Gatazkatik sublimaziora

Jon Cazenave argazkilariak euskal nortasunaren azterketatik auzi zabalagoetara egindako irudi bidezko ikerketa jaso du Arteguneko 'Galerna' erakusketan. Ilunetik «argi eztanda batera» heldu da

Jon Cazenaveren Galerna erakusketan erdigunean jarritako argazkiak, lurrean, basoa gogora ekarri nahi duen egurrezko egitura baten barruan. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
«Egia esan, lanaren deskribapena gutxienekoa da gaur. Inporta duena da hemen gaudela; urteetako lanaren ondoren, argazkiak erakusgai daudela, eta liburua kalean dela». Jon Cazenave argazkilariak (Donostia, 1978) ez ditu alferrik izan hasierako hitz horiek, Donostiako Artegunean zabaldu duen Galerna erakusketa aurkeztean. Duela hamahiru urte hasitako bilaketa lana bukatzera eta erakusgai jartzera heldu izanaren satisfazioz aritu da, are gehiago pandemia garaiotan. «Artistarentzat ikaragarria da garai zailetan egitura bat atzetik duela sentitzea». Kutxa Kultur Fundazioari eman dizkio esker bereziak horregatik, eta eskerrak itzuli dizkiote hango ordezkariek, hark egindako lanaren «sakontasunagatik».

Deskribatzen hasita, baina, irakurketa irakurketari eta detailea detaileari josiz aritu da Cazenave. 2007an abiatu zuen lana, arreta euskal gatazka politikoan jarrita. Irudien bitartez, bere «euskaltasuna» aztertu nahi zuen, baina, sakondu ahala, memoria kolektibora, paisaiara, mitologiara eta «auzi unibertsalagoetara» helduz joan da. «Proiektua irekiz eta irekiz joan zen heinean, konturatu nintzen gure berezitasun hori ez zela hain partikularra, eta beste lurraldeetan eta beste herrietan ere aurkitu ditzakezula ezaugarri horiek. Hori izan da ederrena: analisi lokal bat eginez unibertsalera ailegatzea». Ildo horretan, Galerna «terapia antzeko bat» ere izan dela aitortu du, beretzat eta bere irudientzat.

Irudiek ilunetik argira egiten duten biraketan atzeman daiteke argazkien gaineko terapia. Beltzetik hasten da erakusketa. «2007an, estetika indartsu bat sortu nuen gure herriaren nortasuna adierazteko», oroitu du. Baina, bisitaria ohartuko denez, griserantz, zurirantz doa gero, argirantz; azken-azkenetan, kolore zantzu batzuk topatu arte. Hain zuzen ere, kolore eta argi horiek topatu zituenean jakin zuen Cazenavek lana amaitu zuela. «Zerbait bukatzen duzunean, zerbait berria hasi duzulako konturatzen zara bukatu duzula. Kasu honetan, Galerna bukatu dela konturatu nintzen, hamar urte pasaz zuri-beltzean lan egin eta gero, kolorea azaldu zenean. Beti dago lotura bat lan baten eta bestearen artean, eta gustatzen zait aldaketa hori ere integratzea». Horregatik itxi du erakusketa Galerna-ren bilaketa itxi eta hurrengoa irekitzen duten irudiekin: hamar harri ageri dira, margo gorriarekin. «Garrantzitsuak dira, sentiarazten didatelako bukatu dudala».

Haitzuloan, liberazioa

Cazenavek lehen aldiz jarri du orain proiektu osoa ikusgai. Aurrez, «pilula» moduan erakutsi izan du egiten zihoana, han-hemen: Txilen, Frantzian, Polonian, Japonian eta herrialde gehiagotan. Baina hasieratik izan du argi «lan monografiko horiek zerbait handiagoaren parte» zirela. 3.500 argazki editatu bildu ditu denera, eta horietatik 400 inguru hautatu Artegunerako —irudiz egindako eskultura gutxi batzuk ere bai tartean—. Sei ataletan zuen berak proiektua antolatuta, baina zortzitan banatu dute erakusketan. «Konplikatu egin ditugu gauzak, publikoari errazteko».

Sarrera modura funtzionatzen duen horma batek irekitzen du ibilbidea. Proiektuaren hastapenetan egindako argazkiak dira, giza irudia ageri dutenak, arrantzaleak, esaterako. Gero, Gatazka eremua dator, bi atalekin: batetik, «sufrimendua» adierazi nahi duten lau argazki daude, erdi dokumental —Inaxio Uriaren hiletakoak, presoen argazkiei egindakoak—, erdi abstrakzio direnak—zirkulu bat ageri da apurka bitan banatzen, Cazenavek «gizartearen aurkakotasunaren islatzat» duena—, eta, bestetik, beste hamasei argazki daude ondoan, kaleko kartelak balira bezala horman itsatsita.

Irudien kokapenak eta tokiaren antolaketak ere garrantzi handia hartu dute erakusketan. Aritz Gonzalez arkitektoak diseinatu du, eta baserriaren eta pilotalekuaren egiturak izan ditu ardatz. Hark atondu du Basoa ataleko egurrezko egitura ere, zeinetan irudiak lurrean dauden, «totemen» itxura emanez. Hortik ateratzean, Paisaia dator, lau mendi lanbrotsurekin, zeruaren eta lurraren arteko banalerroekin. Argazkilariak egindako etenaldi garai bati dagozkie horiek.

Haitzuloa da beheko solairuko azken gunea. Argazkilariak, euskal testuingurutik urrunduta, historiaurreko leizeen inguruanaztertutakoa jasotzen dute, eta ikus-entzunezko labur bat ere bada, bere irudiak eta Ama Lur filmekoak uztartzen dituena. Cazenave: «Hor konturatu nintzen liberazio bat hasi zela nigan».

Bada, goiko solairuak jasotzen du liberazio hori. «Irudiaren espantsio bat» sumatzen du han egileak, «argi eztanda bat». Nabarmenak dira, horien artean, hodei eta olatuetatik eratorritako irudiekin osatutako panel handi bat eta «itsasoaren arnasketa» irudikatzen duen panel are handiago bat, 210 irudiz osatua. «Sublimaziotik gertu dagoen esperientzia bat bilatu dut hemen», azaldu du egileak. «Nire barruko galderak irudi formatuan proposatzen ditut; pentsatzeko eginak daude, edo kontenplatzeko. Baina erantzun gutxi eskaini ditzaket, ez naiz nor ezer azaltzeko».

Baita argitalpen forman ere

Erakusketarekin batera, liburura ere eraman dute Galerna, Dalpine eta Atelier EXB etxeek editatuta, eta Fannie Escoule komisarioaren eta Kirmen Uribe idazlearen testuekin. Jarduera programaren barruan, Cazenaveren bisita gidatuak eta Oskar Alegria eta Ana Galarragaren solasaldiak izango dira. Erakusketa, berriz, otsailaren 14ra arte bisitatu ahalko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.