Gaur-gaurko pop musika azaleratzeko saioa dakar Lurrazpiko Festak

The Falling of Love eta Veronica Falls ditu talde nagusi etzi Donostiako Gazteszenan egingo den jaialdiak

Veronica Falls taldeak melodia leunak ekarriko ditu, iluntasun pitin batez. BERRIA / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2013ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaurkotasuna azalera ateratzea. Gaur-gaurkotzat dituzten taldeak —pop unibertsokoak gehienbat— gau bakarrean biltzea eta erakustea da Lurrazpiko Festa jaialdiaren asmoa. Larunbatean egingo da aurrenekoz Donostiako Gazteszena aretoan, 20:00etan hasita. Ayo Silver musika promotora eta diskoetxeak antolatu du jaialdia. Talde bakar batez edo pare batez osaturiko kontzertuak motz gelditzen zitzaizkiela ikusita, erabat gustagarri zaizkien hainbat talde eta DJ gau berean entzun ahal izateko sortu dute jaialdia, Alex Lopez antolatzaileetako batek azaldu duenez.

Parte hartuko duten taldeen gaurkotasuna nabarmendu dute antolatzaileek. Guztiak dira sasoi beteko, haien hitzetan, disko bat argitaratu berritan edo argitaratzekotan. Iraganari egindako keinu bakarra Sonic Trash bilbotarren —Ya Te Digo zirenak lehen—eskutik iritsiko da, Cancer Moonen errepertorioa bere egin eta joko baitute.

Londresen sortutako Veronica Falls taldeak izen bereko disko aipagarria kaleratu zuen 2011n. Melodia apartak sortzeko gaitasunak eta ahots gaitasunak egiten du berezi laukotearen proposamena. The Byrds, The Beach Boys, eta Mamas and the Papasen estiloko melodiak egiten dituzte, folk eta psikodelia oihartzunekin baina 80eko hamarkadako indie lengoaiara ekarrita. Roxanne Clifford (ahotsa eta gitarra) eta James Hoare (ahotsa eta gitarra) dira taldeko gidariak. Datozen egunotan kaleratuko dute bigarren diskoa; beraz, lan berriko kanturen bat entzuteko aukerarik izango da ziur asko.

Violeta Vil taldea Logroñokoa da. Euren Facebook orrian azaltzen dutenez, Young Marble Giants, Silver Apples, Slowdive, Yma Sumac, Grace Jones eta Suicide miresten dituzte. Monica di Francescok eta Yanara Espinosak osatzen dute taldea, eta iazLápidas y cocoteros diskoa kaleratu zuten.

Juanito y los Feos madrildarrek Pesadilla adulta azken lana aurkeztuko dute. Garage-punk musika eginez hasi baziren ere, new-wave mugimendura hurbildu dira gehiago lan berrian, hasierako The Cureren tankeran. Zuzeneko zaindua dute.

Frantziako underground eszena indartzen ari da azkenaldian. Eszena horretakogidarietako bat da The Feeling of Love. Krautrocka, psikodelia, popa eta garage musika uztartuta, nortasun handiko proposamena osatu du Dissolve Me lan berrian.

Bost talderen kontzertuak ikusi eta entzun ahalko dira, beraz, Lurrazpiko Festa gau bateko jaialdian, eta, kontzertutik kontzerturako tarteetan, DJek 25 minutuko saiotxoak egingo dituzte. Ayo Silver promotorako DJek emango diote hasiera. Gero, Brandy Marlaska DJ, DJ tanga, Teenage Caverman DJ eta Las Chicas del Pastel ariko dira Donostiako gau giroan entzuten den musika jartzen, eta festa amaitzeko, The International Vicious Societyk emanaldi berezia eskainiko du garai eta leku desberdinetako rock-and-rolla eta soula eskainiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.