Gaurkoa geroratzeko plaza

Euskarazko kulturgintzaren transmisioan arreta jarrita itzuliko da Sormene Galdakaora, maiatzaren 12tik 15era. Liburu aurkezpenak, ikasleen tailerrak eta askotariko ikuskizunak izango dira

Sormeneren udaberriko programazioaren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten ordezkariak, atzo, Galdakaoko Elexalde BHI institutuan. GALDAKAOKO UDALA.
Olatz Enzunza Mallona.
Galdakao
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
«Denok gaude?», galdetu die Edurne Azkarate Formol Laborategiko kideak ikasleei. Baina bueltan ez du erantzunik jaso. Sekulako zalaparta dago Galdakaoko (Bizkaia) Elexalde BHI institutuko areto nagusian, eta bertara joan diren nerabeak aztoratuta daude, klasea izan beharrean tailerra izango dutela ohartu berri baitira. «Zerbait esan dizuete? Zer egingo dugun edo?», saiatu da berriro Azkarate. Eta oraingoan bai, lortu du ikasleen arreta bereganatzea. Intza Alkain Formoleko kidea ere berehala igo da oholtza gainera, eta, aurkezpenak egin ondoren, playlist bat osatzea izan da egin beharreko lehenengo jarduera. «Proposatu gustatzen zaizkizuen abestiak, zuen belaunaldia definitzen dutenak», eskatu die Alkainek. Talde txikitan jarrita, zeta belaunaldia izan dute mintzagai tailerrean, eta, ordu eta erdiz, beren belaunaldiaren inguruan hausnartzeko aukera izan dute nerabeek. Ikasleentzako tailerrak dira, hain zuzen ere, Sormene Galdakaoko Sorkuntza Plazak joan den azaroan martxan jarritako proposamenetako bat. Transmisioa sustatzea dute ardatz, eta, hori bultzatzen jarraitzeko, udaberriko ekitaldien berri eman zuten atzo.

Formol Laborategiko kideek joan den azaroan ezagutu zituzten Galdakaoko Elexalde BHI institutuko lehenengo Batxilergoko ikasleak. Album beren lehenengo antzezlana aurkeztu berritan izan zen. Millennial izendatutako beren belaunaldia hartu zuten Formoleko kideek antzezlanerako gai gisa, eta, ikasleekin egindako tailerren bitartez, zeta belaunaldiaren berri izatea da orain asmoa. «Album sortzean, ikusten genuen bazegoela guri buruzko kanpo irakurketa bat, eta aukera bat sortu nahi genuen horren aurrean guk hitz egiteko geure buruari buruz; orain, prozesu bera errepikatu dugu, eta, tailerren bitartez, gazte horien interesak ezagutu nahi ditugu», azaldu du Azkaratek.

Egindako tailerren emaitza maiatzean aurkeztu beharko dute, eta, Alkainen hitzetan, pozik daude egindako bidearekin: «Tailer formatuan egin dugu prozesu osoa, eta lortutako materiala azken emaitzari forma emateko baliatuko dugu». Ikasleak ere «gustura» ari dira tailerretan parte hartzen, eta Ugaitz Fernandez lehenengo mailako ikasleak kontatu du prozesu aberasgarria izaten ari dela: «Prestakuntza lan bat egin behar izan dugu aurretik, eta, gaiaren inguruan hausnartu ondoren, hainbat konturen inguruan eztabaidatu dugu gaurko saioan».

Ikastetxeetan egindako lanketan jarri du Sormenek arreta nagusia oraingo honetan. Hala ere, Gotzon Barandiaran idazle, kultur eragile eta Sormene jaialdiko zuzendari artistikoaren hitzetan, kulturaren ekosistema osoa hartu nahi dute kontuan: «Euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea ez da hezkuntza arautuaren ardura soilik: ekosistema osatzen dugun eragile eta herritar guztiona da ardura». Bide horretan, Rakel Iruarrizaga Elexalde BHI institutuko irakasleak «eragileen arteko harremana eta elkarlana» nabarmendu du.

Beste behin, transmisioa izango da ardatz nagusia, eta, aurrerantzean ere, hori sustatzen segitzea izango dute helburu. «Transmisioarena da egun kezka larriena eragiten diguna: hezkuntza arautuan, hezkuntza ez arautuan eta etxeko giroan izan da etena euskarazko kulturgintzaren transmisioan», adierazi du Barandiraranek. Eta, haren iritziz, hiru kanal horiei beste bat gehitu zaie azken urteotan: «Ingurune digitalean ere izan da etena, eta kosta egiten zaigu transmisio lana egitea».

Udaberrirako eskaintza

Ikasleentzako tailerrak programaren hegaletako bat badira ere, emanaldi programa irekia egingo dute maiatzaren 12tik 15era, Galdakao Kurtzeko plazan. Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak azaldu duenez, kulturazaletasuna bultzatzea izango da ekitaldi horien asmo nagusia: «Espero dugu ereindako hazi honek etorkizunean ere ondorioak izatea».

Oraindik ere programazioa lantzen ari direla kontatu du Espillak, baina bertan izango diren ekitaldi batzuen berri eman du. Besteak beste, Metrokoadroka konpainiak Bidaide antzezlana eskainiko du maiatzaren 12an; eta Ines Osinagak, Lorea Argaratek eta Olatz Salvadorrek Mauriziak ez dau inor hil ikuskizuna emango dute, maiatzaren 13an. Horiez gainera, kultur sorkuntzen azoka ere egingo dute.

Bestalde, Durangoko Azokako Ahotsenea sortzaileen gunearekin elkarlanean, euskarazko liburu eta diskoen aurkezpenak egingo dituzte maiatzaren 13an eta 14an. Alde horretatik, euskara hutsezko lanak aurkeztera animatzeko deia egin die Espillak sortzaileei. Gerora, hainbat irizpideren arabera egingo dute hautaketa, eta, besteak beste, lehen obrak ekartzeari erreparatuko diote, egile berriei lekua emateko asmoz. Dagoeneko zabalik dago izena emateko aukera, Ahotsenearen webgunean.

Espillak aurreratu du maiatzeko data horietatik kanpo ekitaldi gehiago egiteko asmoa dutela, baina pixkanaka emango dute horien berri: «Sormene gure egiteko modu bilakatu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.