KRITIKA. Musika

Gau lausoa

Marta Garcia
2025eko maiatzaren 10a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EUSKADIKO ORKESTRA

Zuzendaria: Dinis Sousa. Abesbatza: Suhar Korua. Egitaraua: F. Schuberten Gaueko abestia basoan, L. Berioren Rendering eta R. Straussen Egunaren uneak, Gaua eta Arrosaren zalduna suite-a. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Maiatzak 8.

Ezaguna da Franz Schubertek poesiarekiko zuen maitasun handia: gazte hil zen arren, 600 abesti baino gehiago konposatu zituen, baita 150 ganbera abesti eta koru inguru ere, Gaueko abestia basoan barne. Beethovenen heriotzaren lehen urteurrenean eskainitako kontzertu baterako konposatua, lau tronpen oihartzun efektua erabiltzen du gizonezkoen ahotsak osatzeko, gaueko itzalen eta ehizaren printzak jolasean. Eskertzekoa da denboraldi sinfonikoan hain ohikoa ez den errepertorioa entzuteko aukera izatea, baita hura sen onez, prosodia bikainaz eta fraseatze samurraz ebazteko moduko abesbatza —Suhar Korua— inguruan izatea ere.

Lehen obran sortu zen giro intimoaren ondoren, Luciano Beriok Schuberten zirriborroetan oinarrituta idatzi zuen Rendering obrak pastiche desegonkorraren itxura hartu zuen, eta ez soilik idazkerak duen izaera zatikatuagatik, baizik eta norabide falta nabariagatik. Ez zegoen oso argi Dinis Sousaren batutak zer bilatzen zuen, eta, hala, Berioren ehundura berrien eta Schuberten jatorrizko dotoreziaren arteko kontrasteek distira galdu zuten. Gidaritza nahasi horrek, azken batean, orkestraren trinkotasuna nolabait hautsi, eta bigarren zatian beharrezkoak izan behar zitzaizkion definizioa eta zehaztasuna lausotu zituen.

Richard Straussen Egunaren uneak Schuberten heriotzaren mendeurrena gogoratzeko eskaria izan zen, eta Gaua da, hain zuzen, zikloaren azkena, egunaren itxiera den bezala. Kasu honetan, Sousak ez zuen asmatu orkestraren eta koruaren arteko oreka bilatzen: lehenari proiekzioa falta izan zitzaion; bigarrenari, dinamikak eusteko gaitasuna. Hedaduraz, oinarrian edertasuna bazegoen ere, entzuleok gauaren koloreak hautemateko aukera bikaina galdu genuen. Nahiko agerikoa izan zen Arrosaren zalduna suitean orkestra erosoago zegoela. Jariotasuna zegoen balsetak, rubato naturalekin, eta trantsizioetan artikulazio ona. Oro har, Sousaren norabide argirik ezak zabaltasun sentsazioa utzi zuen, baina huts samarra eta ñabardura gutxirekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.