Kultura

Gaur estreinatuko dute Bilbon 'Gabrielen lekua' sentikaria

Antzerkia, bertsoa, musika eta irudiak nahastuz idazle klasikoa iraganetik gerora eramateko saioa egin dute Andoni Egañak, Oier Guillanek, Rafa Ruedak eta Alain Urrutiak.

Entseguetako bat. GORKA RUBIO, ARP
2013ko urriaren 29a
19:08
Entzun

Gaur aurkeztuko da Bilbon Gabriel Arestiren jaiotzaren 80. urteurrenaren harira sortutako Gabrielen lekua sentikaria, Arriaga antzokian. Ekitaldi "bereziena eta sonatuena" da aurkezpenean azaldu zutenez. Urriaren 12an egin zuten estreinaldi-aurrea, eta gaur goizean DBHko eta euskaltegiko ikasleentzako saio berezia izango da; iluntzean 19:30ean izango da emanaldi nagusia; sarrerak 14, 7 eta 5 euroan daude salgai.

Bizirik egon balitz, Arestik 80 urte bete berri izango zituen, urriaren 14an. Urteurren horren inguruan hainbat ekitaldi antolatu dituzte, "datak behar besteko distira eta oihartzuna izan dezan". Gabriel Aresti kultura elkartea eta Gabrielen lekua sentikaria ekainean aurkeztu zituzten, Arestiren ondare literarioa zein giza balioak zentzu orokor eta zabalean ezagutarazteko. "Ez genuen nahi Gabriel Aresti geratzea batxilergo testuetan labur eta gainetik ikasten den idazle soil modura", esan zuen Andoni Egañak aurkezpen horretan.

"Elkarrizketa artistikoa"

Andoni Egaña bertsolariak eta Oier Guillan idazle eta antzerkigileak egin dute sentikariaren gidoia, musika Rafa Ruedak jarriko du, eta Alain Urrutia artista arduratuko da ikus-entzunezkoetaz. Ikuskizunak ordu eta erdiko iraupena du. "Elkarrizketa artistiko bat" izango da. Zuzeneko musikaz gozatu ahalko da, eta, Rafa Ruedak aurreratu zuenez, baliteke inprobisaziorako tartea  ere egotea.

"Irudiak sentikariak behar dituen paisaiak sortuko ditu, emozioari begira betiere. Musikak kantagintzara gerturatuko gaitu. Hitza bertso eta olerki moduan egongo da presente, alegia, inprobisazioa, sorkuntza propioa eta Arestiren beraren testuak oholtzaratuz. Eta antzerkiak gorpuztuko ditu kezka guztiak, teatro fisikoaren ildotik, betiere, umorez, ironiaz eta autoironiaz esango nuke", azaldu zuen Guillanek ekainean.

Sinbolismo bereziko lekuak

Arestiren bizitzan "funtsezkoak" izan diren lekuak ezagutzeko parada ezin hobea izango da. Haren obran "sinbolismo berezia" izan duten lekuek osatuko dute sentikari honen hezurdura, Guillanen esanetan. Tartean, Bilbo, Ea, Arantzazu, Baiona eta atzerria. "Sarri aipatzen dugun bezala, oraina ere leku gisa ulertuta, orainean topatu nahi dugulako zein den egun Gabrielen lekua".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.