Lehendabizi The Boys Next Door eta The Birthday Party taldeetan, eta gero The Bad Seedseko ezinbesteko kide gisa, Mick Harveyk (Rochester, Australia, 1958)lotura estua izan du urteetan Nick Caverekin. 2009an, ordea, bere bidea hartu zuen, eta, ordudanik, bakarkako bide gutxienez bitxia osatu du. Izan ere, Serge Gainsbourg konpositore frantziarraren kantutegian oinarritutako lau disko argitaratu ditu, bere kantuz osatutako hainbat lanez gain.
Oraingoan, Amanda Acevedo kantari eta artista mexikarrarekin ondutako disko batekin itzuli da: Phantasmagoria in Blue. 2017an ezagutu zuten elkar, musikari australiarrak PJ Harveyren zuzeneko musikari gisa Mexiko Hirian jo zuenean, eta adiskidetasun harreman hori harreman artistiko bihurtu zen berehala. 2021ean hasi ziren lanean, etairailean atera dute lan horren emaitza.
Phantasmagoria in Blue-k erreferentzia egiten dio Tim Buckleyren Phantasmagoria in Two kantuari, eta, hain zuzen ere, hori da diskoan azaltzen diren piezetako bat. Izan ere, bikotearen aurreneko diskoa beste hainbat artistaren kantuen moldaketaz osatuta dago neurri handi batean. Buckleyren beste kantu bat ere azaltzen da diskoan, Song to the Siren.
«Albumak hilkortasuna, maitasuna eta gizateriaren zentzu bilaketa aztertzen ditu, gai iraunkorrak denak ere», azaldu du Harveyk. Eta, bide horretan, kantu ezagun eta ez hain ezagunekin egin dute topo, nahiz eta, oro har, ez den abesti oso arrakastatsuen bertsioen lan bat.
Harveyk eta Acevedok beren eremura eraman dituzten kantuen artean daude, besteak beste, Love is a Battlefield (Pat Benatar), She Won't (Lee Hazelwood eta Nanci Sinatra), You Won't Me Singing (Leonard Cohen), Indian Summer —Joe Dassin kantari frantziarrak L'été indien izenburuarekin ezagutarazi zuena—, Milk & Honey (Jackson C. Frank), Creatures of Rain (Smokey and His Sister) eta I Lost Something in the Hills (Sibylle Baier).
Badira diskoan hainbat sorpresa ere. Esaterako, Luis Eduardo Aute kantautore espainiarrak frankismoaren azken exekuzioen aurka sortutako ereserkia (Al alba) ingelesera moldatuta eman dute, eta Silvio Rodriguezen kanturik ezagunenetako bat (Unicornio azul) gaztelaniaz eta ingelesez abestu.
Harveyk eta Acevedok lau eskutara idatzitako bi kantuk —The One and Only (Phantasmagory) eta The Decadence of Lust— eta Simon Veaneyk propio diskorako egindako beste batek (Trapeze) osatzen dute disko aipagarri hori, konponketa eta orkestrazio dotorez betea.
Gaur egungo begiz
Mick Harvey musikari australiar beteranoak eta Amanda Acevedo kantari mexikar gazteak indarrak batu dituzte, eta bertsioz osatutako disko bat atera: 'Phantasmagoria in Blue'.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu