Zinemagile ezagun asko izango dira gaurtik aurrera Cannesko jaialdian Urrezko Palma erdiesteko borrokan. Hogei film lehiatuko dira sari nagusia eskuratzearren Frantziako Kosta Urdineko jaialdiaren 64. aldian. Horietako asko izen handiak dira.
Lars Von Trierrek Melancholia lan berria aurkeztuko du. Antichrist polemikoaren ondoren zinemagile daniarrak egin duen lehen filma da. Pedro Almodovar espainiarrak Los abrazos rotos filmarekin izandako kritika kaxkarren aho zapore mingotsa kendu nahiko du La piel que habito lan berriarekin. 2006an zuzendari onenaren saria eskuratu zuen Cannesen Volver filmarekin.
Nani Moretti italiarrak Habemus Papam aurkeztuko du, eta Terrence Malick estatubatuarra The Tree of Life bere bosgarren filmarekin lehiatuko da. Days of Heaven bigarren lanarekin zuzendari onenaren saria eskuratu zuen 1978an. Brad Pitt, Jessica Chastain eta Sean Penn dira film berri horretako protagonita nagusiak.
Aki Kaurismaki finlandiarrak Le Havre filma aurkeztuko du. 2006tik egin duen lehen filma da. Cannesko epaimahaiaren sari nagusia lortu zuen 2002an The Man Without a Past lanarekin.
Bertand Bonello frantziarraren L'Apollonide, Alain Cavailerren herrikidearen Pater, Joseph Cedar israeldarraren Hearat Shulayim (Footnote), Nuri Bilge turkiarraren Bir Zamalar Anadolu'da (Once Upon a Time in Anatolia), Jean-Pierre eta Luc Dardenne belgiar anaien Le Gamin Au Velo, Naomi Kawase japoniarraren Hanezu No Tsuki, Julia Leigh australiarraren Sleeping Beauty, Maiwenn Le Besco frantziarraren Polisse, Takashi Miike japoniarraren Ishimei (Hara-Kiri: Death of a Samurai), Radu Mihaileanu frantziarraren La Source des Femmes, Lynne Ramsay eskoziarraren We Need to Talk about Kevin, Markus Schleinzer austriarraren Michael , Paolo Sorrentino italiarraren This Must Be the Place eta Nicholas Winding daniarraren Drive dira beste filmak.
Julia Leighen Sleeping Beauty filmak irekiko du lehiaketa ofiziala, baina aurrez, Woody Allenen Midnight in Paris erakustiko dute, lehiaketatik kanpo. Horrez gain, Bernardo Bertolucci zinemagile italiarra omenduko dute, eta Robert de Niro aktoreak prentsaurrekoa emango du epaimahai buru gisa.
Aktore andana
Frantziako lau film, Japoniako bi eta Danimarkako beste bi izango dira lehiaketa ofizialean. Ameriketako Estatu Batuetako bakarra izango da, ordea, baita film latino bakarra ere. Sail paraleloetan agertuko dirafilm latino urriak. Cristian Jimenez txiletarraren Bonsái, Gerardo Naranjo mexikarraren Miss Bala eta Juliana Rojas eta Marco Dutra brasildarren Trabalhar cansa eskainiko dituzte Una cierta mirada sailean.
Ez dira faltako film eta zuzendariekin batera urtero etorri ohi diren aktoreak ere. Cannesen izango dira, adibidez, Jodie Foster—Mel Gibson zuzendu du The Beaver filmean—, Catherine Deneuve —hilaren 22an jaialdia itxiko duen Christophe Honoreren Les bien-aimés lana protagonizatu du— eta Faye Dunaway, zeina jaialdiko kartel ofizialean ageri den. Puzzle of a Downfall Child film klasikoaren emanaldira agertuko da Jerry Schatzberg zuzendariarekin batera.
Zinema. Estreinaldiak
Gaur hasiko da Cannesko jaialdia, izen handi askorekin
Von Trier, Almodovar, Malick eta Moretti lehiatuko dira, besteak beste, Urrezko Palma eskuratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu