Josetxo Azkona. Idazlea

«Gauza aspergarrien kontra egon behar dugu»

Erretorikarik gabea eta musikala. Halakoa behar du poemak, Josetxo Azkonaren ustez, eta haikuen bidez egin du saioa 'Ez naiz Fujin izan' liburuan.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Berak aitortua da: hitzekin obsesionatu egiten da batzuetan Josetxo Azkona (Iruñea, 1953). Neurria da haren erronka; sotiltasuna eta musikalitatea. 1996an kaleratu zuen lehen poesia liburua, Artius, eta orain hilabete batzuk azkena, laugarrena. Haiku liburua da: Ez naiz Fujin izan (Pamiela). Minimora eraman du adierazpen poetikoa. Obsesioz aritu da, kasik, hitz zehatzen bila. Badira lan horren frogak. 2009an kaleratutako Arbola naiz, eta zuhaitza liburuan hamar hitzez osatutako poema hau irakur daiteke: «Gereziondo loratuaz / zerbait erran asmo nuen. / Hari begira isilik gelditu». Azken liburukoa da, ordea, beste hau: «Gaztainondoaz / zer edo zer esanasmo nuen. / Hari so isilik geratu».

Estilo sotilaren defentsa igartzen da zure poesian, eta jarrera horren baitan ulertzen da zure haiku liburua.

Bai, sotiltasuna maite dut. Poesiak badu erretorika karga bat, ezinbestean. Baina niretzat poesiaren muina da erretorika hori guztia kentzea eta mamira jotzea. Ez zait gustatzen erretorikaz kargatutako poesia. Ni ez naiz batere barrokoa. Minimo hori da interesatzen zaidana. Eta haikuen kasua da hori. Materiala kenduz joatea, elementu formal batzuk errespetatuz. Adibiderik behinena da: hitz bat ere ez faltan, bat ere ez sobera.

Poesia erretorikaz husteko ariketa hori, zure kasuan, eskuz esku doa, ordea, musikaltasun bat lortzeko asmoarekin. Nola lotzen dituzu biak?

Hori da erronka eta xedea. Musika alorrera ere eraman daiteke, erretorikaz esan dudana.

Solorik gabeko poesia, beraz?

Esan dezagun horrela, bai. Ozen irakurtzerakoan ikusten da hori. Irratian asko ikasi dut nik hitzak neurtzen. Zineman ere berdintsu gertatzen da. Zertarako daude kontakizunari ezer ere ematen ez dioten irudi horiek guztiak? Oreka zail bat bada hor. Irakurtzean, hitzak ikustean, horrek sortzen du barne musika bat irakurlearengan? Nik pentsatzen dut baietz. Musika presente dago, partitura batean gertatzen den bezala, baina gero partitura hori interpretatu egin behar da, eta berdintsu gertatzen da poemarekin ere. Hori da jendaurreko poesia emanaldietan ikasi dudana.

Liburu honetako poemekin baduzu asmorik errezitaldiak egiteko?

Oraingoz ez. Egin izan ditut batzuk, eta oso gustura. Emanaldi horietan beti saiatu naiz musika eta hitza integratzen. Ez zait gustatzen poemak musikarekin batera irakurtzea besterik gabe. Polita gelditzen da batzuetan, baina ildorik gogorrena gustatzen zait niri. Irakurketa soilarena.

Orixe, Lizardi, Lauaxeta... poeta musikalak ziren denak. Azken belaunaldietan, baina, bazter xamarrean dirudi joera horrek. Erantzun gisa edo, poesiaren beste aspektu batzuen mesedetan. Zer inpresio duzu zuk?

Gaur egungo poetak irakurrita, bai euskal poetak, eta baita kanpokoak ere, galdera bera egiten diot neure buruari: hau ozen irakurrita nola geratuko litzateke? Ezinezkoa. Edo oso zaila bai behintzat. Pauta batzuk behar dira horretarako, arnasarena, adibidez. Hamar lerroko esaldi batean galdu egiten zara, eta, are gehiago, maiz, gaia markatuta ez dagoelako. Irakurketetan, bestalde, azken aldian, izan da hemen moda bat azukrezko ahotsak jartzeko. Mesedez, kendu dezagun hori gainetik. Utikan azukrezko ahotsak.

Begiradaren aldeko aldarria. Hala definitu duzu zuk zeuk behin baino gehiagotan zure poesia.

Dudarik gabe. Irudia da nagusi. Begirada da klabea. Sormen lanetan, begiradan dago dena, edo behintzat puska handi bat. Begiratzen ez badugu galdu egiten gara. Hura gabe errealitatea urrun geldituko litzaiguke. Errealitatearen parte gara, eta beharrezko dugu begirada. Zen pentsaerarekin du zer ikusia ideia horrek. Ez dago tarterik begiralearen eta begiratuaren artean.

Haikugintzan badago existentzia oro maila berean hartzeko joera bat. Eta zure poesian ere igartzen da hori. Edertzat eta zakartzat jotzen denaren arteko bereizketari izkin egiten saiatzen zara zu ere, maiz.

Haikugileek hori oso ongi egiten zuten. Poesia zikina badago, noski, baina oso gauza modernoa da hori. Mendebaldean izan ziren idazle pikaroak, baina poeten artean ez da hain ohikoa. Bai Japonen. Haikugile klasikoek ere izango zuten edertasunari buruzko ideiarik, baina paperera eramateko moduagatik esan daiteke haien pertzepzioaren arabera dena dela poesiara eramateko modukoa. Puzkerrak, pixa eta gisakoak, hamaika daude haien poemetan, eta niri ideia hori oso erakargarria egiten zait. Grazia egiten didate haiku horiek.

Zer eginkizun du umoreak poesian?

Jende gehienak gauza aspergarritzat dauka poesia. Hori da egia, baina, halere, beharrezkotzat jotzen da, kar-kar. Niretzat ez da aspergarria. Badira poema aspergarriak, noski, jasanezinak, baina baita umoretsuak ere. Gauza aspergarrien kontra egon behar dugu. Hitzaldi aspergarrien kontra, neure burua aspergarri bihurtzearen kontra... Baina, era berean, aspertzen ere jakin behar dela iruditzen zait. Arte bat da. Asperdura ez mingarri egitea da kontua. Badut haiku bat ideia hori lantzen duena. «Hodeiei so / eman nuen goiza. / Hori baino ez nuen egin». Lotuta dago asperdura hori kontenplazioarekin. Budismoaz ari garela, haren garrantzia egundokoa da. Munduaren parte zara kontenplazioan, eta parte horretan dago mundua. Harreman dialektiko hori oso interesgarria da. Kontenplazioarekin eta argitasun une batekin dago lotuta haikua. Irudia hala agertzen da.

Denek izan dezakegu argitasun hori. Poetek, medikuek, ingeniariek...

Nik hala ikusten dut. Poeta izatea ez da sentiberatasunaren araberakoa. Antzekoak gara horretan guztiok. Poetak sentiberatasun hori hitzen bidez lantzen duela, hori da aldea. Obsesiboki. Funtsean ez dago besterik. Onartezina da poeta batek sentiberatasun handiagoa duela esatea. Kalte egiten dio horrek poesiari. Badira zenbait salbuespen: Rilke, adibidez. Haikugileen ideien aurka doa, gainera, poetaren bakantasun horren ideia. Maiz moldatzen zituzten besteren poemak.

Oso haikugilearena da zure diskurtsoa. Zer egingo duzu aurrerantzean? Badago atzera bueltarik?

Zalantzak ditut. Haikua txertatua dut nigan, hasieratik. Badut ideia bat buruan, haikuetatik etorri ez dena, baina jadanik ikusten dizkiot haikuaren ezaugarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.