2008 urteko Euskal Herritar Unibertsala izendapena Juan Mari Arzak sukaldari donostiarrak jaso du gaur, Gasteizen, eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eskutik.
Hamazazpi hautagairen artean aukeratu dute hura, uztailean jakinarazi zutenez. Iñaki Agirre Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako idazkari nagusiak azaldu zuen "inori itzalik egin gabe Euskadiri distira eman" diola sukaldariak. "Munduko herritarrei Euskadiren zaporea dastatzeko eta gozatzeko aukera eman die".
Epaimahaiak kontuan izan du "Euskadiko tradizio garrantzitsuenetakoa den sukaldaritza garai berrietara egokitzen" jakin duela Arzakek. Hark egindako lanari esker euskal sukaldaritza munduko berritzaileenen artean dagoela ere nabarmendu du epaimahaiak.
1997an hasi ziren Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko Kutxa Euskal Herritar Unibertsalaren saria ematen. Harrezkero, hamabost pertsona eta erakunde saritu dituzte. Sariaren helburua, "Euskadiren irudi ona kanpora azaltzeari dagokionez nabarmendu diren Euskal Herriko norbanako, elkarte, talde edo erakundeak saritzea da", antolatzaileen esanetan.
Sariagatik "hunkituta" dagoela esan du Arzakek. Dena dela, ez omen du ulertzen nola eman dioten berari, saria euskal sukaldaritza osoak merezi baitu haren ustez.
Juan Mari Arzak 1942ko uztailaren 31n jaio zen Donostian, eta bertan du jatetxea, 1897an aitona-amonek Mirakruz gainean altxa zuten eraikinean. Juan Mari Arzak bera 1966an hasi zen bertan lanean, eta laster hasi zen euskal sukaldaritza garatzeko lanean. 34 urte zituela jaso zuen lehen saria eta, harrezkero, ezin konta ahala irabazi ditu: Espainiako sukaldaririk onena, munduko hamar jatetxerik onenen artean sartu izan dute, eta 1989az geroztik Michelin Gidako hirugarren izarra du bere jatetxeak.
Kultura
Gaur jaso du Juan Mari Arzak sukaldariak 2008ko Euskal Herritar Unibertsala saria
Hari esker euskal sukaldaritza munduko berritzaileenen artean dagoela azpimarratu du epaimahaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu