“Etengabe bizi gara gure argiaren bila, baina behartuta gaude bizitzaren argi-itzalei aurre egitera”. Fabian Thome koreografo eta dantzari madrildarraren Entre dos sombras ikuskizunaren zati txiki bat interpretatuz aurkeztu dute gaur abiatuko den Dantzaldia jaialdia. Bilboko Rekalde aretoan egingo du Thomek ikuskizun osoa, 20:00etan, inaugurazio ekitaldian. Azaroaren 29era bitarte, nazioarteko beste zazpi dantzari izango dira Bizkaiko hiriburuko hainbat aretotan.
Jerome Bel koreografo eta dantzaria urriaren 4an izango da Bilboko Alondegian. “Ikur bat da dantza garaikidearen esparruan, eta 1998an ere izan zen gurean”. Berriz elkartzeko egokiera zela erabakita, Dantzaldian parte hartzeko gonbita egin ziotela azaldu du Laura Etxebarriak, Fundicion aretoko kide eta jaialdiko koordinatzaileak. Hain zuzen, memoria eta transmisioa izango dituzte ardatz aurtengo ekitaldietan, eta alderdi horretatik aukeratu dituzte Dantzaldian izango diren artistak: Cesc Gelabert, Olga Pericet, Eduardo Guerrero, Marta Carrasco, Asun Noales eta Mumusic Circus taldea.