Gaur hasi eta igandera bitarte ospatuko dute Miarritzeko Latinoamerikako jaialdiaren 30. urteurrena. Iazkoa egin ahal izan bazuten ere, COVID-19ak erabat baldintzatu zuen: aretoetako ikusle kopurua mugatua zen, filmen egile anitz ezin izan ziren joan... Aurten, berriz, usaiak itzuli dira, Nicolas Azalbert film programatzaile arduradunaren hitzetan: «Guretako normalitatera itzultze bat da aurtengoa. Hiru kenduta, bertze egile guziak jinen baitira, herrixka ere arra-muntatu dugu, ostatuak eta guzi, eta, aretoak ikuslez betetzen ahalko ditugu».
Usaian bezala, hiru film mota lehiatuko dira sei egunez: hamar film luze, eta bertze horrenbertze film labur eta fikziozko film.
Lehiaz kanpo, berriz, Peruri jarri dira begira, bertako hamar film ekarriz, bai ere gastronomia eta literatura. «Peruko independentziaren berrehungarren urteurrena denez, parada egokia da bertako filmez interesatzeko. Haien ekoizpenaren ikuspegi garaikidea erakutsi nahi dugu; horregatik, hondar hamar urteotako lanetara mugatu dugu geure burua«, erran du Azalbertek.
Gehitu du 1990eko hamarkadara arte Lima hiriburura mugatzen zirela film ekoizpen guziak. Orain, ordea, «digitalizazioaren demokratizatzearekin», herrialdearen errepresentazio gehiago dagoela; horrela, filmek Peru «hobeki ordezkatzen» dute. Gisa horretan, paisaia urbanoaz bertze, hiriburutik kanpoko eskualdeetara bidaiatzen ahalko du ikusleak.
Bestalde, aurtengo festibalak badu berezitasunik, aspalditik egin gabekoa: film egile baten film erakusketa. Hala, Igancio Aguero txiletarraren obra zinematografiko osoa ikusgai izanen baita, hamahiru film orotara, dokumental nahiz fikziozkoak, luzeak eta laburrak. Bertan egotekoa da bera. «Dokumental egile oso handia da. Izugarri harro gaude bere lanaren erakusteaz. Egile zinez ezezaguna da Europan; alta, zinez goi mailakoa da», azpimarratu du programatzaileak.
Film estreinaldiei dagokionez, larunbat gaueko itxiera ekitaldian erakutsiko dutena aitzinerat ezarri du programatzaileak: Apichatpong Weerasethakul thailandiarraren Memoria filma, zeinak Kolonbia eta Thailandia lotzen dituen: «Izugarriko filma da, liluragarria. Egilea lehen aldiz joan da Kolonbiara filmatzera. Bi herrialdeen arteko loturak egiten ditu, paisaia, historia odoltsua... Bien memorioak ditu partekatzen. Sekulako filma da. Cannesen ere egona da eta sari bat bildu du». Dolu du zuzendaria eta Tilda Swinton aktorea ezin izanen direla jin, obra Kolonbian ere estreinatuko baitute aste honetan berean.
Eusko Jaurlaritzaren Kimuak Euskadiko film laburren programak bultzatutako hiru egileren obrak ere zabalduko dituzte, zeinak Euskal Herrian ekoitziak izan diren. Batetik, Larry Mankusoren Bizardunak; bertzetik, Pablo Hernandoren Eguzki-zarata, eta azkenik, Maria Elorza eta Koldo Almandozen Quebrantos.
Lehen aldiz, publiko gaztearendako bi film ere aurreikusiak ditu festibalak.
Bazterrerat utzi gabe, igandera arte ikusgai izanen da Daniel Mordzinski «idazleen argazkilariaren» erakusketa, zeinak festibalaren ibilbidea islatzen duen bere lanen bidez. Bertzeak bertze, Gabriel Garcia Marquezi atera zion argazkia Miarritzeko hondartzan, 1995ean.
Hari beretik, Isaac Barreda kaleko arte egilea Limatik jinarazi dute, eta bere sorkuntza preziatzen ahalko da festibala kari, merkatuko karrikako murru batean.
Filma eta erakusketez gain, egunero eztabaidak egonen dira, bai ere musika latinoamerikarraz gozatzeko parada, chichamusikaz, konparazione, eta merkatua.