbidatu nahi nuke emanald ietara, gustura asko hartuko ditugu eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.