Musika

Gasteizko Jazzaldiak jazzaren sustraietara begira jarri nahi du aurten

Bihar abiatuko da Jazzaldia Gasteizen, eta musika eskaintza zabala proposatuko du datorren igandera bitartean. Besteak beste, Jazzmeia Horn, Jose James, Al Di Meola, Kenny Barron, Dora Morelenbaum, Toquinho eta Yamandu Costa ariko dira.

Kenny Barron eta Kiyoshi Kitagawa 2023an, Donostiako Jazzaldian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Kenny Barron eta Kiyoshi Kitagawa 2023an, Donostiako Jazzaldian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2025eko uztailaren 13a
04:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Jazzaren «sustraietara» bidaiatu nahi du aurten Gasteizko Jazzaldiak. 48. aldia du aurtengoa, eta, antolatzaileek esan dutenez, jazzaren errepasoa egin nahi izan dute, genero horren sorreratik hasi eta bestelako generoekin bat egin duen arte; esaterako, soularekin, rockarekin edo bossa novarekin. Bihar hasi eta datorren igandera bitarte, 50 kontzertu ingururekin osatu dute programazioa, eta, urtero bezala, jazzaren askotariko moldeak bilduko ditu. Helburua argia da: «Hiria jazz doinuekin betetzea, talentu gaztea sustatzeko eta publiko berriak erakartzeko». Horren erakusgarri da hiriko oholtzetan ariko diren artisten zerrenda.

Bertan egongo da berrikuntza nagusia: oholtzetan. Izan ere, egoitza aldaketa bat izango du aurtengo Jazzaldiak. Urtero bezala, Mendizorrotza kiroldegia izango da artista handien erakusleihoa. Bertan egunero egingo dira kontzertuak asteazkenetik aurrera, 20:30ean hasita. Baina Principal antzokian ez da kontzerturik egingo. Horixe izaten da jazzaren zaleen beste topaleku nagusietako bat hirian. Bertan antolatzen ziren jazzaldiaren ziklo abangoardistenak, baina, obrak direla medio, ateak itxita mantenduko ditu. Hori dela eta, Europa jauregira mugitu dituzte bertan egin beharko liratekeen kontzertuak. Baina antolatzaileek azpimarratu dute horrek ez duela esan nahi jazz «berritzaileena» hautatzeko filosofia aldatuko denik; adierazi dute eusten diotela genero horren «joera eta soinu berriei» agertoki bat eskaintzeko konpromisoari. Nolanahi ere, Mendizorrotza kiroldegia eta Europa jauregia ez dira agertoki bakarrak izango; ohi duten bezala, hiriko beste hainbat txoko ere jazz doinuekin beteko baitituzte.

Ekitaldi gehienak bihartik aurrera egingo diren arren, atzo hainbat talde aritu ziren jotzen Prado parkean eta Postas kalean. Doako eskaintza izan zen, eta halakoak izango dira gaurko programatu dituzten beste zenbait kontzertu ere. Prado parkean, Postas kalean, Bastida parkean eta Mendizorrotzako igerilekuan egingo dituzte, eta bihartik aurrera egingo duten programazioaren aurrekoak izango dira.

Ibilbide luzeko artistak

Mendizorrotzan egingo diren kontzertuak asteazkenean abiatuko dira, Charles Mingusi egindako omenaldi batekin. Mingus XX. mendeko musikari garrantzitsuenetako bat da jazzaren munduan, eta Classijazz Big Bandek haren Epitaph obra interpretatuko du. Bi ordu baino gehiago irauten du obrak, eta hainbat genero biltzen ditu; besteak beste, bluesa, free jazza eta musika klasikoa. Guztira, 30 musikari baino gehiago ariko dira oholtza gainean, Ramon Cardo zuzendari eta saxofoi jotzaile valentziarraren zuzendaritzapean.

Bandak jazzaren munduko bi ahots ezaguni pasatuko die lekukoa hurrengo egunean. Alde batetik, Jazzmeia Horn konpositore eta abeslari estatubatuarra ariko da Mendizorrotzako oholtza gainean. Azken urteetan sona handia eskuratu du sustraiak Afrikan dituen abeslariak, eta jazzaren eszenako ahots handienen pare jarri dute hainbat kritikarik. Zenbait sari garrantzitsu ere irabazi ditu artista amerikarrak; besteak beste, Thelonius Monk Institutuaren Nazioarteko Jazz Lehiaketa eta Sarah Vaughan International Vocal Jazz Competitionen Rising Star Award saria. Iazko urrian kaleratu zuen bere hirugarren lan luzea: Messages.

 

AEBetako beste abeslari bat ariko da haren ostean: Jose James. Hip-hopa, popa eta soula nahasi ohi ditu, «ahots leun, xuxurlari eta laztangarriarekin», nabarmendu dute jaialdiaren antolatzaileek. Diskografia zabala duen artista da James, eta azken lana aurkeztuko du Gasteizen; maiatzean eman zuen argitara 1978. Gainera, ezagun zaharra da Jazzaldian. Izan ere, bertan aritua da 2008an, 2011n eta 2015ean.

Ostiralean, berriz, artista beteranoen txanda izango da. Alde batetik, Al Di Meola ariko da Mendizorrotzako oholtza gainean. Gitarra akustikoarekin eta elektrikoarekin daukan gaitasunak mende erdiko ibilbide oparoa egitera eraman du. Hainbat bira egin ditu munduan zehar, eta sei milioi disko baino gehiago saldu ditu. Eszenako sari ospetsuenak ere eskuratu ditu, hala nola urrezko lau album eta platinozko beste bi. Artista ezagunekin egindako kolaborazioengatik ere bada ezaguna. Besteak beste, 1996an, Paco de Luciarekin eta John McLaughlinekin egindakoagatik.

Gitarra soinuen ostean, pianoaren doinuek goxatuko dituzte Mendizorrotzako musikazaleak. Kenny Barron pianista entzutetsua ariko da Di Meolaren ondotik. Ibilbide luzeko artista hirukotean ariko da, Kiyoshi Kitagawa (kontrabaxua) eta Johnathan Blake (bateria) ondoan dituela. Antolatzaileen esanetan, haren teknika eta lirismoa «bikainak» dira, eta «eragin handia» izan du jazzaren eszenan: «Nota bakoitza interpretatzeko duen zehaztasunak eta daukan musika kultura handiak jazzaren mito gisa berresten dute».

Brasilgo doinuekin jarriko diote itxiera aurtengo Jazzaldiari. Antonio Pecci Toquinho izango da artista nagusia Mendizorrotzako oholtzan. Latinoamerikako jazzaren adar nagusietakoa den bossa nova estiloa jorratzen du. Kritikariek esaten dutenez, estilo horretako erreferente nagusietako bat da Caetano Velosorekin, Chico Buarquerekin eta Gilberto Gilekin batera. Ia 60 urteko ibilbidea dauka, eta 40 disko baino gehiago argitaratu ditu guztira. Gasteizen, gainera, ez da bakarrik arituko: alboan izango du Yamandu Costa, herrikide duen gitarra jotzaile entzutetsua. Bi artistak batera aritu ziren Montreuxeko (Suitza) Jazz Jaialdian zuzenean grabatu zuten Bachianinha albumean, eta disko instrumental onenaren Latin Grammy saria irabazi zuten 2021ean.

Musika brasildarrari egingo dioten omenaldia, ordea, ordu batzuk lehenago hasiko da, Dora Morelenbaum abeslari eta konpositorearen kontzertuarekin. Iragan urrian argitaratu zuen lehen lan luzea: Pique. Funkya, soula, jazza eta indie pop-a uztartzen ditu bere estreinako lanean. Gasteizen taldean ariko da, eta ondorengo artistak izango ditu ondoan: Guilherme Lirio (gitarra), Daniel Conceicao (bateria) eta Guto Wirti (baxua).

Europa jauregia

Mendizorrotza izan ohi da Gasteizko Jazzaldiko oholtza nagusia, baina musika entzuteko hamaika aukera dago handik kanpo ere. Toki horietako bat Europa jauregia izango da. Printzipal antzokiaren lekukoa hartuta, han arituko dira jazzaren gaurko eta biharko musikariak. Guztira, sei kontzertu eskainiko dituzte.

Move laukoteak abiatuko ditu bertako emanaldiak, bihar bertan. Lau taldekideetatik hiru euskal herritarrak dira: Iñigo Ruiz de Gordejuela (pianoa), Borja Barrueta (bateria) eta Alberto Arteta (saxoa). Haiekin aritzen da Javier Callen kontrabaxu jole espainiarra. Momentum aurkeztuko dute, euren bigarren lana, kide bakoitzaren bizipenen testigantza gisa sortua. Etzi, berriz, Alvaro Torres hirukoaren txanda izango da. Torres pianista eta konpositorea da, eta gaur egun Brooklyngo Musika Kontserbatorioan irakaslea da. Kresten Osgood (bateria) eta Masa Kamaguchi (kontrabaxua) izango ditu ondoan.

Asteazkenean, Galiziako Sumrra hirukotea ariko da. Iaz ere Gasteizko Jazzaldian parte hartu zuten, baina orduko hartan Niño de Elche kantariarekin batera. Oraingoan bakarrik arituko dira, taldea sortu zela 25 urte bete direnean. Gainera, Plataforma Jazz España saria jaso berri dute egindako ibilbideagatik. Ostegunean, berriz, Juan Saizen laukoteak Pindio II proiektua aurkeztuko du. Lau kidek osatzen dute taldea: Saizek berak (konpositorea, flauta eta saxofoia), Xavi Torresek (pianoa), Manel Fortiak (kontrabaxua) eta Genis Bagesek (bateria).

Sarah Hanahan —boskotean— eta Milena Casado izango dira Europa jauregiko oholtzara igotzen azkenak. Ostiralean ariko da Hanahan, saxofoiaren promesa gazteetako bat. Gaztea izan arren, artista handiekin lan egin du jada, eta bere lehen lan luzea aurkeztuko du: Among Giants. Casado tronpeta jotzailea eta konpositorea da, eta larunbatean ariko da. Iaz Mendizorrotzan jo zuen Terri Lyne Carringtonekin batera, eta aurten bere taldeko buru gisa ariko da, disko berria aurkeztuz: Reflection of Another Self.

Europa jauregiko kontzertuei dagokienez, lehen biak 20:30ean egingo dira. Gainerakoak, berriz, 17:30ean. Sarrerak eskuragarri daude oraindik, jaialdiaren webgunean.

EGITARAUA

Mendizorrotzako kiroldegiak eta Europa jauregiak hartuko dituzte emanaldi nagusiak, baina Gasteizko beste hainbat lekutan ere egitarau zabala prestatu dute.

Uztailak 14, astelehena:
20:30:
Move, Europa jauregian.

Uztailak 15, asteartea:
20:30:
Alvaro Torres hirukotea, Europa jauregian.

Uztailak 16, asteazkena:
17:30:
Sumrra, Europa jauregian.
20:30: Charles Mingus Epitaph: Clasijazz Big Band orkestra, Mendizorrotzan.

Uztailak 17, osteguna:
17:30:
Juan Saiz, Europa jauregian.
20:30: Jazzmeia Horn eta Jose James, Mendizorrotzan.

Uztailak 18, ostirala:
17:30:
Sarah Hanahan boskotea, Europa jauregian.
20:30: Al Di Meola eta Kenny Barron hirukotea, Mendizorrotzan.

Uztailak 19, larunbata:
17:30:
Milena Casado, Europa jauregian.
20:30: Dora Morelenbaum, eta Toquinho eta Yamandu Costa, Mendizorrotzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.