Bi urte jo gabe, eta lau diskorik grabatu gabe. Bilbotarrek airea hartu zuten barruko egoera konpontzearren, eta hauxe da emaitza: hamabi kantu berri, aldaketa batzuk bizi ondoren. Rober! kantaria eta liderra aita izan da; Iñigo Cabezafuego baxura bueltatu da, teklatuak utzi ondoren, eta, bide batez, beste kide nafar bat fitxatu du taldeak, nor eta Joseba Irazoki, gitarretan maisua. Natxo Beltran baterian mantendu den bitartean, Joe Gonzalez saxofoi eta flauta jotzailea erdibidean geratu da oraingoan, jazzean eta irakaskuntzan gero eta murgilduago baitabil. Beraz, Atom Rhumba oinarrizko soinuan geratu da, hots, ahotsaren, gitarren eta erritmo sekzioaren inguruan. Hau dela eta, xehetasunak eta moldaketa konplikatuak baztertu dituzte, harira jotzeko.
Kantariaren semearen «Bat bi hiru lau!» batez hasten da diskoa, The Secret Tongue Dance Society geldiezinaz. Abiada bizian hasten dira, eta hori da, salbuespenak salbu, albumaren dinamika: beti jo eta ke, minutuak agortuz. Bide berdinetik abiatzen dira himno itxurazko rock zikin eta sutsua den Cynic skin singlea eta Stella funk-rock dantzagarria, Princek duenaren moduko falsetoarekin. Gero hasten dira ustekabeak: arnasa hartzeko River and Death lasaia dakarte, Irazokiren banjoaz. Ohiko sustrai beltzak zuritzen dira neurri batean eta country-folk melodia honetan taldearen aurpegi berria ikusten dugu. I'm Coming (sexuaz ari gara?), Dema go-go Jane (Las Culebras taldeko neskak ahotsetan), Let's Run eta Come on Declare kutsagarria goiko tenperaturetan aritzen dira. Tartekatuta, Istingako mutila topatzen dugu, taldearen euskarazko lehen kantua; dena den, hitzez jabetzea zaila gertatzen da ahotsaren tratamendu elektrifikatuagatik.
Argi dute bilbotarrek helburua: kantu biribilak, bai estudioan bai agertokian, erraietatik moldatuak, amaiera zehatzez. Horregatik, ia denak lehenengoan grabatu zituzten estudioan. Lou Reedek zioen bezala, take no prisoners!
ATOM RHUMBA.Diskoa:'Gargantuan melee'.Diskoetxea:Brian's Records.
Gatiburik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu