Kultura

Gaur ireki dute Ekainberri, eta bihartik egongo da zabalik jendearentzat

Zestoan dago Ekaineko kobaren erreplika eta 8,5 milioiko aurrekontua izan du. "Ekain etorkizunean ere babestea, ingurunea babestea eta kobaren altxorra herritarrei zabaltzea" dira egitasmoaren helburuak.

2008ko irailaren 11
18:35
Entzun
Data eta zurrumurru asko entzun ondoren, gaur eguerdian inauguratu dute Ekainberri, Ekain kobaren erreplika. Dena dela, erreplika bihartik egongo da zabalik jende guztiarentzat.

Ekainberri Sastarrain aranean dago, Zestoan (Gipuzkoa), nahiz eta benetako Ekain Debako (Gipuzkoa) lurretan dagoen. Sarrerak erosteko bulegoa Zestoan egongo da, erreplikatik 500 bat metrora. Txema Alberdi arkitektoak eta proiektu zientifikoaren arduradun Koro Mariazkurrenak eta Jesus Altunak bisitariek ingurunea gozatzea gomendatzen dute. Bisita bakoitzeko 16 eta 20 pertsona bitartean sartuko dira, ibilbidea lasai egin ahal izateko.

Hiru helburu dauzka egitasmoak, Jesus Altuna Aranzadi elkarteko kideak gaur esan duenez: "Ekain etorkizunean ere babestea, ingurunea babestea eta kobaren altxorra herritarrei zabaltzea".

ZK Frantziako enpresak kontu handiz egin du bere lana, eta atzerapenaren arrazoi nagusietako bat bihurtu da. Ekaingo zaldi, bisonte eta hartzen margoen oso antzekoak dira. Kobako giroa kopiatzen saiatu dira: tenperatura berdina jarri dute, eta margorik esanguratsuenak argiztatuta daude. Ekainberrin ikusgai egongo da inguruko historiaurrearen ikuspegi orokor bat eman nahi duen erakusketa bat ere.

1969an Ekain aurkitu zuten Azpeitiko (Gipuzkoa) Antxieta Kultur Taldeko Andoni Albizuri Katxo-k eta Rafael Rezabalek. 1996an hasi zen Ekainberri sortzeko prozesua Zestoako Udalaren ekimenenez. 2004an Ekain fundazioaren sorkuntzak bultzada handia eragin zuen; Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zestoako Udalak sortu zuten eta diru sarrera garrantzitsuak ekarri zituen. 2006ko ekainean Ekainberrira iristeko bidea txukuntzeko lanetan hasi ziren; irailean proiektua bukatzeko diru laguntza ematea onartu zuen Eusko Jaurlaritzak; azkenean erabilitako dirua 8,5 milioira iritsi da. Iaztik inauguratzeko data ugari jarri dituzte, eta azkenik urtarrilean jakinarazi zuten irailaren erdialdean irekiko zela.

Unescoren izendapena

Uztailean Altxerri, SantimamiƱe eta kantauri kostako beste kobazuloekin batera Gizateriaren ondare izendatu zituen Unescok. Hori dela eta, kazetarientzako bisitaldi bat antolatu zuten Uztailaren 14ean. Maria Jesus Aranburu Foru Aldundiko Kultura diputatuak izendapena Ekainberrirentzat onuragarria izango zela esan zuen; hasiera batean 80.000 bisitari espero zituzten urtero, baina "akaso orain gehiago izango dira" nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.