Xora zubereraz filmatu den lehendabiziko pelikula luzea gaur estreinatuko dute Donostian, Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan (trailerra ikusgai, hemen). Peio Cachenautek zuzendu du lana, eta Jef Goiehenexpe eta Ttittika Rekalt dira aktore nagusiak.
Euskal Herriko zinema aretoetan ostiraletik aurrera ikusi ahal izango da.
Maulen nahiz Zuberoako artzain etxe batean girotu dute, Zuberoako mutil gazte baten istorioa kontatzeko: gau eskola bateko euskara irakasle da, baina hori ez da hark nahi duena, idazlea izatea gustatuko litzaioke, haren osaba Hollywood idazlea da, eta horren jardunak liluratu egingo du gaztea.
Duela hiru urte hasi zen Cachenaut gidoia egiten. Xiberoa Zinez proiektua martxan jarri zuten orduan, eta hainbat erakunderen eta herritarren laguntza izan du geroztik. Hebentik elkartea, Aldudarrak Bideo elkartea eta Baleuko ekoizpen etxea dira laguntzaile horietako batzuk.
Martxoan Maulen aurkeztu zuten filma.